Dieten etsaia glutena denekoa

Sara Muerza / 2016-09-09 / 803 hitz

Glutenik gabeko elikagaien kontsumoak gora egin du azken denboraldian, baita alergiarik ez diotenen artean ere. Hainbat adituren arabera, aldiz, glutena duten produktuak baino kaltegarriagoak dira, azukre eta gantz kantitate handiagoak dituztelako.

Glutenik gabeko dietak, bereziki, zeliako edo intolerante direnentzat edota glutenarekiko sentikortasuna dutenentzat dira: glutenak sortzen dituen sintomak hobetu eta desagerrarazteko. Hala ere, gero eta gehiago dira glutenarekin arazorik ez duten baina glutenik gabeko elikagaiak kontsumitzen dituztenak. Merkatu ikerketak egiten dituen Mintel enpresaren arabera, kontsumitzaileen %82k glutenik gabeko elikagaiak kontsumitzen ditu, nahiz eta zeliako edo intolerante gisa diagnostikatuak ez izan. Horietatik %44k glutenik gabeko dieta egiten dute glutenarekiko intolerantzia edo sentikortasunarekin zerikusia ez duten arrazoiengatik.

Argaltzeko egiten dituzte askok glutenik gabeko dietak; zehazki, %25ek. Hala ere, ez dago frogatuta mota horretako dietek argaltzen dutenik; are gehiago, ez da baieztatu glutena duten dietak baino osasungarriagoak direnik. «Ez da egiaztatu glutena kentzeak onurak ekartzen dituenik, ez bada glutenarekiko intolerantea zarela», azaldu du Alazne Agirrezabalaga Beristain dietista eta nutrizionistak. Dietan hartzen diren elikagai motetan dago argaltzearen koska, ez glutenean. «Gailetak, opilak… Horiek kentzen diren momentutik hobetuko da osasuna, ez glutenagatik, baizik eta opil horiek duten azukre eta gantz kantitatearengatik», gehitu du dietistak.

Ideia berekoa da Samantha Heller, New Yorkeko Langone zentro medikoko nutrizionista. «Pertsonak argaltzen badira glutenik gabeko dietarekin, izango da kaloria, opildegi edo almidoietan aberatsa diren elikagai gutxiago jaten dituztelako. Gaileta bat jan ordez, sagarra hartzen dute; edo pastaren ordez, zuntza duten bihi-osoko aleak, adibidez».

Journal of Medicinal Food aldizkarian nutrizio eta gaixotasun zeliakoaren inguruan argitaratutako ikerketa baten arabera, glutenik gabeko dietek obesitatea izateko arriskua handitzen dute. Glutenik gabeko produktuetan aurki daitezkeen azukre eta gantz kantitateak dira errudunak, ikerlarien aburuz. Izan ere, garia eta garagarra ordezkatzen dituzten osagaiek, askotan, azukre eta trans motako gantz kantitate handiagoak dituzte. Aldaketa, beraz, ez da beti onerako. «Dieta egiten ari den norbaitek glutenik gabeko opilak hartzen baditu ez da ezer aldatzen», dio Agirrezabalagak.

Garian, zekalean, garagarrean, tritikalean, kamutean, espeltan eta oloan dago glutena, eta glutenik gabeko dieta egin nahi duen orok kontuan hartu beharko ditu zereal horiek. Izan ere, glutena ez da beharrezkoa, baina karbohidratoak bai, eta glutena duten zerealak baztertzen badira, beste iturri batzuetatik lortu beharko dira. «Ez da inolako arazorik egongo glutena dietatik kentzen bada, baina beste elikagai batzuekin ordezkatu beharko dira karbohidratoak: arroza, kinoa, artoa, lekaleak…», dio Estrella Petrina Jauregi Nafarroako Ospitale Guneko medikuak.

Iritzi berekoa da Agirrezabalaga: «Beste zereal batzuekin ordezkatzen baditugu, ez du zertan gabeziarik egon dietan». Oreka dietetikoa lortzea zailagoa dela uste du Edurne Simon Magro doktoreak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Giza Nutrizioko eta Dietetikako Fakultateko irakasleak. EHUko Glutena Aztertzeko Laborategia ikerketa taldeko kidea da, eta argitalpen ugari kaleratu ditu beste kide batzuekin batera. «Glutenik gabeko dieta egin behar dutenen oztopoetako bat da karbohidratoen kontsumoa lortzea. Zerealak baztertzen dituzunean karbohidrato gutxiago hartzen dituzu, eta dieta orekatu bat lortzeko beharrezkoak dira. Zerealak kontsumitzen ez badituzu, zailagoa da karbohidratoak hartzea».

Industriaren estrategia

Glutenik gabeko produktuak hartzeak beste ondorio bat dauka nutrizioaren ikuspegitik. Produktu horietan glutenak duen berezitasuna galtzen da: glutenari esker elikagaiek testura lortzen dute. «Glutenik gabeko elikagaietan, enpresek formulazio berriak egiten dituzte glutenaren ezaugarriak imitatzeko. Ondorioz, proteinak kentzen dituzte, eta gatz, zuntz eta beste osagai batzuk botatzen dituzte glutenaren testura berbera lortzeko. Nutrizioaren ikuspuntutik, txarragoak dira elikagaiak», nabarmendu du Simon Magro doktoreak.

Elikaduraren industriak glutenik gabeko elikagaiak kontsumitzearen moda baliatu du negozioa egiteko, eta merkatuaren hazkunde joerak gora egiten jarraitzen du. «Elikagaien industriak beharrizan bat bete nahi zuen, baina, aldi berean, atarramentua atera nahi zuen moda honekin», baieztatu du EHUko irakasleak. Glutenik gabeko elikagaiak jateko nahia zabaltzen den heinean, industriak produktu eta alternatiba gehiago eskaintzen ditu.

Euromonitor merkatu aholkulariaren aurreikuspenen arabera, 2020. urtera arte merkatua zabalduz joango da. Egun, 2.900 milioi euroren salmentak egin dira; 2020. urtean, 4.000 milioi eurora igo daitezke. Agirrezabalagak uste du glutena kontsumitzearen fobiaz baliatu direla enpresak: «Negozioa ikusi dute, eta beste zereal batzuk sartu eta zabaldu dituzte merkatuan. Gaixotasunen munduan, elikagai baten kontra joatea izaten da betiko moda; oraingoan glutenari tokatu zaio, eta horren atzean beti dago negozioa».

Elikagai edota osagai bati errua egotziz, jendeak dietan aldaketak errazago egiten dituela azaldu du nutrizionistak: «Guretzat errazagoa baita esneari, arrautzari edota glutenari errua botatzea; horrela saihestuko ditugu osagai horiek».

Sare sozialen erantzukizuna

Hiru adituak bat datoz honako honekin: sare sozialek lagundu dute glutenik gabeko elikagaiak kontsumitzearen moda zabaltzen. «Inolako oinarririk gabe ematen dira gomendioak, eta inolako oinarri zientiforik ez duten dietak zabaldu dira sare sozialen bidez», nabarmendu du Estrella Petrina medikuak. Dietetan aditua den espezialista batekin harremanetan jartzea gomendatzen du. «Digestio sintomen aurrean, nutrizionista batek zuzendutako baztertze dieten bitartez gertatzen zaiguna jakingo dugu: glutenarekiko sentikortasuna, gaixotasunen bat edo azukrearekiko intolerantzia».

Petrinak egindako gomendioaren aldekoa da Agirrezabalaga, eta salatu du osasun arloko beste profesionalek arinkeriaz gomendatzen dituztela glutenik gabeko dietak. «Oraindik ez dut ezagutu nutrizionistarik zuzenean eta arrazoirik gabe glutena kentzen duenik». Hala, zurrumurruak alde batera utzi, eta nork bere beharretara egokitutako dieta egitea baino hoberik ez dago. Glutena kasu guzietan ez da uxatu beharreko mamua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.