Euskal zinemaren familia handia

Gaztezulo / 2016-08-30 / 272 hitz

Zinemaldiak Euskal Herrian ekoitzitako hamazazpi film hartuko ditu bere barne Zinemira sailean; horietatik zortzi Euskal zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira, eta beste hiru Zabaltegin izango dira. Protagonistak ezagutu nahi?

Euskal Herriko zinemagintzaren munduko aurpegi ezagunenetako batzuk bildu ditu Donostia Zinemaldiak, eta hala, aurten inoiz baino film gehiago izango dira ikusgai Zinemira sailean; guztira hamazazpi film eskainiko dituzte, eta horietatik zortzi Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira. Bestalde, Ramon Barea aktorea omenduko dute Zinemira sariarekin.

Lehiaketako filmen artean zazpi dokumental daude, eta fikziozko film luze bakarra aurkeztuko dute: Patxo Telleriaren Igelak. Lehiaketaz kanpo aldiz, beste zortzi euskal ekoizpen aurkeztuko dituzte, eta Kimuak 2016 programako film laburren aukeraketa ere bilduko du sailak. Donostiako 64. Zinemaldiko beste sailetan ere ikusi ahal izango dira euskal ekoizpenak, hamalau guztira; horien artean dago Kalebegiak proiektua.

Gaztezuloko lankideok muturra sartu dugu euskal zinemagintzaren festan, eta protagonistetako batzuekin hitz egiteko aukera izan dugu. Bertan aurkitu ditugu Las chicas de Pasaik taldeko Maria Elorza eta Maider Fernandez zinemagile gazteak; etorkizun handiko bikote honen bi lan ikusiko ditugu lehen aldiz Zinemaldian: Gure hormek film laburra, Zabaltegi lehiaketarako sailkatua, eta Kalebegiak proiektuko film laburretako bat, La chica de la Luz.

Loreak filmaren arrakastaren oihartzuna galdu gabe, lanean jarraitu dute Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariek. Renovable film laburra aurkeztuko dute Kimuak sailean.

Bere lehen film luzea aurkeztuko du Koldo Almandozek Zinemaldian; Sipo Phantasma itsasontzi, banpiro eta mamuen inguruko saiakera metafisikoa zabaltegin lehiatuko da, eta lanaz hausnarketa interegarria egin digu zuzendariak. Kalebegietako beste parte hartzaileetako bat da Almandoz.

Musikak ere badu protagonismoa Zinemaldian; Nola? New Orleansen grabatutako dokumentala aurkeztuko du Fermin Muguruza musikariak. Euskal zinemaren osasunaz, hastapenetaz eta euskaraz duen iritzia partekatu du gurekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude