Paulina Fernandez, txurrogilea: «Txurreriako ‘familia’ osoarena da saria»

Iñaki Berastegi / 2016-09-08 / 484 hitz

Ekaineko azken bi asteburuen eta sanferminen ostean, urriko igandeetan irekita egongo da, berriz ere, Iruñeko Alde Zaharrean dagoen Mañueta txurro denda. Han egongo da, bezeroei ongietorria emateko prest, Paulina Fernandez (Iruñea, 1922). Urrian ireki aurretik, ordea, Iruñeko Udalaren lehendabiziko ohorezko zapia jasoko du Fernandezek, 144 urte dituen txurro dendak utzi duen ondare kultural-gastronomikoagatik eta betiko merkataritza sustatzeagatik.

Pozik egongo zara udalak egin dizun aitorpenarekin.

Pozik nago, eta espero dut gauzak ondo ateratzea saria jasotzeko ekitaldian. Zertxobait asaldatuta ere banago; kalera ateratzen naiz eguzkitako betaurrekoak jantzita, eta, hala ere, jendeak ezagutu egiten nau.

Saria zuk jasoko duzun arren, argi eta garbi utzi nahi duzu txurro dedan aritzen diren guztiena dela.

Noski. Familia guztiarentzat da saria, baita familiakoak ez diren baina txurrerian urte askoan lan egin dutenentzat ere. Txurreriako familia osoak jasoko du saria. Bezeroak ere ez ditut ahaztu nahi, ezinbestekoak direlako guretzat.

Beste mota batzuetako aitorpenak ere jasotzen dituzue.

Erraldoien konpartsak urtero dantzatzen du txurreriaren aurrean, eta Pamplonesak sanferminetako azken egunean ere diana jotzen du txurreria aurrean, eta zuzendariarekin dantza egitera ateratzen naiz. Horretaz gainera, Iruñeko hainbat peñak ere oparitu izan dizkigute euren zapiak.

Nolako bezeroak dituzue Mañueta txurro dendan?

Gehienak, ezagunak. Dena den, hiru urte hauetan sumatu dugu bezero multzo berri bat ere badugula. Iruindarra da nagusiki Mañuetako bezeroa, nahiz eta Donostiatik eta Gasteiztik ere etortzen diren tarteka bezero multzo batzuk. Euskal Herritik kanpoko jendea ere hartu izan dugu noizbait.

Sanferminetako bezeroak eta urriko igandeetakoak berberak izaten dira?

Urriko igandeetan, normalean, sanferminetan etorri ez direnak etortzen dira. Hala ere, badaude bi sasoietan etortzen direnak. Bezero multzo egonkor bat dugu, eta hori ere bada txurreria irekitzeko pisuzko arrazoi bat. Azkenaldian, konturatu gara jendea, txurroak erostera bakarrik ez, denda ikustera ere etortzen dela.

Txurro dendak museotik ere baduelako izan daiteke interes hori.

Hori da. 2017ko abenduaren 13an, 145 urte beteko ditu txurreriak, eta ireki zenetik gauza bakarra aldatu da; izozkailua daukagu orain. Gainontzeko guztia ireki zenean bezalaxe dago. Finean, dendara sartzean mende bat atzera egiten duzu.

Zein da gakoa hainbeste urtean horrelako enpresa bati eusteko?

Belaunaldiz belaunaldi igaro den pasioa da gakoa. Nire seme-alabek txikitatik ezagutu duten zerbait izan da. Gure sanferminak beti txurreria izan dira. Kasurako, gogoratzen dut seme-alabekin barraketara, bakarrik, sanferminak hasi aurreko egunean joaten ginela.

Orain, sanferminetan eta urriko igandeetan irekitzen duzue soilik.

Aldaketa soziologikora moldatu behar izan dugu. Lehen, goizeko mezaren ondoren, txurroak erosi, eta etxera joaten zen jendea gosaltzera. Orain, kafetegietan egiten da hori.

Txurroengatik eta dendarengatik ez ezik, zu bisitatzera ere joaten da bezero asko eta asko.

Batzuetan, telefonoz deitzen dute txurroak enkargatzeko, eta ni dendan noiz egongo naizen galdetzen dute. Mahai batean esertzen naiz, badakidalako txurroak erosi ostean nirekin hitz egitera etorriko direla.

Noiz arte iraun dezake zabalik Mañueta txurro dendak?

Ni, orain, sasoiko ongi nago, eta badakit nire seme-alabek, hein batean, ni nagoelako dutela irekia txurreria. Eta, oraindik, beste urteren bat edo beste irekita eduki beharko dute, nik hor jarraitzeko asmoa daukat eta. Hala ere, badakit esfortzu handia dela irekita edukitzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.