Ramon Barea, aktorea: «Behingoz ausardia egon da zinema euskaraz filmatzeko»

Antzerki gizona da batik bat Ramon Barea (Bilbo, 1949), eta hura egiten zaio aktorearen eremu «naturalena». Zineman, ordea, ibilbide luze eta arrakastatsua egin du. «Jubilatzeko adinean» dago, baina ez du erretirorako asmorik. Gaur emango diote euskal zinemaren Zinemira saria, nahiz eta, lan kontuak direla medio, ezin izango den Donostian egon.

Nola jaso duzu saria?

Poz handiz, baita esanahi bereziz ere: beste hainbat bezala, Segoviako ihesa filmarekin [Imanol Uribe, 1981] hasi nintzen zineman, eta horrekin parte hartu genuen Zinemaldian. Hura izan zen nire lehen zinema jaialdia. Pozten nau etxeko aitorpen bat izatea, horiek izaten baitira zailenak.

Gazte-gaztetan hasi zen zuretzat dena, antzerki talde propioa sortu zenuenean.

Hogei urterekin mundua jaten duzu, eta historian gertatuko denak norberak egingo duenaren menpe dagoela uste izaten duzu. Inoizko pasiorik handienarekin bizi izan nuen garai hura. Orduan existitzen ez zen zirkuitu bat sortzen ari ginen, egitura profesional bat osatzen. Oso momentu garrantzitsua izan zen, bai bizipen pertsonal gisara, baina baita herrialdearen garapen sozial eta kulturalarentzat ere.

Gero egin zenuen jauzi zinemara.

Zineman hasi nintzenean pentsatu nuen hura guztia kasualitatez zela, eta ez zela pelikula gehiagorik izango Segoviako ihesa eta gero. Baina ordutik bizitza osoa daramat zineman, eta beti agente komertzialik gabe, eta hori oso arraroa da. Ziurrenik mila aldiz egingo zidaten iruzur ekoiztetxe eta telebistek, baina inoiz ez naiz damutu.

Beti nabarmendu izan duzu aktore autodidakta zarela.

Onartzen dut autodidakta naizela, baina orain, distantziarekin, nahiago nuke irakasleak eduki izana. Orain pentsatzen dut erabateko basamortuan egon izan naizela. Ez naiz harro agertzen autodidakta izateaz, baina onartzen dut banaizela, eta, curriculumean antzezpeneko goi mailako ikasketarik ez dudanez, nire gaztaroarekin lotura duen curriculumera jotzen dut, eta aipatzen dut meza mutila izan nintzela, edo zakur toreatzailea, edo atabaleroa, hots, espektakuluaren munduarekin zerikusia duten gauzak (barreak). Baina [aktore prestakuntza dutenenganako] inbidiagatik egiten dut hori. Aktore ogibidea artisautza bat da, eta irakasleak behar ditu.

Kasualitatez hasiko zen dena, baina 100 film baino gehiago egin duzu honezkero. Zer sentitzen duzu atzera begiratzean?

Ez dut erabat sinesten. Ehun filmetik gora egin dut, baina ez dut nabaritzen, ez dut zineman hainbeste lan egin izanaren sentsaziorik. Kontua da zorte handia izan dudala, eta arrakasta izan duten proiektuetan egin dudala lan, oso zuzendari onen opera prima-tan, eta jende interesgarri askorekin.

Egindakoetatik, zerk markatu zaitu bereziki?

Zineman lehen filma da beti markatzen zaituena. [Segoviako ihesa] Abentura izugarria izan zen, gainerako kideekin izandako harremana, eta egunez egun deskubritzea errodaje bat zer den. Orduko belaunaldi horrek leku garrantzitsua betetzen du gaur, bai postu teknikoetan, baita aktore mailan ere. Eskola garrantzitsua izan zen. Gero beste film asko maitatu ditut, eta, batez ere, beste jende asko. Denborarekin ikusten eta ukitzen joan naizen guztia naiz gaur. Eta, orain, jubilatzeko adinean nagoenean —nahiz eta jubilatzeko inolako asmorik ez dudan—, konturatzen naiz gauza tekniko askoren garrantziaz. Autodidakta izateak hori du, mantsoago ikasten dituzu gauzak, baina baita sakonago ere.

Zinema bai, baina antzerkia da batez ere zure etxea.

Bai. Aktoretzat dut neure burua, eta antzerkiarekin lotu izan dut beti aktore lana. Antzerkia da aktorearen lurralde naturalena, han esperimenta dezake, eta bestearekin elkarreraginean aritu. Antzerkian eroso nago. Lasaitasuna oso garrantzitsua da aktorearentzat, eta lasaitasuna antzerkian aurkitu daiteke, ez errodaje baten abiaduran, ezta telebistaren erritmo supersonikoan ere.

Ordea, beti da eremu hauskor eta ahulena antzerkiarena.

Nahiz eta bizitza osoan profesional gisara lan egin izan dudan, gezur handia da esatea gaur egun antzerkitik bizi daitekeela. Bokazio handiko gauza da hau, burugogorkeriaz egiten dena, baita sendagarria delako aktoreak garen zoro kuadrilla honentzat ere. Ongi egindako lanaren duintasuna zaindu behar da. Gaur egungo egoera amateurtasunez zipriztindua dago, hitzaren zentzurik onenean. Ni, denborarekin, profesionala baino amateurragoa sentitzen naiz, antzerkian profesionala naizela esatea gezurra esatea delako.

Nola ikusi duzu euskal zinemaren garapena?

Euskal zinemaren zera horrekin hasi ginenean, ez genekien oso ongi zeinek egin behar zuen egin nahi genuen euskal zinema hori. Ez zegoen industriarik. Polemiketako bat izan zen euskal zinema euskaraz egin behar ote zen ala ez, baina, azkenean, bikoizketen eta halako gauzen alde egin zen. Behingoz egon da ausardia, zentzua, eta lerdokeria falta zinema gure hizkuntzan filmatzeko. Eta, gero, jarriko zaizkio azpidatziak. Hizkuntzari balioa eman zaio. Aurrerako jauzia da, erabaki ia politiko bat; ez dakit zergatik ez zen hartu 1980ko hamarkadan. Gainerakoan, euskal zinema baliabide indutrialetatik gaindi jaio eta hazi da. Euskadi hagatxo magiko batek ukitua da, eta buru argitsu asko sortzen dira, gauzak egiteko gogoz. Ez dakit zer den, ez dakit euri asko egiten duelako den edo herri txikia garelako, baina badago zerbait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude