Barkamenak eskatu eta, “harremana indartu dute” Baiona eta Durangoko errugbi taldeek

Iurre Bidegain / 2016-10-04 / 330 hitz

Durangoko neska talde batek AS Bayonne errugbi jokalari batzuengandik pairatu zituzten eraso sexistak argitzeko, Bizkaiako eta Lapurdiko errugbi taldeak elkartu ziren asteburuan. Hitzorduari esker “harremanak indartu” dituztela eta elkarlan bat abiatzeko xedea dutela kontatu du Baionako Herriko Etxeko Cyrille Laiguillon ordezkariak.

Iragan asteburuan AS Bayonne eta Durangoko errugbi taldeek bilkura bat antolatu zuten irailaren 3ko gertakariak argitzeko. Hau da, Durangoko neska talde batek AS Bayonne errugbi taldeko jokalari batzuengandik eraso sexistak pairatu zituztela salatu zuen. Cyrille Laiguillon Baionako Herriko Etxeko kultura eta kirol taldeko ordezkariak eta Bizkaiako herriko auzapezak ere bilkuran parte hartu dute. Bertan zegoen Laiguillonek azaldu duenez, “harremanak indartu” dituzte: “elkarrekin lan egiteko prest gara”.

Guilles Peynoche AS Bayonneko lehendakariak egindako erruak aitortu dituela aipatu du; batez ere denbora asko eman zuelako erantzun bat emateko. Ordezkariak Durangokoei erantzun bat helarazi baino lehen, Peynochek jokalariekin hitz egin nahi zuela nabarmendu du.

Asteburuko bilkura giro “oso onean” iragan zen. Lehenik eta behin, Peynochek “hitz hunkigarriekin” barkamenak eskatu zituen. Ildo horretatik, ez da bakarra izango barkamenak eskatuko dituenak. Hain zuzen, Baionako jokalariek eskutitz bat idatziko diote eraso sexistak pairatu zituzten neska taldeari. “Neskek barkamenak onartu beharko dituzte; bestela ez du ezertarako balio” nabarmendu du Juan Manuel Iriondo DRT taldeko lehendakariak.

Bihar edo etzi bidaliko duten gutuna lehen pausua litzateke. Baina, ez da bakarra izango. “Ez da horretan geldituko, proiektu bat abiatuko dugu gertatu denaren ondotik”, esplikatu du Baionako ordezkariak.

Jarreraren araudia

AS Bayonne klubak jarrera egokia izateko araudia sortu nahi duela aipatu du. “Orokorrean jokalari batek eduki behar duen jarrerari buruzkoa izanen da”, zehaztu du. Materiala edo beste jokalariekin eduki beharreko errespetua aipatzeaz gain, eraso sexisten puntua ere agerian ezarriko da.

Gainera, bi klubek elkar burutu ahal dituzten ekintzak mahai gaineratu zituzten bilkuran. Laiguillonek egin proposamen batzuk aipatu ditu. Hala nola, bi klubeko nesken taldeen arteko partida bat, “eraso sexisten kontrako atorrekin”. “Irabaziak gaia lantzen duten elkarteei bideratzen ahalko lirateke. Ideiak dira”, erantsi du. “Pausu batzuk eginen ditugu, horiek gainditzean aitzinatuko gara. Aitzin pausu bat da, baina normala dena”, azpimarratu du Iriondok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.