Bigarren batasun bidea: Euskalkiak

Garikoitz Goikoetxea / 2016-10-23 / 1066 hitz

Aldatzen ari da mapa. Orain 250 urte egin zuen euskalkien lehen mapa Bonapartek. Koldo Zuazok egin ditu azkenak, eta uste du bateratze bidean sartuta daudela euskalkiak. Zatiketa bat sumatzen ere ari da: Hegoaldea eta Iparraldea. Beste batasun bide bat proposatu du: tokiko estandarrak egitea.

Batasuna. Euskarak azken hamarkadetan egindako urratsik handienetako bat da euskara batua sortu eta martxan jarri izana. Elkar ulertzeko bidea jarri die hiztunei, euskalki bateko edo besteko. Batasun bidea hartua dute euskalkiek eurek ere. Hori dio Koldo Zuazo hizkuntzalariak: «Baturantz ari dira eboluzionatzen. Berdintzen ari da Euskal Herri osoko euskara». Batasun prozesu hori Lapurdin eta Nafarroa Beherean argi azaltzen ari dela adierazi du: batu bat sortzen ari dela bi herrialde horietan. Hain justu ere, prozesu hori martxan jarri beharko litzateke beste euskalkietan ere, Zuazoren ustez: tokiko hizkera batu estandarrak. «Normaltasun seinale litzateke».

250 urte dira euskalkiei buruzko lehenbiziko mapak egin zituztela. Luis Luziano Bonapartek taxutu zituen. Azken urte luzeetan Zuazo euskaltzainak hartu du ardura hori. Izatez, asteotan Saran dabil, Lapurdin: hango hitzei buruzko azterketa bat egiten ari da. Orain ia hogei urte argitaratu zuen lehen mapa Zuazok, 1998an, eta azkena, 2014an. Berriak egin beharko direla ohartarazi du. «Ez dut uste luzerako balioko duenik mapa horrek; gauzak laster ari dira aldatzen. Mapa horretan ikusten da XXI. mende hasieran ohiko euskalkia egiten duen jendeak nola hitz egiten duen. Baina hemendik 40 bat urtera seguru gauzak oso diferente izango direla».

Egia da euskara aurrerapauso nabarmenak ematen ari dela azken hamarkadetan —hori berretsi du joan den astean argitaratutako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako inkesta soziolinguistikoak—, baina oraindik ere desoreka handia dago alboan dituen bi hizkuntzekin. Hiztunekin eta erabilerarekin ez ezik, egoera horrek lotura du hizkuntzaren muinarekin berarekin ere. «Erabateko eragina dauka. Hizkuntza sendo egongo balitz, dena egongo litzateke ondo: bai batua, bai dialektoak, bai gainerako hizkera guztiak».

Erdaren eraginpean

Eragin horren lekuko argiak dira euskalkiak. Inguruko hizkuntzak baino dialektalizatuago dago euskara; hiztuna zein bailaratakoa edo herritakoa den antzemateko adina. «Euskara, 1960 arte, ez da irakatsi, ez da idatzi. Ahoz aho ibili da hizkuntza. Ia inor ez da egon arauak emango zituena. Hizkuntzak bere kasa eboluzionatu du». Euskararen egoera txarraren ondorio dira dialekto horiek, hortaz.

Erdaren eragina ez da amaitu irakaskuntzarekin, literaturarekin eta arauak ematearekin, ordea. Areago, eragina indartzen ari dela uste du Zuazok: gero eta distantzia handiagoa dagoela Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko euskaldunen hizkeran. «Iparraldean, frantsesaren eragina, eta Hegoaldean, gaztelaniarena. Adineko jendeak askozaz berdinago hitz egiten du. Gazteagoek eguneroko hitz mordoa hartzen dugu erdaretatik». Lexikoaren aldetik nabaritzen da joera hori batez ere, baina Zuazok dio fonologian eta sintaxian ere ageri dela.

Euskara batua ere sartu behar da eragiletza eremu horretan. «Ez bakarrik euskara batua. Batua etorri zen ikastolak sortu zirelako lehenago, gau eskolak, literaturak Arestirekin-eta hartu zuelako indar bat… Gauza asko etorri ziren». Euskalkietan ere eragin du horrek: lexiko aldetik, adibidez, euskalki batetik bestera zabaldu dira hitzak. «Ulertu hitza Bizkaiko leku txiki batean erabiltzen zen orain dela 50 urte. Gaur egun euskaldun guztiok erabiltzen dugu edo ulertzen dugu. Adibidez hitza nik ez dut inon entzun euskara mintzatuan: esate baterako, konparazio baterako, konparazione… Baina gazte jendeak, denek, adibidez. Ikastolen edo telebistaren bidez zabaldu da hitz hori».

Gazteen artera aiseago iristen dira aldaketa horiek. Bestelako hizketa molde bat zabaltzen ari da adinaren arabera, hizkuntzalariak azaldu duenez. «Herri euskaldunetan ez da hainbeste nabaritzen, baina herri erdaldunagoetan, bai. Denok konturatzen gara». Ez da oraingo kontua soilik. «Hizkuntza beti ari da aldatzen. Pasatzen dena da gaur egun lasterrago doazela gauzak, hedabideen eta irakaskuntzaren ondorioz».

Tokiko euskara batuak

Eta pixkanaka aldaketa gehiago ari dira azaltzen. Lapurdin eta Nafarroa Beherean sortzen ari den batua da adibide. «Irratiek duten euskara, euskaltegietakoa, ikastolakoa, teatrokoa…». Bi iturritatik edan du: bertako euskalkia, nafar-lapurtera, eta euskara batuaren arrasto bat. «Batez ere, lexikoa». Oraingoz ez da Zuberoara heldu, baina atea zabalik dago. «Kontuan eduki behar dugu Zuberoako gazteak, behin 11 urte ezkero, Kanbora edo Baionara joaten direla; hortaz, haiek ere ezagutzen dute euskara batu hori».

Lapurdin eta Nafarroa Beherean hasitako prozesu horren gisakoa gainerako euskalkietara ere hedatu behar litzateke, hizkuntzalariaren iritziz. Hor jarri du lehenbiziko zeregina datozen urteetarako: «tokiko batuak» sortzea, euskalkia eta euskara batua uztarturik. «Euskalki bakoitzak badauka bere batasuna: Bizkaikoak, Gipuzkoakoak… Nafarroakoaren kasuan, Sakanako euskara edo Bortziriak-Baztangoa, tokiko bi batu sortu beharko lirateke. Eta ari da sortzen: Bortzirietan ikusten da hedabideetan-eta erabiltzen dutela euskara batu egokitu bat, bertakoa». Hain justu ere, Zuazok nabarmendu du horiek egin behar dutela batu horiek sortzeko bidea: kazetariek, irakasleek, bertsolariek, itzultzaileek… «Pentsaezina da Euskaltzaindia hastea tokiko batuak egiten».

Norako lirateke tokiko estandar horiek? Hedabideak, udalak eta hasierako irakaskuntza aipatu ditu Zuazok, eta ohartarazi du tokiko batu horiek erabiltzeak ez duela esan nahi euskalkiak bazter uztea. «Herri barruko gauzetan euskalkia ere erabili beharko genuke: jaien programetan, gaztetxeetan, jubilatuen etxeetan… Euskalkian egin egiten dugu, baina ez dugu irakurtzen». Baina non jarri muga? «Ez da erraza, eta, beharbada, ez da komeni ere». Herriko edo eskualdeko erabileretarako da euskalkia, Zuazoren esanetan. «Publikoaren gertukoa» izan behar du. Berdin batuak ere. «Baina badago indar bat batua gorde nahi duena, Euskaltzaindiak ematen dituen arau guztiekin eta abar. Ondo ikusten dut horrelako batu bat egotea BERRIArako edo liburuak egiteko, baina ez dut uste Lea Artibaiko Hitza eta Tolosaldekoa euskara batu berberean egon beharko liratekeenik». Batua behar dela ez du zalantzan jarri, hala ere: «Euskara erabiltzen dugun denok ikusi dugu batua beharrezkoa dela; jakina, euskaraz egiten ez dutenek edo herritik ateratzen ez direnek ez dute ikusten beharrik, baina hango eta hemengo jendearekin erabili behar dugunok, bai».

Lagunarteko batua

Euskara batuan bertan ere badago zeregin bat, Zuazoren esanetan: hizkera informala sortzea batuaren barruan. Eremu erdaldunetako egoera du gogoan, eta hiztun berriena. «Zer gertatzen da? Eremu euskaldunetan, euskalkia daukagu, eta hori erabiltzen da lagunartean. Eremu erdaldunetan, lortu dute euskara eskolan, baina kanpoan eskolakoak ez du balio. Zer egiten dute? Erdarara jo. Horri buelta emanez gero, erabiliko bagenu euskara lagunarteko jardunean, berez sortuko litzateke batu lagunarteko hori».

Tokiko batuak eta batu informala sortzea, bi zeregin seinalatu ditu, beraz. Eta beste bat ere erantsi du: egoera argitzea. «Pedagogia egin behar dugu: jendeari esan zer den euskara batua». Erabilera desegokia sumatzen du. «Egoera batzuetan euskalkia tokatuko da, eta beste batzuetan, batua». Eta tokiko batu horiek? Euskalkiari lekua ken diezaiokete? Lapurdiko eta Nafarroa Behereko kasuari begiratuta, aitortu du «galtzaile» atera dela euskalkia bateratze prozesu horrekin. «Baina ez batua sortu delako, baizik eta euskararen egoera oso eskasa delako». Hizkuntzaren batasuna indarra ote? «Herri hau kohesionatuago balego, hizkuntza ere hala legoke. Hainbeste hitz egiteko modu eta hain diferenteak egoteak salatzen du ez dagoela herririk. Non dago Euskal Herria? Mapetan, ez. Gure bihotzetan. Baina errealitatean?».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.