Gailurretako ametsa

Ainara Arratibel Gascon / 2016-10-01  / 774 hitz

Joellete aulki egokituaren bidez, urritasun bat duten pertsonak mendira joan ahal izateko zerbitzua martxan jarri du Kemen elkarteak, Iñigo Guirado eta Juanjo Garcia gidariekin.

Hitzik ez dut bizi izan nuena deskribatzeko. Egun zoragarria egin zigun, eta paisaiaz eta naturaz gozatzea ikaragarria izan zen. Zer esanik ez lagunez eta hamaiketakoaz gozatzea. Amets bat izan zen; duela urte batzuk pentsaezina zen». Urtebete baino gehiago pasatu da Fernando Mitxelena Gorbeia mendira igo zela, baina ezin du ahaztu. Kemen Pertsona Ezinduen Kirol Klubeko presidentea da Mitxelena. Elkartasun Mendiak taldearen laguntzaz igo zen. Txikia zela Txindokira igo zen, baina duen urritasunaren ondorioz urteak daramatza aulki gurpildunean. Joellete aulki egokituaren bidez, bere nahia bete ahal izan zuen. Orain, Gurpiltrek ByKemen egitasmoa jarri du martxan elkarteak, urritasun bat duten pertsonek mendiaz gozatzeko aukera izan dezaten. Iñigo Guirado eta Juanjo Garcia izan dituzte proiektuan bidelagun eta sustatzaile.

Garciak eta Guiradok ikaragarri gozatzen dute mendiaz, eta urritasunen bat duten pertsonek ere hala egitea nahi dute. «Proiektuaren xedea inklusioa da. Izan ere, antolatzen ditugun ibilaldiak ez daude soilik urritasun bat duten pertsonei begira eginda, baita harekin egunaz gozatzera datozen senideei eta lagunei begira ere. Helburua guztiok elkarrekin mendiaz gozatzea da».

«Ametsez» hitz egin du Guiradok. Urritasun bat duten pertsonen ametsetatik abiatu baitzen euren proiektua. «Guretzat tontakeria bat izan daiteke Uliara edo Igeldora igotzea. Baina urritasun bat duten askorentzat ametsa izan daiteke, eta ametsak lorpen askoren abiapuntu izan daitezke. Mugitzeko arazoak dituen pertsona batek mendira joatea amesten badu, zergatik ez amets hori errealitate bihurtu? Ametsak haiek jarri dituzte, eta guk horiek egia bihurtzeko tresna jarri dugu».

Frantzian sortutako Joellete aulkia da tresna hori. Aulki gurpildun moduko bat da, baina berezitasun bat du:«Lau gurpil eduki beharrean, bakarra dauka. Handia da, eta aulkiaren erdian dago. Horrek eramaten du pisu handiena». Gainera, aurrean eta atzean bi helduleku luze ditu, gidariek tira egiteko. Kasu honetan, Guiradok eta Garciak egiten dute lan hori. «Aurrekoak tira egiteko erabiltzen dira, eta atzekoak, orekari eusteko». Gainera, erdialdean bi hanka moduko ditu, aulkia lurrean uzteko, eta hirugarren gidari bat egonez gero hark ere tira egiten laguntzeko. Guztira 25 kilo pisatzen du, eta kasu honetan aluminiozkoa da. «Badira beste material batzuetakoak ere».

Bi gidarien artean koordinazio on bat izatea funtsezkoa da. «Indar handiena, normalean, aurrekoak egiten du. Gainera, bidea nondik nora doan adierazten dio atzekoari». Dena den, horrek ez du esan nahi atzekoak ezer egiten ez duenik: «Jaitsieretan frenatu egiten du, eta aulkiaren orekari eusten lagundu. Gainera, erabiltzailearengandik aurreko gidaria baino gertuago dago. Beraz, zuzenean jasotzen ditu haren sentipenak eta eskariak».

Batzuetan, mendian soinu asko egonez gero, gerta daiteke aurreko eta atzeko gidarien komunikazioa zailtzea. Halako kasuetan, asko lagun dezakete urritasuna duen pertsonarekin batera etorritako senide eta lagunek. «Gainera, aulkiak erdialdean bi hanka ditu, eta horiei helduz ere lagun dezakete. Horretarako erakutsi egiten diegu, eta garbi izan behar dute gidariak gu garela».

Gidarien prestakuntza

Horretarako prestatu dira, hain zuzen, Garcia eta Guirado. «Mendia Guztientzat elkarteak prestatu gaitu, eta prestakuntza Leonen [Espainia] egin genuen». Gainera, egunerokoan fisikoki ere prestakuntza bat egiten dute. «Joelette astean behin gutxienez erabiltzen dugu; korrika ere egiten dugu, pisuak altxatu, eta abar. Gu, gainera, ohituta gaude urritasuna duten pertsonekin lan egitera, eta horrek ere asko laguntzen digu».

Oraingoz, urritasuna duten bi pertsonarekin egin dituzte ibilbideak, eta esperientzia ikaragarria izan zela nabarmendu dute. «Guk, ziurrenik, gure kabuz mendira joaten garenean baino gehiago gozatzen dugu. Izan ere, erabiltzailearen eta haren ingurukoen zoriona eta esker ona ere jasotzen ditugu». Abuztuan Aiako Harrian izan ziren, erabiltzaile batekin. «Aiako Harriaren parean bizi da, eta leihotik begiratzen zuenean gurasoei beti esaten zien hara igo nahi zuela». Esperientzia gogoangarria izan zen guztientzat.

Pixkanaka zerbitzua zabalduz joatea espero dute. «Egin behar duten gauza bakarra denborarekin gurekin harremanetan jartzea da». Hala, hitzordua egiten dute, eta erabiltzaileak edo haren senideek nora joan nahi duten azaltzen diete. «Erabiltzaileak zein gaitasun dituen ikusten dugu, baita pisua ere. Izan ere, horrek guztiak zaildu edo erraztu egiten ditu gauzak». Horrekin batera, ibilbidea ere aztertzen dute. «Nondik nora ibili behar dugun ikusi behar dugu». Behin hori eginda, irteera egiteko eguna zehazten da. «Ondo prestatuta edozein mendira joan gaitezke». Igandean, adibidez, Kilometroetan izango dira, Bergaran (Gipuzkoa), urritasun bat duen gazte batekin ibilbide osoa egiten.

Guiradok eta Garciak bezala, Mitxelenak ere espero du gero eta jende gehiago animatzea. Mitxelenak eski egokitua egin du, eta maiz joan izan da mendira. «Baina guztiz desberdina da». Aulkia «oso erosoa eta ziurra» dela nabarmendu du: «Sofa batean bezala zoaz, eta ingurukoekin ikaragarri gozatzen duzu». Esker oneko hitzak baino ez ditu Guiradorentzat eta Garciarentzat. «Oso ausartak dira. Ikaragarri eskertzen diegu guretzat egiten duten lana».

Bide horretatik, Kemenek elkarteko mendi atala indartu nahi du. «Itsuak mendira joan ahal izateko norabide barra erostea aztertzen ari gara, eta Joelette berriak ikusten ari gara. Izan ere, etengabe ari dira aldatzen».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.