Greziako ikastetxeetan txalo artean hartu dituzte ikasle errefuxiatuak

Mikel Garcia Idiakez / 2016-10-17 / 152 hitz

Haur eta gazte errefuxiatuak Greziako ikastetxeetan eskolatu dituzte azkenean. Guraso batzuek jarrera arrazista erakutsi duten arren, leku gehienetan harrera beroa egin diete ikasle, guraso eta irakasleek. Txalo artean hartu dituzte zenbait eskolatan, malkoren bat edo beste tarteko (bideoa, bukaeran).

Hibai Arbide kazetariak kontatu du, Greziatik bertatik: errefuxiatu guneetan eskolatu dituzte batzuk, baina gehienak ikastetxe normaletan. Salonikako ikastetxe batean, adibidez, “ongi etorri!” oihukatuz eta txaloka egin diete harrera ikasle errefuxiatuei. Eta Lavrio herriko beste batean, zuzendariak azaldu du hunkitu egin dela ongietorriarekin eta kanpoan zain zeuden gurasoen txalo zaparradarekin. Kantatuz ere hartu dituzte ikasle berriak irakasle eta ikaskideek, beste ikastetxe batean.

Arbidek dioen moduan, ezin dugu ahaztu “Greziatik atera ahal izatea” dela helburu nagusia, nahiz eta Europako estatuak ez diren betetzen ari errefuxiatuak hartzeko adostu zuten konpromisoa. “Baina ordura arte, emandako urrats hau oso garrantzitsua da: eskolaratze ofiziala”. Kazetariak gogoratu du hezkuntza publikoa doakoa dela Grezian, Lehen Hezkuntzatik unibertsitatera bitartean, “liburuak barne”.

Bideoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.