Ikerketak, okerketak

Edu Lartzanguren / 2016-10-15 / 1076 hitz

Freskagarrien industriak eta edari alkoholdunenak milioika euro gastatzen dituzte urtero euren produktuen aldeko ikerketak bultzatzen. Zenbateko kaltea egiten dio horrek osasun publikoari eta zientziari? Zein ikerketarekin fidatu?

Galdera ez da Pepsi ala Coca-Cola; erantzun zuzena Pepsi eta Coca-Cola delako. Aspaldi salatu dute azukrearen industriak urteak daramatzala ikertzaileak eta laborategiak ordaintzen euren produktu gozoa gaitzekin eta gizentasunarekin lotzen dituzten ikerketei kontra egiteko. Klasiko bat da: tabakoaren industriarekin gauza bera gertatu zen, baita gasolinaren berunarekin ere. Ustelkeria laborategietaraino badago sartuta, nola jakin zein ikerketa den fidatzekoa, eta zein ez?

Azken salaketa Michael Siegel eta Daniel Aaron ikertzaileek egin dute Bostongo (AEB) Unibertsitateko Osasun Publikoko departamentuan. American Journal of Preventive Medicine aldizkarian argitaratutako ikerketan erakutsi dutenez, Coca-Colak eta PepsiCo konpainiek AEBetako 96 osasun erakunderi eman zieten dirua 2011-2015 bitartean. Tartean dira AEBetako Diabetesaren Elkartea, Minbiziaren Elkartea, Gurutze Gorria eta Gaitzak Kontrolatzeko Gobernuko Zentroa. Garai berean, edari azukredunak murrizteko edo elikadura hobetzeko asmoz proposaturiko 29 legeren aurka egin zuten konpainiok.

«Ikerketa honen inspirazio iturria tabakoaren eta alkoholaren industrien ingurukoak dira. Horiek erakutsi zuten industriok diru laguntzak erabili dituztela politika publikoei aurre egiteko eta euren irudia hobetzeko», esan du Siegelek. Tabakoaren kontrolaren arloan aditua da irakaslea. «Antz handia topatu dugu tabakoaren industriaren eta freskagarrienaren estrategien artean».

Manipulatzeko mekanismoa sotila dela erakusten du Save the Children erakundearen kasuak. Edari azukredunei zerga bat ezartzearen alde zegoen taldea, baina 2009an bost milioi euro baino gehiago jaso zituen Coca-Cola eta PepsiCo konpainietatik, eta gaia lehentasuna izateari utzi zion gobernuz kanpoko erakundearentzat. Taldeak esan zuen dirua hartu izanak ez zuela eraginik izan gaian zuten jarreran. «Argudio horrek arazo bat du: konpainien diru emarien eragina inkontzientea dela definizioz», esan du Siegelek. «Save the Childrenek hori argudiatzeak erakusten du ez dutela ezagutzen nola eragiten dion diruak hori jasotzen duen erakundeari, eta nola funtzionatzen duen horrek marketin estrategia gisa».

Dentista detektibea

Beste batzuetan, industriaren esku hartzea ez da izaten batere sotila. Hala probatu zuen irailaren hasieran Cristin Kearns doktoreak. Dentista izan zen Kearns, eta azukreak jendearen hortzetan eginiko kalteak ikusi izanak bultzatu zuen ikerketara. Iaz argitaraturiko artikulu batean erakutsi zuen azukrearen industriak lortu egin zuela 1970eko hamarkadan erakundeen arreta azukretik desbideratzea txantxarraren kontrako borrokan. Azukre gutxiago kontsumitzeak egiten duen mesedea ikertu beharrean, txantxarraren kontrako txerto bat ikertzea bultzatu zuten.

AEBetan eginiko manipulazio ariketek eragin handia izan dute mundu osoan, baita Euskal Herrian ere, Kearnsen aurtengo aurkikuntzak erakutsi duenez. Harvardeko Unibertsitateko sotoetan ikertzen ibili da, 1960ko hamarkadan eragin handia zuten bi nutrizionisten paperak miatzen. Eztabaida handia zegoen orduan, bihotzeko gaitzak elikadurako azukreek edo gantzek eragiten ote zuten. Kearnsek agiriekin frogatu duenez, azukrearen industriak milaka euro ordaindu zizkion Mark Hested Harvardeko nutrizionistari, eta horrek baztertu egin zituen azukrearen erantzukizuna frogatzen zituen ikerketak, erru guztia koipeari leporatzeko. Horrek lagundu zien enpresei azukrea inoiz baino gehiago saltzen hurrengo urteetan, mundu osoko osasun agintariek herritarrei koipe gutxiago jateko aholkatzen zieten bitartean.

Ustelkeria laborategian

Hestedek eta lagunek ez zuten garaian jendaurrean esan dirua jaso zutela, legeak ez zituelako behartzen interes gatazka deklaraziorik egitera. Orain, berriz, ikerketa nork ordaintzen duen aitortzera behartuta daude zientzialariak.

Baina nahikoa al da hori? Galarazi beharko litzaieke enpresa pribatuei ikerketarako dirua ematea? «Ez dugu esaten ez dela diru pribaturik izan behar ikerketan», esan du Siegel doktoreak. «Baina uste dugu laguntza horiek ez dutela justifikaziorik diruz lagunduriko erakundearen misioa ezin bada uztartu enpresaren lan eta praktikarekin». Ikertzailearen arabera, osasun erakundeen eginkizunaren aurkakoa da freskagarrien industriaren dirua onartzea, konpainia horiek aldi berean, lobby lana egiten ari direnean gizentasunaren arazoari aurre egiteko neurriak hartzearen kontra.

«Zientziaren ustelkeria mota bat da gertatzen ari dena», esan du Jon Umerez EHUko Zientziaren Filosofiako irakasleak. Umerezen arabera, halakoak, gertatu, beti gertatzen dira, eta eztabaida ez dago horretan, baizik eta zientziak tresnak ote dituen hori antzemateko eta horri aurre egiteko. Erantzuna ez da guztiz poztekoa: «Zientziak baditu tresnak bere burua arautzeko, baina, bestalde, batzuetan berandu izan daiteke». Prekauzio printzipioaren garrantzia aipatu du. «Talidomidaren adibideak erakusten du gure gizartean prest gaudela gauza batzuk erabiltzeko nahiz eta ondorioak ongi ezagutu ez». 1957. eta 1963. urte artean saldu zuten talidomida botika eta milaka haur malformazioekin jaiotzea eragin zuen mundu osoan. Datu deigarria: AEBetan ez zuten baimendu, eta haren segurtasunaren inguruko ikerketa gehiago eskatu zituzten. Beti geratuko da zalantza: Alemaniako botika konpainia batek sortu zuen talidomida; berdin jokatuko al zuten AEBetako agintariek hango konpainia bat izan balitz, eta diruz ordaindu izan balitu hango ikertzaileak?

Gaur laborategietan lan egiten duen zientzialarien artean publikatu edo hil sindromea dago: dirua lortzeko aurkikuntzak plazaratu behar dira kosta ahala kosta, baina, aurkikuntzak egiteko, dirua behar da. Gurpil zoro horrek badauka eragina ikerketaren kalitatean, Umerezen arabera.

Beste fenomeno bat nabarmendu du irakasleak: gero eta denbora laburragoa dago gauza bat aurkitzen edo asmatzen denetik horretan oinarrituriko produktua salgai jartzen den arte. «Izugarri murriztu da tartea azken hamarkadotan». Izan ere lehia itzela dago laborategien artean. «Baina horrek ere badu alde ona: beste ikerketa taldeek zorroztasun osoz begiratzen dute zure ikerketari akatsa topatzen ote dioten ikusteko».

Azken urteotan gertatutakoa ikusita, galdera bat dator berehala burura: Zein ikerketa alor ibiliko dira oraintxe bertan manipulatzen?

«Gozotzaile artifizialak», erantzun du Kearnsek berehala. Izan ere, beste artikulu bat argitaratu berri du Plos One aldizkarian. Gozotzaile artifizialek (stevia, aspartamoa, sakarina…) kontsumitzaileen pisuan duten eragina aztertu duten ikerketak miatu ditu Kearnsek. Ondorioetan ustekabe gutxi: industriak lagunduriko lau ikerketatik hiru euren produktuaren aldekoak dira. «Diru laguntza nork ematen duen, horrek ikerketaren emaitzan eragiten du, eta, ziurrenera, balorazioen kalitatea eta gardentasuna zapuzten du».

Ia astero argitaratzen dituzte azken boladan garagardoaren onurak frogatuko lituzkeen ikerketak. Halakoak zabaltzen dituzten hedabideek normalean ez dute esaten alkoholaren industriak ordaindutako ikerketak izaten direla. Thomas Babor osasun publikoko irakaslea da Connecticuteko (AEB) Unibertsitatean eta urteak eman ditu alkoholaren industriak ikerketa nola manipulatzen duen ikertzen. «Alkoholaren osasun onura txikiak asko exajeratzen dituzte. Gaitz batzuetan onura badago ere, alkoholak heriotza tasan duen eragina nabarmena da», esan du. «Manipulaziorik larrienak gaur, alkoholaren marketina ikertzen denean ari dira agertzen», gaineratu du.

Interes gatazkak aitortzea ez dela aski esan du ikertzaileak. «Batzuetan ez dira aitortzak aintzat hartzen». Baborrek proposamen bat du arazoa arintzeko: «Gobernuek alkoholaren zergetatik jasotzen duten diruaren zati txiki bat gorde beharko lukete, ikerketa ordaintzeko».

Ikerkuntza diru publikoarekin bultzatzearen aldekoa da Umerez ere, nahiz eta, haren arabera, horrek ez zukeen arazoa erabat konponduko, enpresa pribatuek ere laborategiak dituztelako.

Kasualitatea edo ez, Siegel doktoreak Cola-Cola eta PepsiCoren inguruko ikerketa argitaratu baino lau egun lehenago —joan zen ostegunean, alegia— iragarpen bat egin zuen American Beverage Association elkarteak: osasun adituei eta ikertzaileei ordaintzeari utziko dio. Besteak beste, Coca-Cola dago elkarte horretan. «Erabaki bikaina» dela esan du Siegelek. «Edonola ere, lotsagarria da praktika hori ustez amaitzea konpainiak erabaki duelako, eta ez zientzialariek dirua hartzeari uko egin diotelako».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude