Yoshinori Ohsumi, Medikuntzako Nobel saria: «Urte asko daramatzat galdezka ea zelulek barruan zer duten»

Arantza Iraola / 2016-10-04 / 255 hitz

Oinarrizko zientzia goratu du, Medikuntzako Nobel saria jasoko duela jakin berritan, Yoshinori Ohsumi biologoak. Zelulen autofagia ikertu du.

“Hasi nintzenean, ez nuen uste ikerketa honek balioko zuenik minbiziari eta beste eritasun batzuei aurre egiteko. Oinarrizko zientzia garrantzitsua da”. Ustez erabilera jakinik gabe egiten diren ikerketa lerroen aldeko aldarria eginez mintzatu zen atzo, Medikuntzako Nobel saria jasoko duela jakin ostean, Yoshinori Ohsumi biologoa. Fukuokan (Japonia) 1945. urtean sortua, herrialdeko zientzialari ezagunenetariko bat da, eta saria emango diote zeluletan autofagia izeneko mekanismoa —zelulen osagaien degradazioaren eta birziklatzearekin lotuta dago— zer-nolakoa den argitzeko gakoak emateagatik. Laborategian isil-isilean egindako ikerketa ordu askoren fruitua dela nabarmendu zuen atzo biologoak. «Urte asko daramatzat galdezka ea zelulek barruan zer duten». Hainbat erantzun aurkitu ditu, eta, horregatik, haren azterlanak egokiak dira gaur egun Alzheimerren gaitza, Parkisonen eritasuna edo minbizia tratatzeko ate berriak zabaldu ahal izateko.

Stockholmeko Karolinska Institutuan Medikuntzako Nobel saria nori ematea ebatzi duten adituek nabarmendu dute Japoniako ikertzailearen lanaren garrantzia. «Ohsumiren aurkikuntzek paradigma berri bat ekarri zuten zelulek beren edukia nola birziklatzen duten ikusteko», azaldu dute. «Bide bat ireki zuen autofagiak prozesu fisiologiko askotan duen garrantzia ulertzeko». 1988an hasita, 1990eko hamarraldian argitaratu zituen bere ikerketa esanguratsuenak. Legami zeluletan egin zituen lehen aurkikuntzak; ondoren joan zen berretsiz laborategietan erabiltzen diren arratoietan-eta legamian ikusitako mekanismoak.

Ikertzaile gazteen alde

Saritan, 832.000 euro jasoko ditu biologoak. Horiekin ikertzaile gazteen langintzak lagundu nahi dituela esan zuen atzo. Eta aholku bat ere helarazi nahi izan zien hasi berriei, bide erratuen beldur ez dutela izan behar esanez: «Zientziaren arloko ikerketa guztiek ez dute arrakasta izaten, baina garrantzitsua da erronkak izatea».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.