Bizitzak Youtuben

Nagore Etxeberria / 2016-11-11 / 1309 hitz

Gero eta gehiago dira beren egunerokoa bideoz jaso eta Youtuben erakusten dutenak. Youtuberren artean, badira euskaldunak ere. Nerea Arriola eta haren lagun taldea, Telmo Trenado eta Zuriñe Darceles dira kanalak dituzten hiru euskaldun.

Orain dela 11 urte jaio zen Youtube, bideoak partekatzeko zerbitzu soil baten gisa. Egun, baina, lagun askoren erakusleiho bihurtu da; haien egunerokoa eta bizitza erakusteko tresna, alegia. Eta 11 urte honetan, bideo plataforma izateaz gain, pertsona askoren bizitzaren ardatz bilakatu da Youtube; eta, askorentzat, baita ogibide ere.

Edozein ekintza, gertaera edota pasarte bideoz jasotzeko ohitura hartu du jendeak, eta haietako askok eta askok Youtuben jartzen dituzte erakusgarri. Lagun askok kanal propioa sortu dute, haien sorkuntzak hantxe kargatzeko eta jendearekin partekatzeko. Eta, oharkabean, youtuber bihurtu dira.

Bideo laburrak eta sinpleak izaten dira asko, baina badira ongi pentsatutako, prestatutako eta antolatutako lanak ere. Nahiko zaila bada ere, badira bideoak egin eta Youtuben bideoak jartzetik bizi diren youtuberrak; beste askok, ordea, ongi pasatzeko edo denbora pasatzeko egiten dute soilik. Youtuberren artean badira euskaldunak ere: batzuk euskara hutsezko kanalak dituzte, baina, gaztelaniazko kateak sortu dituzte gehientsuenek, hedadura handiagoa lortzeko helburuarekin. Nerea Arriola eta haren lagun kuadrilla, Zuriñe Hidalgo eta Telmo Trenado dira Youtuberako bideoak sortzen dituzten hiru euskaldun.

Nerea Arriola.

«Gai batzuei buruz hitz egin nahi genuen, umorez eta euskaraz»

Joan den astean estreinatu zuten Nerea Arriolak (Donostia, 1988) eta haren lagun kuadrillak Youtubeko kanala: Super Txope. Han, Idoia Txoperenaren larruazalean sartu, eta haren bizipenak eta iritziak kontatuko dituzte. Joan den asteko asteazken iluntzean jarri zuten kanalean lehen bideoa, eta, geroztik, atzetik ditu Txoperenak euskal komunikabide guztiak. Sei egunetan, ia 8.000 ikustaldi lortu ditu lehen bideoak. Eta bigarrena ere bide beretik doa: herenegun gauean jarri zuten, eta, atzo eguerdirako, ia 1.300 lagunek ikusi zuten.

«Ez genuen uste bideoa horrela zabalduko zenik. Gaina hartu digu honek guztiak, baina oso pozik gaude», aitortu du Nerea Arriolak. «Kritika oso onak jaso ditugu, eta horrek izugarri pozten gaitu. Youtuben ibiltzen den jendearen aldeko iritziak ere jaso ditugu oso lan ona eta edizio ona dela esanez, beraz, txoratzen gaude». Tartean, badute kritika txarren bat edo beste, baina horiek ere umorez hartzen dituzte: «Kritika txarrak izatea ere ona da».

Arriola da Supertxoperena egiten duen aktorea, baina Idoia Txoperenaren atzean lagun taldetxo bat dagoela kontatu du. «Bideo baten atzean dauden lan guztiak egiteko superheroi bat izan behar duzu, gutxienez. Ni, azken batean, Supertxope fikziora eramaten duen laguna naiz, baina Idoia Txoperena lantalde baten emaitza da: batzuek gidoia egiten dute, beste batzuek editatu, grabatu, argiztatu…», dio, irriz.

Hori guztia «esperimentu txiki bat, abentura bat» baino ez da izan taldearentzat. Ideia argi batekin abiatu zuten proiektua: «Oraingoz, Youtuben aipatzen ez diren gai jakin batzuei buruz hitz egin nahi genuen, umorez, euskaraz eta modu naturalean. Youtubeko hizkuntzan eta estiloan komunikatzeko gogoa genuen, eta halaxe sortu genuen youtuber bat: Idoia Txoperena». Idoia Txoperena, beraz, Youtuben dagoen «hutsune bat» betetzeko asmoz sortu dute. Ez bakarrik hutsune bat betetzeko, ordea, baita «ongi pasatzeko eta geure buruari barre egiteko ere».

Eta lehen bideoa egin aurretik, denbora eman dute beste youtuberren lanak ikusten eta bideoak aztertzen. «Taldeko kide bat mundu horretan oso aditua da, eta hark eman dizkigu argibideak: nola hitz egin, zein hizkuntza erabili, eta beste». Hala, kontatzeko gogoa zuten hori youtuberren «komunikatzeko modura egokitu» behar izan dute, baina, gainerakoan, «nahiko natural eta erraz» atera omen zaie; beraz, «ez zaigu gehiegi kostatu». Zerbait kostako zitzaien, 40 minutuko grabaketatik sei minutuko bideoa egin behar izan baitute.

Oraingoz, asteazken iluntzero bideo bat jarriko dute Super Txoperen kanalean, eta, «buruan bueltaka dituzten gaiei buruz hitz egin arte» bideoak egingo dituzte. Lehen bideoan, Draw my life bat egin dute, Txoperenaren bideo aurkezpen bat, alegia. Taldearen iritziz, «hori da buruan genuen bideorik aspergarriena». «Pentsatutakoa ongi irteten bada, ezusteko batzuk egongo dira», aurreratu du Arriolak, modu misteriotsuan.

Zuriñe Darceles.

«Ez litzateke gaizki egongo lanbide honetatik bizitzea»

Aspalditik buruan bueltaka zebilen ideia gorpuztu, eta lehen bideoa jarri zuen Zuriñe Darcelesek (Hondarribia, Gipuzkoa, 1990) iazko udan. Bi kanal ditu: Sleeptak, haurrentzat, eta, YumeToki, helduentzat. Eskulanak, esperimentuak eta animazioak egiten ditu haurrentzat; eta, gurasoen kanalean, haurdunaldiko kontuak eta esperientziak, bitxikeriak, aholkuak, hainbat albisteren inguruko iritziak eta liburu gomendioak egiten ditu. Euskara hutsezko bideoak egiten ditu haurrentzat, baina gaztelaniazko azpidatziekin argitaratzen ditu, «euskaraz ez dakiten gurasoek haurrekin edukiak partekatzeko». Helduentzako kanala, berriz, gaztelaniaz egiten du, «gehiago zabal dadin».

Haur hezitzailea, ilustratzailea eta ipuin kontalaria da berez, baina bideoak egitea asko gustatzen zaionez, lan berri hau probatzera animatu zen. Haur Hezkuntzako ikasketak amaitu eta ikastetxera praktikak egitera joan zenean, Youtuben euskarazko edukien falta zegoela ohartu zen. «Irakasle askok materiala Youtubetik hartzen zutela ohartu nintzen, baina eduki gehienak gaztelaniaz zeudela. Hala, haur eskoletan erabiltzeko euskarazko materiala sortzea bururatu zitzaidan, eta halaxe sortu nuen lehen bideoa».

Hasieran blog bat sortu eta tarteka bideo batzuk jartzea pentsatu bazuen ere, kanal bat sortzea erabaki zuen, «bideoak gero eta indar handiagoa» hartzen hasi zirelako. Eta halaxe hasi zen youtuber lanetan, 2015ean.

Ez du lan finkorik, eta, beraz, «denbora libre asko» duenez, materiala sortzeko baliatzen duela dio. Bideo guztiek ez dute lanketa bera, baina, oro har, zortzi bat orduko lana da bideo bat sortzea. «Bideo bakoitzaren atzean jendeak uste duena baino lan handiagoa da: ideia pentsatu behar da, informazioa bildu behar da, gidoia prestatu, grabatu, editatu… Azkenean, bi minutuko bideo bat egiteko, hiru ordu behar ditut; eta, animazioak egin behar ditudanean, are ordu gehiago».

Astero bideo bat jartzen du: aste batean, haurren kanalerako sortzen du bideoa, eta, hurrengoan, YumeTokirako. Laugarren astean «atseden» hartzen du, «hurrengo asteetarako bideoak prestatzeko». Iazko uztailetik, 50 bideo egin eta jarri ditu bi kanaletan.

Sleeptak kanalak 150 jarraitzaile ditu, eta, YumeTokik, 100 inguru. «Ez dira batzuek dituzten 100.000 jarraitzaileak, baina ez naiz kexatzen. Azken batean, ez dut publizitate handirik egin, eta jarraitzaile kopuru hori izatea oso pozgarria da». Jendeak bere lanak jarraitzen dituenez, bideoak sortzen jarraituko duela dio, ahal duen bitartean. Oraingoz, ez du youtuber lanetik bizitzeko aukerarik, baina, diru sarrera jakin batzuk izango balitu, ez litzatekeela gaizki egongo adierazi du.

Telmo Trenado.

«Youtubek ate ugari zabaldu dizkit, eta oso pozik nago»

Magia eta ikus-entzuneko mundua oso gogoko ditu Telmo Trenadok (Zumaia, Gipuzkoa, 1995). Youtubek bere bi zaletasunak uztartzeko bidea ematen ziola ikusita, kanal bat sortzea erabaki zuen: Telmo Trenado TV. Hala, orain bospasei urte, magia trukuak egin, bideoz grabatu eta Youtuben jartzen hasi zen, «jendearekin iritzi trukeak sortzekoasmoz». Laster hasi zen magia trikimailuak ere erakusten, eta orduan konturatu zen jende asko zegoela «magia ikusteko eta ikasteko irrikaz».

Trenadok adierazi duenez, «gehiegi pentsatu gabe zabaldu nuen kanala, ondoren etor zitekeena kontuan izan gabe». Kanala zabaldu eta urte batzuetara, ordea, fruituak jasotzen hasi da: hainbat publizitate kanpainetarako deitu dute, esaterako, eta makina bat elkarrizketa ere eman du dagoeneko.

«Honekin guztiarekin hasi nintzenean, ez nuen uste halakorik ekarriko zidanik: marketin eta publizitate mundua ezagutzeko aukera izan dut; Euskaltel, Discovery Max edota Sony pictures bezalako marka handiekin publizitate kanpainak egin ditut; eta ikus-entzuneko mundutik beste hainbat eskaintza jaso ditut». Adierazi duenez, pertsonalki ere «esperientzia pila bizitzeko aukera» eman dio mundu horretan sartzeak: «Leku berriak eta jende berria ezagutzeko aukera izan dut, bizipen berriak izateko aukera. Ate ugari zabaldu dizkit Youtubek, eta oso pozik nago».

Gaztelaniaz du magia kanala. Hasieran, trukua egitera mugatzen zen soilik, eta ez zuen hitzik egiten. Jarraitzen zuen jende gehiena erdalduna zela ikusirik, bideoak gaztelaniaz egitea erabaki zuen, jende gehiagok ikusiko zuelakoan.

Eta jarraitu, jende dezentek jarraitzen du Trenadok egiten duena. Youtubeko magiari eskainiriko kanalaz gain, Twitter, Instagram, Snapchat eta Facebook sare sozialetan ere kontuak ditu. Sare sozial guztietako jarraitzaileak kontuan izanik, 150.000 bat lagunek jarraitzen dute hark egiten duena.

«Presiorik gabe eta nahi duenean» sortzen du materiala magiako kanalerako. Urte hasieran «erronka» jarri zion bere buruari: «Erabaki nuen igandero bideo bat jarriko nuela kanalean, baina beti ez dut betetzen agindutakoa».

Pixkanaka gero eta ezagunagoa egiten ari da Trenado. Lantxo puntualak egiten ditu, eta horietatik sos batzuk biltzen ditu, baina oraindik ez du modurik youtuber lanetik bizitzeko. «Bada jendea ikasketak eta dena utzi, eta eguna bideoak egiten ematen duena. Oraingoz, ni ez naiz horretara buru-belarri jarri; nahi dudanean egiten ditut bideoak». Lan motaren arabera, baina, ez du aukera bazterrera uzten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.