Etxeko lanak bai ala ez?

David Castrillo Alvarez / 2016-11-17 / 455 hitz

Irakasle gehienak Lehen Hezkuntzako lehen ikasturtean hasi ohi dira etxeko lanak agintzen, eta ikasketa mailak gora egin ahala, kopurua handituz doa. Irakasleak horrela jokatzera bideratzen dituzten arrazoiak hainbat dira, hala nola: ikasleek ikasteko ohitura onak hartzea, eskola errendimendua hobetzea, esfortzuaren garrantziaz jabetzea, eta abar.

Zalantzarik gabe, arrazoi sendoak eta garrantzitsuak dira, baina askotan irakasleoi ahaztu egiten zaigu galdera bat egitea geure buruari: etxeko lanekin lortzen ari al gara helburu horiek guztiak betetzea? Dinamika batean murgildurik gaude eta inertziaz etxerako lanak agintzen ditugu gehienetan izaera errepikakor, mekaniko eta batik bat matematika zein hizkuntza arloei zuzenduak, haien erabilpena frogaturik dagoen edo ez ikertu gabe. Horren harira, azken urteetan diziplina berri bat sortzen ari da, neurodidaktika. Horren helburua neurozientzietan egiten ari diren ikasketa prozesuari buruzko ikerketak eskolara hurbiltzea da. Horrek gauza bat oso argi uzten du: emozioek izugarrizko garrantzia dute ikasketa prozesuan (Mora, 2013). Zerbaitek emozio bat sortzen digunean, gure garun linbikoan dagoen organo bat pizten da, amigdala. Horrek ikasketa prozesurako oso garrantzitsua den neurotransmisore bat askatzen du, dopamina hain zuzen ere. Beste modu batez esanda, amigdalak gure garunari funtzionatzeko behar duen «gasolina» ematen dio. Gainera, ikerketen arabera, emozioa positiboa denean sistema linbikoan dagoen beste organo bat pizten da, ikasketa eta memorian zerikusi handia duena, hipokanpoa. Eta zergatik da horren garrantzitsua sistema emozionala piztea? Garun linbikoan dauden organoek konexio zuzena dutelako garun exekutiboarekin. Hura aurrealdean dugu, kopetaren atzean, eta hari esker planifikatu, emozioak eta jokaerak erregulatu, erabakiak hartu, arazoei irtenbidea aurkitu, memoria operatiborekin lan egin, arreta mantendu eta abar egin dezakegu, hots, eguneroko behar guztiei aurre egiteko ezinbestekoa zaigun garun atala dugu. Amigdala pizten badugu, horrek dopaminak askatuko ditu, garun frontalaren metabolismoa handituz eta konexio indartsuagoak sortuko ditugu, ikasketa esanguratsuago bat lortuz. Hori kontuan izanik, hurrengo galdera planteatu beharko genuke: egun, agintzen diren etxeko lan motekin, sistema emozionala piztea lortzen dugu?

Horren harira, gai honi buruz ikertu eta hausnartzeko talde pedagogiko bat sortu genuen Sortzen-en, eta txosten bat argitaratu, honako ondorioak ateraz: etxerako lanak bidaltzen dira, 5 arrazoitan oinarrituz: ikas ohiturak hartu, errendimendu akademikoa hobetu, esfortzuaren garrantziaz jabetu, ardurak hartzen ikasi eta bakarka ikasteko tarte bat utzi. Ikertzen hasi eta gero, konturatu ginen horiek ez zirela betetzen. Baina ez hori bakarrik, orokorrean bidaltzen diren etxerako lan motekin, helburu horiek ez betetzeaz gain, kontrako efektua lortzeko 5 arrisku antzeman genituen: ez daude ikasle bakoitzaren neurrira eginak, familien bizitza baldintza dezakete (Dudley-Marling, 2003), motibazioa galtzea eragiten dute (Khon, 2013), jarrera estatikoan dira eta haurrek jolasteko duten eskubidea oztopatzen dute.

Ikerketak aditzera ematen ari dira ikasketa prozesuan ezinbestekoa dela mugimendua, gamifikazioa, kirola, emozioak, kooperazioa, erronka berriak eta sistema sentsorial ezberdinak erabiltzea. Haiei esker, gure garun emozionala piztu eta arreta sistemak hobetzen baitira. Saia gaitezen, beraz, ikasleen amigdalak pizten, haiek berezkoa duten jakin-minetik abiatuz, ikasketa prozesua gauza atsegingarri batean bihurtzeko. Hori lortzen ari al gara etxeko lanekin?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.