Ahopean esaten den hitz hori

Arantxa Iraola / 2016-12-01 / 1361 hitz

Lekukotasun bakar bat ere ez dago benetako izenekin hemen, baina egiazkoak dira: GIBa izan arren, ia kontatzen ez duten andre eta gizonek eginak dira. Hortik anonimatu eskea. Hiesaren inguruko «aurreiritziak» oraino zama direla argudiatzen dute.

Biztanleen %27k onartzen dute deseroso leudekeela lankide batek GIB birusa duela jakingo balute; %50ek nahiago luketela beren seme-alaben eskolan GIBdunik ez egotea: badaezpada ere. Espainiako Seisida elkarteak 2012. urtean argitaratutako ikerketa batetik —Hego Euskal Herrian ere egin zitzaien herritarrei galdera— hartutako datuak dira, eta erakusten dute hiesaren inguruan badirela oraindik aurreiritzi ugari. Gaixotasunaren inguruko estigmari buruz jarduteko garaian, hain justu, sarri gogora ekartzen dira datu horiek.

Eta datu berri-berriak badira, erakusteko zer ondorio duen horrek guztiak GIBdunengan. Aurten Seisida elkarteak plazaratutako ikerketa baten arabera, 50 urtetik gorako GIBdunen %80,4k bizitzaren alor askotan ezkutatzen dute eritasuna, eta %76,7k uste dute arriskutsua dela beren osasun arazoaren berri ematea. Ondoez nabarmena adierazten du horrek guztiak: ikerketan parte hartu dutenen %58ek, esaterako, azaldu dute gaitzaren inguruko ikuspegi ezkor horrek ezinegona eragiten diela, eta %30 GIBdun izatearen errudun sentitzen direla. Eritasuna ikertzen duten adituen arabera, azterlanetan, oro har, agerikoa da emaitzak gero eta hobeak direla; aurreiritzi gehien erakusten dituzte adineko pertsonek, eta gazteen artean emaitzak hobeak dira. Horrek erakusten du«normalizatzen» ari direla gaitzaren inguruko usteak. Baina lan handia dago oraino.

Horrexegatik, urtero gogora ekarri behar izaten da sasoi honetan, Hiesaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, oraindik ere estigma handia dagoela gaixotasunaren inguruan. Lerrook ere horren erakusgarri dira: GIBa isilpean bizi dutela onartu duten hainbat andre eta gizonen adierazpenak dira, haien izen eta abizenik gabe aurkeztuak. Beren bizitzako beste hainbat xehetasunen inguruan ere zuhur ibiltzeko eskatu dute lekukotasunak emateko orduan: inori zantzurik ez emateko.

Oiartzungo (Gipuzkoa) Harri Beltza elkartearen bidez —GIBdunekin dihardu— lortu dira lekukotasun guztiak. Beste hainbat elkartetan ere egin da eskea; erantzunik jaso gabe. Solaskideen anonimotasuna bermatuko zela esan arren, itxura guztien arabera, ez da boluntariorik agertu. Harri Beltza elkartean dihardu Joseba Errekaldek. Gaixotasuna «armairu barruan» bizi duten pertsona asko artatzen dituztela onartu du. «Asteon, esaterako, elkartera etorri zaigu mutil bat bi urte behar izan dituena gurera hurbiltzeko: 30 urte inguruko gizonezko bat da». Eritasunak sasoi batean «izua» sortzen zuela gogorarazi du. Egun, berriz, susmoen zama dakar: «Aurreiritziena».

«Ez da mundu guztiari kontatuz joateko moduko zerbait»

Orain dela gutxi jakin du GIBduna dela. Galderei erantzuteko izen bat asmatzea erabaki du: «Hugo izango naiz». Adinean, egia esan du: 28 urte ditu. GIB birusarekin oraino jende gaztea ere kutsatzen dela erakusten duten adibide horietako bat da, prebentzioaren garrantziaz ohartarazi beharko lukeen kasuetako bat. «Gertuan ditudan hainbat pertsonari eman diet birusaren berri, baina ez guztiei; ez da mundu guztiari kontatuz joateko moduko zerbait. Baina bakarrik eramateko modukoa ere ez da, eta, gutxiago, Harri Beltzaren moduko elkarteak badaude laguntzeko». Hortik kanpora informazioa nori eman ongi neurtzen duela esan du: «Norbaiti kontatu aurretik, aurrena ezagutu egin behar dut pertsona hori, nola erreakzionatuko duen jakiteko. Gaiaren inguruan oso ezjakina den jendea badago oraindik. Badira pertsonak pentsatzen dutenak edonola transmiti daitekeela gaixotasuna: eguneroko elkarbizitzarekin, edo pertsona horren ondoan egonda. Ezin zaio edonori kontatu: argi dago. Horregatik erabakitzen dut birusaren berri ematea ni naizen bezalakoa naizelako nire ondoan dauden pertsonei; badakidalako hor egongo direla». Segurtasun eremu horretatik aparte kontatuta, ordea, arazoak izan ditzakeen susmoa du: «Lan arloan, edo adiskideekin… Familia izanez gero, umeek izan ditzaketen arazoek ere kezka eragiten didate», azaldu du. «Hau ez da batere erraza. Nik uste nuen banekiela zer zen; arrastorik ere ez nuen».

«Oso gogorra izan zen zama hori guztia nik bakarrik eramatea»

Arantxa». Izan zitekeen, baina ez da. 54 urte ditu eta oso gaztea zenetik da GIBduna. Lehenengo bikotekidea —«oso gazte ezkondu nintzen»— toxikomanoa zen, eta hark pasatu zion birusa. Jakin zuenerako bananduta zeuden, eta beste bikotekide bat —haren ondoan jarraitzen du— zuen. «Nik ez nekien ezer, eta, jakina, babesik gabeko harremanak izan nituen bigarren bikotekide horrekin; nire lehen kezka izan zen hark ere GIBa izan zezakeela». Baina ez: «Negatibo. Arnasa izan zen». GIBduna zela jakin bezain pronto erabaki zuen inori ezer ez esatea. «Hogei urte egin nituen ia inori ere kontatu gabe; nire bikotekideak bakarrik zekien». Guraso, senide, adiskide: inori ere ez. «Beldur nintzen, nik ez nuen onartzen; nola onartuko zuten besteek? Erabateko sekretua zen». Orain 8-9 urte esan zion lehen aldiz senitarteko bati, eta poliki-poliki —«behin nire beldurra gaindituta»— besteekin mintzatzeko adorea ere hartu zuen. «Ama, ahizpak, osaba-izebak, lehengusuak… Badakite, eta primeran hartu zuten». Badu lehenago ez kontatu izanaren damua: «Izan ere, oso gogorra izan zen zama hori guztia bakarrik eramatea». Baina aurkitzen dio, era berean, zentzua; urte askoan heriotza ziurrarekin lotu zen GIB birusa, eta ez zituen ingurukoak «kezkatu» nahi: haiek babestera egin zuen. Eta oraindik egiten ditu halakoak. «Nire bikotekidearen gurasoek, esate baterako, ez dakite GIBduna naizela: ez ditut prestatuta ikusten, eta ez diet kezka bat erantsi nahi».

Hiesaren inguruko aurreiritzien itzala toki askotan ikusi duela esan du, baita gutxien esperotakoetan ere. «Aldi batean, Bizkaian bizitzen egon nintzen. Osagilearengana joan nintzen, seropositiboa nintzela esanez, eta kontrolak egin nahi nituela. ‘Noiztik drogatzen zara?’, horixe bota zidan. Familia mediku batek. 1996a-edo izango zen».

«Nire gurasoek bakarrik dakite: beste inortxok ere ez»

Hugo izenarekin aurkeztu den mutil gaztearekin etorri da: «Dei iezadazu, Pepa». Oso gaztea da bera ere, emakume gazte bat. «Ia batera jakin dugu biok seropositiboak garela». Gaixotasunaren inguruko informazio falta handia ikusten du oraino, eta mututasunaren aldeko hautua egin du horregatik. Ia erabatekoa: «Nire gurasoek bakarrik dakite: beste inortxok ere ez. Jendeak albistea entzutean izan dezakeen erreakzioak beldurra ematen dit». Bera ere, orain gutxira arte, GIBaren inguruan ia guztiz ezjakina zela onartu du. Haren hitzak horren erakusgarri dira, 1980eko hamarkadan zabaldutako mezuak dira, zaharrak, andre gazte baten adierazpenetan mamituta: «Hasieran ez dakizu GIBdun batek erabilitako botila batetik edatearekin kutsa daitekeen birusa, edo pertsona bat ukituta…». Eritasunaren inguruko aurreiritziek eragiten diote kezkarik handiena. Osasunaren aldetik badaki egun tratamendu egokiak badirela, eta, horiekin ondo kontrola daitekeela birusa. Hain justu, horretan ari da. «Hasi naiz pilulak hartzen».

«Gertukoek badakite, baina ez dut inoiz zabaltzen jardun»

Nigatik, ezagutaraziko nuke, baina nire emazteak nahiago du dagoenean uztea». Isiltasun kontrolatu batean, alegia. «Gertukoek badakite GIBduna naizela, baina ez dut inoiz zabaltzen jardun». 58 urte dituela kontatzeko prest dago, eta Ordiziakoa (Gipuzkoa) dela; bere identitatearen berri eman dezakeen bestelako daturik ez. «Izena? Jar ezazu J.R.». Oso gaztea zela atzeman zioten GIBa; heroinarekin lardaskan jardun zuen, eta xiringak partekatzearen ondorioz jendea gaixotzen hasi zen sasoikoa da. Isiltasuna ez dela inoiz erabatekoa izan azaldu du: «Norbait kutsa nezakeela uste banuen, arriskuren bat egon zitekeela ikusten banuen, esan egiten nuen GIBduna nintzela». Aldiz, inguruan mutur-muturreko kasuak sarri askotan ikusi izan dituela esplikatu du: isiltasun erabatekoak.

Bere mututasuna gehiago izan da plazara begira: eremu publikoenera. Esaterako, ez du inoiz GIBdunen ekitaldi batean parte hartu kalean, jendearen aurrean. «Halakoetan, beti gerizpean geratu izan ohi naiz». GIBa eta hiesa, biak ere jendaurrean esatea ez dela batere erraza izaten argi du, eta, horregatik, egindako hautua: «Harira ez badator, saihestu egiten duzu». Beste diagnostiko batzuk baino gehiago. «Nik, esaterako, C hepatitisa ere badut, eta askoz ere errazago hitz egin izan dut horri buruz, hiesaz baino».

«Oraindik ere bazterkeriara eraman nazake ‘GIB’ hitzak»

Ni Iñaki izango naiz». Ez da benetako izena. «55 urte ditut; hori egia da». 1975etik 1985era drogen mendeko izan zela ere bai. Sasoi horretatik da GIBduna. 1985etik daki. Drogak lagatzeko proiektu batean jaso zuen albistea, komunitatean, eta era horretan kolpea «samurtu» egin zela uste du. «Baina, gainerakoan, ez diot ia inortxori ere kontatu: ezta gurasoei ere. Niretzat, gai oso-oso tabua izan da». Argi du motiboa: «Ez nuen nahi inork ni baztertzerik, nire gain estereotipoak jartzerik; nahiko estereotipo banuen lehendik ere drogen menpeko izan nintzela-eta. Ez nuen behar beste estigmarik». Garai hartako erabakia izan zen, eta eutsi egin dio. «Oraindik ere oso jende gutxiri kontatzen diot. Familiako gertukoenek eta adiskide batzuk besterik ez dakite; familia zabalari-eta, deus ere ez. Eta oraingoz horrela jarraituko dudala iruditzen zait, gizartea ez dut prest ikusten. Oraindik ere bazterkeriara eraman nazake GIB hitzak; lan batean ez jarraitzera, edo ondo ikusia ez izatera». Arranguraz mintzo da: «Nik argi dut ezin dudala gai hau aldarri bihurtu; eta penaz diot, erreboltari samarra naizelako, eta gizartearen kontra egitea gustatzen zaidalako, baina gai honetan erabateko isiltasuna: badaezpada ere».

Galtzeko asko duela sentitzen du: «GIBak ezjakinen artean beldurra sortzen du; pertsona informatuen artean, aurreiritziak». Eta hiesaren inguruan asko ikusten ditu: «Diabetes bat izateagatik inork ezin zaitu erruduntzat jo; hiesarekin, ordea, oso bestelakoa da joera: erabat».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.