Frontoiak berreskuratu

Unai Oiartzun / 2016/12 / 679 hitz

Tradizio handiko kirola da esku pilota Nafarroan. Milaka zale ditu, lurralde osoan. Eta pilota eskolek, lan ona egiten dute, maila handia lortzen baitute haietatik irteten diren pilotariek. Profesionalen artean nafarren kopurua zein den zenbatzea besterik ez dago, horretaz jabetzeko. Gizonezkoak dira, jakina, mundu maskulinoa baita pilotarena. Badago, ordea, errealitate hori eraldatzeko lanean dabilenik. Emakumezkoen pilota elkartea sortu dute Iruñean, eta haien asmoaren adierazle den izena jarri diote: Aldatze.

Naroa Iturainek ez du gogoratzen esku pilotan aritu zen lehen eguna. Txiki-tikitatik jolastu izan du frontoietan, gurasoekin, eta lagunekin. Ikastolan hasi zenean ere, denbora pasa gogokoena zen berarentzat: “Lauzpabost neska ibiltzen ginen, mutilen artean, pilotan”. Ikastola utzi ondoren, ordea, esku pilotan aritzeari utzi zion. Bera ez zen pilota eskolatik pasa, baina ezagutzen ditu, 13-14 urteko adinera iritsi, eta esku pilota uztera behartu izan dituzten neskak. “Pala edo erraketa hautatzeko esaten diete, mutilen materiala gogorregia delako, eta eskuak ez izorratzeko”, azaldu du Iturainek.

Alabaina, esku pilota gustuko duenak, eskuz jokatu nahi izaten du. Zaletasun hori partekatzen zuten hainbat emakume elkartu ziren, duela bi urte eta erdi, emakumeen pilota elkarte bat sortzeko. Kantabrian jaioa den Ana Calvo izan zen sustatzaileetako bat, kuadrillako lagun bat baitu Larrabetzun (Bizkaia). Bertan, Txokoa emakumeen elkartea dago, pilotan dabiltzan haurren gurasoek sortua. “Gure erreferentea izan zen”, onartu du Calvok. Gaur egun dozena bat emakume dira Iruñeko Aldatze elkartean, adin tarte handi batekoak. Gazteenak hamazazpi urte ditu, eta helduenak, 40.

Pilota eskolaren batean izandakorik bada. Horiek teknika eta pilotaren oinarriak ezagutzen zituzten. Beste batzuek, elkartean sartzetik aurrera ikasi dute. Hasieran, Carlos Armendariz pilotari ohiaren laguntza jaso zuten. “Asko ikasi genuen harengandik, oso eskertuta gaude”, aitortu du Ana Calvok. Beranduago, Patri Espinar emakumezko pilotariaren Master Class bat jaso zuten. Baliagarria izan zela baieztatu du Naroa Iturainek: “Entrenamendu emankorrak egiteko jarraibideak eman zizkigun. Dena ez baita frontoira etorri eta pilotakadak ematea”.

Orain, Iruñeko Udalaren berdintasun arloko diru-laguntza bati esker, entrenatzaile bat kontratatu ahal izan dute. Pilotan eskarmentua duen beste emakume batek, Maite Ruiz de Larramendik jarraipena eta egonkortasuna emango dizkio Aldatzeren proiektuari. Elkarteko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiote, era berean, Nafarroako Gobernuko Kirolaren eta Gazteriaren Institutuari, entrenamendu leku egonkor bat adostu baitute harekin. Guelbenzu kirol instalazioetako frontoian entrenatzen dute gaur egun, Iruñeko Milagrosa auzoan. “Orain, behintzat, ez dugu frontoia hartzeko inorekin lehiatu beharrik. Gure ordutegi finkoak ditugu, eta abantaila da hori”, adierazi du Ana Calvok.

Pilotaren ajeak

Frontoiz-frontoi ibili dira orain arte, leku finkorik gabe. Gogaikarria izan da, baina bide batez, Iruñerriko pilotazaleek haien inguruan duten iritzia ezagutu ahal izan dute horrela. Harrera ona izan dute leku batzuetan, eta jendearen interesa erakarri dute. Beste batzuetan, ordea, eztabaida handiak izan dituztela adierazi du Naroa Iturainek: “Badago jendea emakumeek esku pilotan jokatzea begi onez ikusten ez duena. Frontoiaren atzealdera iristen ez garenez, batzuei iruditzen zaie alferrik ari garela espazioa okupatzen. Harrigarria da XXI.mendean horrelako jarrerak topatzea”. Aldarrikatu nahi izan du, gainera, emakumeek frontoietan duten presentzia ez dela berria. Ikerketen arabera, XIV.mendean, jada, emakumeak frontoian ibiltzen zirela.

Nolanahi ere, agerikoa da indarrean diferentzia dagoela, orokorrean, gizonen eta emakumeen artean. Horregatik, esku pilotan ere jokoa ezberdina dela azaldu du Iturainek: “Haiek gehiago jokatzen dute pilota atzera botatzera. Guk gehiago aurrean, maltzurkeria erabiliz”. Egokitutako materialarekin aritzen dira emakumeak. Gizonezko kadeteen eta jubenilen piloten arteko tamaina duten pilotak erabiltzen dituzte. Bigunak dira, eta ez dituzte eskuak mintzen. “Kontuan hartu behar da amateurrak garela, pilota ez dela gure ogibidea, eta ezin ditugula eskuak txikitu”, argudiatu du Ana Calvok. Joko bizkorra da emakumeena, erakargarria. Baina pilotan garrantzitsua den osagai bat falta zaie. “Pilotek ez dute soinurik ateratzen, horma edo zorua jotzen dutenean. Zarata lortzen ahalegindu nahi dugu”, aipatu du Iturainek.

Beste erronka handi bat, emakumezkoen esku pilota lehiaketa ofizialak lortzearena da. Gehienetan, kluben arteko topaketak antolatu behar izaten dituzte, eta herrietako jaietan aritu, bestela. Aurten, Nafarroako Pilota Federazioak emakumeen eskuz binakako txapelketa antolatu du, historian lehen aldiz. Bizkaian, Emakume Cup izeneko lehiaketa dute. Emakumeen klubek egin duten lana funtsezkoa izan da lehiaketa ofizial horien antolaketan. “Emakumeen pilota ikusaraztea da gure helburua. Erreferente izatea, ondoren datozenentzat”, adierazi du Ana Calvok. Ikastetxeetan lanean hasiko dira laster, neskei, esku pilotan jokatzeko aukera dutela azpimarratzeko. Ez dezaten gehiago ideia baztertu, entrenatzaileen edo gurasoen aurreiritziek behartuta.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.