Nareen Shammo, kazetaria: «Bost dolar ordainduta emakume yezidi bat eros zenezakeen»

Erlijio talde txiki bateko kide da Shammo. Hamaika gatazka bizi izan dituzte Estatu Islamikoak euren lurra indarrez hartu zuenetik. Egoeraren gordina azaldu du Gasteizen egindako hitzaldi batean.

Ingeles Literatur ikasketak egin zituen Nareen Shammok (Bahzani-bashiqa, Irak, 1986). Hala ere, kazetari lanetan ari da, ikerkuntza kazetaritzan, hain zuzen. Nahikoa arazo izan ditu bizitzan. Izan ere, yezidia da. Erlijio talde txiki bat osatzen dute. Historian zehar jazarriak izan dira, eta egoerak okerrera egin du Estatu Islamikoak euren lurren kontrola eskuratu ostean. Shammo ezaguna egin da emakumeak EItik askatzeko sare bat sortzeagatik. Egun, Alemanian bizi da, eginak dizkioten mehatxuengatik. Yezidien eta, zehazki, emakumeen egoerari buruz hitz egin du Gasteizen, Amnesty Internationalen eskutik.

Bi urte pasatu dira EIk yezidiak Iraken bizi ziren lurra indarrez hartu zuela. Egun, bizi al da yezidirik han?

Ez. Milioi erdi pertsona inguru lekualdatuak izan dira. Irakeko eremu kurduko, Siriako, Turkiako eta Greziako kanpalekuetan bizi dira. Egoera ulertzeko 2014ko abuztuaren 3ra joan behar dugu.

Zer gertatu zen abuztuaren 3an?

Sinjar [Irakeko barrutia, gehiengo yezidia zuena] kontrolpean hartu zuten islamista erradikalek. Bi egun geroago, 7.000 gizonezko yezidi hil zituzten, eta 2.500 emakume eta ume bahitu. Baina ez da halako gauzak pasatzen zaizkigun lehen aldia.Gure historian, 73 genozidio bizi izan ditugu. Hau 74.a izan da.

Nola eta non daude bahitutako emakume eta ume horiek?

Bahitutakoan, bereizi egin zituzten: emakumeak eta haurrak. Emakumeak saltzen hasi ziren, oso-oso merke. Bost dolar ordainduta, emakume yezidi bat eros zenezakeen. XXI. mendean, posible zen pertsona bat erostea bost dolarren truke. Bost eta mila dolar artekoa zen prezioa. Saldu edo sexu esklabo gisa erabili ditu emakume yezidiak Estatu Islamikoak. Emakume askok beren buruaz beste egin dute. Dokumentatuta daukat.

Umeak jihadista izateko trebatzen ari al dira?

Bai. Egun, entrenamendua jasotzen dabiltza EIko kanpalekuetan, etorkizuneko jihadistak izan daitezen. Gogorra izango litzateke eurekin aurkitu eta ikustea aldatu egin direla, eta yezidiak, edo musulmanak ez direnak, hiltzeko prest daudela.

Zer moduz ari da funtzionatzen EIren eskuetatik emakume yezidiak askatzeko zure sarea?

Nire ustez, oso garrantzitsua da kontu horren xehetasunei buruz ez hitz egitea. Segurtasunagatik, arriskutsua izan daiteke guk egiten dugun lanarentzat.

Ideia nola otu zitzaizun azaldu ahal izango zenuke?

Hasieran, AEBetako eta Europako gobernuei informazioa bidaltzen nien. Baina ez zuten ezer egiten. Orduan hasi ginen .

Nola bizi zineten emakumeak EI iritsi aurretik. Aldea igartzen da?

Ekialde Hurbilean bizi gara. Hango kulturan, emakumea ez da ezer. Dena den, eta trabak traba, emakume yezidi asko beren ikasketak amaitzen saiatu ziren. Medikuak geneuzkan, irakasleak, kazetariak, eta abar. Hala ere, yezidi eremu gehienetan baldintza txarretan bizi ziren.

Zergatik diozu baldintza txarrak zituztela?

Adibide gisa, Sinjarko herrixka batean Lehen Hezkuntzako eskola bat lortu nahi zuten. Gogorra egiten zitzaien neskak beste herri batera bidaltzea. Izan ere, bahitu egiten zituzten. Oso ezaguna da Simonen kasua, 11 urteko neska bat. 2013an bahitu zuten, eta ordutik ez dute haren berri.

Borrokak daude egun Iraken EI bidaltzeko. Lortuko balitz, egoera aldatuko litzateke zuentzat?

EI arazoaren zati bat da. EI aurretik Al-Qaeda zegoen. Al-Qaeda aurretik beste talde txiki batzuk. EI eta gero beste talde erradikal bat sortuko dute, beste izen batekin, ziurrenik. Gure auzokideek bat egin dute eurekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.