Ezer ez euro batean

Asier Manterola / 2017-01-24 / 546 hitz

Txinak potentzia bilakatu nahi du futbolean ere, eta enpresariak diru asko ari dira jartzen helburu hori betetzeko asmoz; horrenbeste, ezen bertako gobernua kezkatuta azaldu baita eta neurriak hartzen hasi baita.

Txinak eragin egin nahi du futbolean ere, eta sekulako dirutzak ari dira xahutzen bertako maila nagusiko taldeak. Fitxaketa sonatuak egiteko darabilte dirua, ia osotasunean. Izugarri handiak dira kopuruak: Carlos Tevez argentinarrak 40 milioi euro irabaziko ditu urteko Shangai Shenhua taldean, eta hiri bereko SIPG taldeak 70 milioi ordaindu dizkio Chelseari Oscar brasildarra fitxatzeko. Gero eta jokalari ezagun gehiago ari dira tentatzen, eta fitxaketen oraingo merkatuan badira zenbait maletak egin eta Txinan azalduko direnak. Martxoan hasiko da Superliga, hango liga nagusia, eta izena emango diote lehiaketari.

Sona handiko jokalariak eta entrenatzaileak erakartzeko gai ari da izaten Txinako dirua, eta izen handiz osatutako zerrenda dago. Hara joaten aurrenetako bat Marcelo Lippi izan zen, entrenatzaile italiarra. Orain, han dabiltza Luiz Felipe Scolari brasildarra, Andre Villas Boas portugaldarra, Felix Magath alemaniarra, Manuel Pellegrini txiletarra eta Fabio Cannavaro italiarra. Jokalarien artean, Tevez eta Oscarrez gain, han dira Hulk, Ramires, Alex Teixeira eta Paulinho brasildarrak, Jackson Martinez kolonbiarra, Graziano Pelle italiarra, Mikel Obi nigeriarra, Stephane Mbia kamerundarra, Gervinho bolikostarra, Ezequiel Lavezzi argentinarra eta Alex Witsel belgikarra.

Txinako higiezinen alorreko enpresariak eta Interneten salmentak egiten dituztenak daude xahutzen ari diren dirutzaren atzean, eta ez gobernua, uste hori horrela zabalduta badago ere. Agintariek erraztasunak ematen dizkiete enpresariei futboleko klubetan inbertitzeko, baina dirua zuzenean ez die ematen. Are gehiago, berriki kexu azaldu da herrialde erraldoi horretako gobernua klubak gastatzen ari diren dirutza ikusita, eta neurri batzuk ezarri ditu soldaten eta gastatu beharrekoaren inguruan. «Arrazoizkoak ez diren soldaten inguruan neurriak hartuko ditugu», esan dute agintariek.

Besteak beste, klub bakoitzeko gastu osotik portzentaje bat bakarrik erabili ahal izango dute jokalarien soldatak ordaintzeko. Gainera, jokalariak fitxatzeko gastatzen duten diruaren zati bat beretzat hartuko du Txinako Futbol Federazioak, harrobiko futbolean inbertitzeko.

Federazioak ere mugak eta neurriak ezarri ditu martxoan hasiko den liga txapelketarako. Mugatu egin du, esaterako, atzerritarren kopurua taldeko, eta, orain, hiru bakarrik egon ahalko dira talde bakoitzeko. Harrobiko lana indartzeko, beste erabaki hau ere ezarri die klubei: beti egon beharko du jokatzen 23 urtez azpiko jokalari txinatar batek.

Enpresarien dirua eta asmoak ez dira, baina, herrialdeko futbolera bakarrik bideratzen. Nazioartean ere klub asko dira Txinako dirua hartu dutenak. Azken batean, futbola tresna, baliabide eta bitartekari ona bilakatua dago mundu mailako harremanak egiteko, ia gehienetan kirolarekin berarekin harremanik ez duten tratuen bidez. Europan, talde askoren jabe egin dira, edo jabetzaren zati bat bereganatu dute. Zerrendan daude, besteak beste, ondorengo talde hauek: Aston Villa, Wolverthampton, Manchester City, Birmingham eta West Bromwich Albion (Ingalaterrako Liga), Granada, Atletico Madril eta Espanyol (Espainiako Liga), Milan eta Inter (Italiako Liga), eta Lyon eta Niza (Frantziako Liga).

Realak Txinako babeslea du

Europan beste bide batetik ere sartu dira Txinako enpresariak: kluben babesle izanez. Euskal Herrian bertan bada horren adibidea, eta Reala da. Qbao enpresa da babesle handienetako bat, eta Anoetaren eraberritzean ere parte izango du. Jokin Aperribai Realeko presidenteak bere garaian esan zuen obretako gastuaren %20 eta %25 artean jarriko zuela Txinako enpresak. 2020ra arteko hitzarmena daukate Realarekin. Trukean, Reala bere metodologia lantzen ari da hango zenbait eskolatan.

Europako eta Amerikako klub gero eta gehiago ari dira eskolak zabaltzen Txinan: Real Madril, Bartzelona, Atletico Madril, Chelsea, Sao Paolo (Brasil) eta abar. Denek nahi dute muturra sartu Txinan. Han dago dirua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude