«Kontzientzia soziala dutenek errazago egiten dute bat gurekin»

Julen Aperribai / 2016-12-27 / 450 hitz

Errezeta praktikoak bisitariei eskaini eta, aldi berean, begano izateak berekin dakarrena ezagutarazteko, Beganerrezetak bloga jarri du martxan Nekane Juanesek (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987). Beganoa da bera, eta Askekintza elkarteko kidea.

Jendea elikadura beganoan murgiltzea da zure asmoa, blogaren aurkezpenean diozunez. Nola?

Blogak bi helburu ditu. Alde batetik, elikadura beganoari nire ekarpena egin eta errezetak jendearen eskura jartzea. Bestetik, kontzientziazio lana egin eta gure borrokaren berri emateko ere balioko du. Beganismora ahalik eta jende gehien erakartzeko ere lagundu behar luke.

Jada begano direnak ez ezik, mugimendu horretara hurbildu daitezkeenak ere jomugan dituzu?

Bai, beste borroka batzuetan aktibo daudenak, batez ere. Kontzientzia soziala dutenek errazago egiten dute bat gurekin eta gure borrokarekin, bestela ere mobilizatzen ez direnek baino. Bestalde, begetarianoak begano izatera ere bultzatu nahi ditugu.

Zergatik erabaki duzu hori blog bidez egitea?

Orain dela urte eta erdi inguru Instagram kontu bat zabaldu nuen, eta han hasi nintzen etxean egiten nituen errezetak zabaltzen. Ez da batere erosoa, ordea. Gainera, banuen gogoa nire bizipenak kontatzeko, eta ikusten nuen Instagram ez zela leku egokiena horretarako. Azken finean, bloga aukera ona da errezetak erraz aurkitzeko, eta baita nire bizipenak kontatzeko ere.

Beste blog edo webguneren bat hartu duzu eredutzat?

Ni mugimenduan parte hartzen hastearekin batera hasi nintzen informatzen ere, era guztietako blog eta bideoetan begira. Hasieran, nahikoa galduta nengoen, inguruan beganoak ez badira ez baita erraza nondik jo jakitea. Pixkanaka, nire burua kokatu, eta saltseatzen hasi nintzen zenbait errezetarekin. Zaila zait erreferentzia garbi bat esatea, baina dokumentazio lana egin nuen.

Zer-nolako harrera izan du orain artean?

Ona, egia esan. Instagramen ia 1.000 jarraitzaile ditut, eta Askekintzako Facebook orrian ere jarri dute; laguntzen dute halakoek. Oro har, interesa sortu du jendearen artean.

Elikadura beganoa izatea garesti ateratzen dela esan izan da. Hala al da?

Topiko bat da. Tofuzko hanburgesa batek hiru euro eta erdi balio duela ikustean pentsatzen dute hori. Haragijaleek, normalean, produktu gehienak ez dituzte eginda erosten: etxean egiten dituzte. Bada, beganoekin ere berdin gertatzen da. Animaliatik datozen produktuak baztertzen ditugu, eta gelditzen zaizkigun produktuak —fruta, barazkiak, haziak, lekaleak eta zerealak— merkeak dira. Denda berezi batean jada egindako produktu bat erosiz gero, orduan igotzen da prezioa; baina, bestela, ez da garestia.

Elikadura begetala eta beganoa plater sofistikatuekin ere lotu izan da. Nolakoak dira zuk proposatzen dituzunak?

Blogetan eta bideoetan begira hasi nintzenean, nik etxean ez nituen osagaiak erabiltzen zituztela konturatu nintzen. Horregatik, saiatzen naiz etxean edonork dituen osagaiak erabiltzen.

Beganismoa mugimendu politiko bat da zuretzat?

Jende askok uste du elikadura kontu batengatik egiten garela begano, baina ez da horrela. Pertsonala politikoa denez, egunerokoan egiten dituzun gauzek eragina dute. Animalienganako esplotazioan parte hartzen da horiek jatean, eta beganismoak esplotazio hori baztertzen du. Gizakia ez dena diskriminatu egiten da, eta beste edozein diskriminaziorekin parekatzen dugu guk. Besteak bezain salagarria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude