Burundanga: Bortxatzailearen Droga

Gazteberri / 2017-02-03 / 471 hitz

Gure artean izan diren emakumeen aurkako azken sexu erasoetan bada errepikatzen ari den ezaugarri bat: burundanga izeneko drogaren erabilera. Estatu mailan, bortxaketa kasuen heren batean biktimaren borondatea hutseratu egiten duen droga hori erabili da.

Pasa den urteko Sanferminetan Sevillako bost lagun atxilotu zituzten neska bat bortxatzeagatik. Ondoren jakin ahal izan zenez, talde horrek antzeko beste eraso bat burutu zuen Kordoban. Kasu horretan, biktimak ez zuen gauza handirik gogoratzen eta poliziak erasotzaileek burundanga izeneko droga erabil ahal izan zutela uste du. Izan ere, burundanga bortxatzaileen droga dela esaten ohi da biktimaren borondatea hutseratu egiten duelako eta erasotzaileak eskatzen dion guztia betetzen duelako.

Burundanga izenarekin ezaguna bada ere, erabili beharreko izena eskopolamina litzateke. Eskopolamina zenbait landaretan aurkitzen den metabolitoa da eta oso toxikoa da. Gure artean, adibidez, Datura Estramonio izeneko landarean aurki daiteke.

Eskopolaminaren erabilera aspaldikoa da eta, adibidez, oso dosi txikietan zorabioak saihesteko erabilia izan da. Hala ere, azken boladan ezaguna egin da lapurretak eta bortxaketak egiteko erabilia izan delako. Izan ere, droga hori usaingabea da eta modu desberdinetan eman daiteke. Bortxaketen kasuan, normalean, edari alkoholiko batean nahastuta edo zuzenean aurpegira haizatuta ematen da. Kasu horietan, eta efektua handiagoa izan dadin, valium edo diazepan bezalako botikekin ere nahasten da.

Drogaren efektua ia berehalakoa da, hots, behin hartuta, biktima erasotzailearen menpe geratzen da. Efektua, gutxi gora behera, hiru orduz mantentzen da. Droga horren kasuan, eta bestelako drogekin gertatzen ez den moduan, biktimak ez du drogaren bat hartu duenaren sintomarik azaltzen eta, printzipioz, bere jokabidea normaltzat jo daiteke. Ondorioz, inguruan diren pertsonek nekez susma dezakete pertsona bat burundangaren eraginpean dagoenik. Adituek azaltzen dutenez, pertsona hori hipnotizatuta egongo balitz bezala aritzen da eta, ondorioz, bere nortasuna berean mantendu arren, bere borondatea erasotzailearen esku geratzen da. Garunaren jarduera automatizatuta geratzen da eta edozein agindutara erantzuten du inolako galderarik egin gabe; sumisio kimikoaren ondorioak dira. Efektu hori dela eta burundanga droga zonbi ezizenarekin ere ezaguna da. Gainera, behin drogaren efektua desagertuta, biktimak ez du ezer gogoratuko, drogak berak amnesia eragiten duelako. Hori guztia gutxi balitz, behin efektuak desagertuta oso zaila da frogatzea pertsona bat burundangaren efektuen menpe izan dela frogatzea gorputzean ia arrastorik uzten ez duelako. Drogaren efektuak pasa eta ordu erdira odoletik desagertzen da eta 12 ordutara baita txizatik ere. Bestelako mediku frogak egin ezean, zaila da substantzia hartu izana baieztatzea. Poliziaren ustez, burundangaren erabilera gero eta hedatuagoa dago. Aipatu diren ezaugarriak direla eta, sarritan eraso asko oharkabean ematen dira, hots, biktimak berak ez du erasotua izan dela gogoratzen. Horrela, bakarrik ematen diren kasuen % 10 inguru salatzen direla uste da.

Arazo larri baten aurrean gaude, beraz. Hala ere, sexu erasoen kontuan, garrantzitsua da azpimarratzea eraso gehienak bestelako drogen eraginpean ematen direla, batez ere, alkoholaren eraginpean. Noctambul@s behatokiak azpimarratzen duenez, droga horren erabilerak benetako arazoan sakontzea oztopatzen du. Izan ere, arazo estruktural baten aurrean gaudela azpimarratzen dute, hots, erasoak nola ematen diren aztertu beharrean horiek zergatik ematen diren aztertu beharko litzateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude