Gizona nola izan, hortxe dago koska

Beñat Alberdi / 2017-02-15 / 1260 hitz

Genero sisteman oinarritutako gizartean, txanponak bi alde dauzka: feminitatea eta maskulinitatea. Femeninoak izan du lanketa bat, baina ez hainbeste maskulinoak. Hainbat eragile hasiak dira gaia adingabeekin lantzen, gaztetatik ikas dezaten gizon izateko modu asko daudela.

Maskulinitatea eta feminitatea: generoak blaitutako gizarte bateko txanpon beraren bi alde. Emakumeek landu egiten dute euren ahalduntzea, espazio propioak eraikitzea… Baina lantzen al da txanponaren beste aldea? Gizarte sexuatu batean, genero maskulinoak pribilegioak dauzka; gizonak kontziente izan edo ez. Pentsa daiteke azken urteetan aurrerapauso batzuk eman direla, esaterako, zaintza lanetan; nahiz eta parekidetasuna urrun dagoen oraindik. Atzerapausoak ere izan dira, festa giroko eraso sexisten igoera adibide. Era berean, pentsa daiteke gizonezkoek , oro har, badakitela pribilegioak dauzkatela: onartu edo ez, identifikatu edo ez, aldatzen saiatu edo ez. Baina noiztik dira jakitun? Noiztik irakatsi behar zaie errealitate hori?

«Egun ere, oso markatuta dago mutil gazteen jokabidea nolakoa izan behar den, zer espero den haiengandik», argitu du Carmen Diez Mintegi antropologo feminista eta EHUko irakasle ohiak. «Ezaugarritze prozesu horiek genero sistemaren barruan kokatzen ditugu». Sistema horrek pertsona generizatuak sortzen ditu, hainbat praktikaren bidez. «Emakumeak eta gizonak genero proiektuak izango lirateke; eta, horrekin lotuta, feminitatea eta maskulinitatea».

Jone Miren Hernandez EHUko Antropologia irakasleak nabarmendu du maskulinitateari buruz hitz egiteko pare bat kontu argitu behar direla: «Batetik, jokabide batzuk eta pertsona mota bat lotzen ari gara. Eta, bestetik, maskulinitatea feminitatearekin ere lotuta dago». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteak eta genero harremanak aztertu dituzte Diezek eta Hernandezek, EHUko Antropologia Saileko beste hainbat ikerlarirekin batera.

Dena den, maskulinitatearen auzia jada lantzen ari dira adingabeekin. Horretan jarduten dira hiru eragile: Harremanak, Arremanitz eta Emaize. Hezkuntza arautuko eskola orduetan hitzaldiak eta tailerrak emanez jorratzen dute gaia, batik bat. Hona hemen ildo nagusien berri:

Armadura nola pitzatu

«Haiek antolatzeko erabiltzen duten sistema hierarkiko eta ideologia guztia desmuntatu nahi badut, iristea eta nahi dudana esatea ez da nahikoa», azaldu du Ibon Arrizabalaga Arremanitzeko kideak. «Transmititu behar zaien mezua garbia da: hau ez da nesken alde errieta egitera datorren beste bat». Gazteek garai delikatua dutela nabarmendu du: «Batetik, gorputzean aldaketa handiak bizi dituzte. Bestetik, nortasunaren arloan ere ezegonkortasuna dute: ez dute euren burua ezagutzen. Ordura arte ez dituzte izan halako kezkak edo zalantzak».

Egoera ezegonkorretan pertsonek gotortzeko joera dutela ekarri du gogora hezitzaileak; hau da, ideia zehatz batzuetan tematzekoa. Halakoak saihestu behar dira, maskulinitatea lantzeko. «Gauza zurrunekin lan egiten saiatzea alferrik da», esan du Raul Marcos Emaizeko kideak. «Lortzen dugun bakarra da politikoki zuzenak diren diskurtsoak sortzea». Adibide moduan jarri du homosexualen egoera: teorian, gizarteak onartu egiten ditu, baina tolerantzia gutxi dute gizonek.

Aniztasuna helburu

Arremanitz, Harremanak eta Emaize taldeek bat egiten dute ideia batean: ez da maskulinitate eredu zehatz bat bultzatu behar, eredu anitzak erakutsi baizik. «Ereduek arazo bat daukate: euren barruan errealitatea ez da inoiz sartzen», argitu du Arrizabalagak. Transgenero teoriari jarraikiz mintzatu da Olatz Berastegi Harremanak taldeko kidea: «Guztiok dugu izaera maskulinoa eta femeninoa dantzan. Norberak eraikitzen du maskulinitatea». Marcosen arabera, gazteei erakutsi behar zaie nolakoak diren beste gizon ereduak, eta azaldu behar zaie maskulinitatea nola eraikitzen den ere. «Kalea eredu berriekin bete beharko litzateke. Kalea ez bada betetzen, ikasgeletara eraman beharko ditugu ».

Oinarrriak ezartzen

Baina zein adinetan hasi behar da gaia lantzen? «Haur Hezkuntzan hasten gara sexu hezkuntzarekin», argitu du Olatz Berastegik. Sexologiako edukiak gaztetatik lantzeak ingurukoengan harridura sortzen duela gaineratu du Marcosek: «Noski, sexuaz hitz egiten diegu, baina dagokienean. Sexologia hori baino gehiago da». Izan ere, Berastegik nabarmendu duenez, sexologiak ere aztertzen du nola eraikitzen diren gizonen eta emakumeen nortasunak. «Saiatzen gara uler dezaten nola garen gizon, nola garen emakume, eta nola egin dezakegun gure artean harreman hobeak eraikitzeko».

Harremanak elkarteko kideek genero heziketa Haur Hezkuntzan lantzen hasi arren, ez dute zuzenean esku hartzen. «Gurasoak eta irakasleak trebatzen ditugu: esplikatzen diegu neskak eta mutilak nola tratatzen ditugun, emozioak nola lantzen ditugun haiekin…», adierazi du Berastegik. «Curriculum ezkutua» kontuan hartu behar dela nabarmendu du; hau da, hezkuntzaren esparruan oharkabean pasatzen diren jokabideak: hala nola ikasleei generoaren arabera trataera ezberdina ematea, edo portaera desberdinak espero izatea neskengandik eta mutilengandik. Gizartea eragile zuzen ikusten du gaztetxoen hezkuntzan. «Beti esango dugu gazteak ez direla matxistak izan behar. Baina nolako harremanak ditugu helduok? Hausnarketa bat behar dugu».

Lehen Hezkuntzan esku hartzen dute Arremanitzek eta Emaizek. Biek nabarmendu dute oinarri batzuk finkatu behar direla adin horretan. Izan ere, oraindik gaia sakon lantzeko gaitasunik ez dutela uste dute. «14 edo 15 urte izan arte, gutxi gorabehera, ez dauzkate generoa lantzeko behar diren gaitasun intelektual edo diskurtsibo batzuk», zehaztu du Arrizabalagak. Dena den, gaztetxoen testigantzak jaso ditzaketela nabarmendu du, etxean jasotakoa aztertze aldera.

Maitasun erromantikoa

Nerabeekin maitasun erromantikoa lantzea ere ezinbesteko ikusten dute eragileek. Marcosek gogoratu du mutilek maitasun erromantikoa erabiltzen dutela abantaila sexualak eta barkamena lortzeko: «’Nola isuriko dut barruan; ez zara nitaz fio?’ eta gisakoak erabiltzen dituzte askok, sexu harremanak kondoirik gabe izateko; edo ‘maite baninduzu, barkatuko nindukezu’ eta gisakoak errugabetasuna lortzeko. Xantaia emozional krudela da hori».

Harremanetako egoerak aztertzen dituzte Harremanak taldearen programetan. Berastegi: «Mugak nola ezartzen ditugun ikuskatzen dugu: zure espazioa eta nirea nola bereizten ditugun». Maitasun erromantikoaren mitoetara jotzen dute Emaizekoek: «Kontsumitzen dituzten edukiak aztertzen ditugu; hala nola musika eta telesailak». Amodio abestietan ageri diren bikote harreman mingarri, jeloskor eta amaiezinez gain, Mario Casas aktoreak El Barco telesailean antzeztutako eszena bati erreparatzen diote: «Bikotekideari eskatzen dio hitzemateko ez diola beste mutil bati begiratuko, ez duela beste mutil batekin hitz egingo». Halako kontratu bat sinatuko al luketen galdetuta, baietz erantzuten dute askok. «Akaso nahi gabe egingo dute xantaia hori, baina ikas dezatela zertan dabiltzan».

Indarrean dago mutil gaizto eta errebeldearen profila. Zabaldu ere egin da, Marcosen arabera. «Gaiztoa izateko modua ez da berdina pertsona guztietan». Mutil gaiztoa erakargarria da beste generoarentzat, maitasun erromantikoa dela medio. «Maitasunagatik aldatu egingo dela uste izaten da: neska batekin maitemintzearen ondorioz». Nerabeengan sekulako arrakasta daukala berretsi du Emaizeko kideak, baina heldutu ahala maskulinitatearen karikatura gisa ikusten dutela.

Zaintza lanak

Nola azaltzen zaio mutil adingabe bati genero rolen ondorioz pribilegioak dauzkala? Olatz Berastegik azaldu du eurek zaintza lanen banaketa aztertzen dutela, historikoki. «Euren etxean lana nola banatu izan den azalduz mapa bat osatzen dute. Euren aitona-amonek, gurasoek eta eurek». Nondik eta nola datozen ikusaraztea du helburu ariketa horrek. «Nora joan nahi dugun defini dezatela. Horrela ikusiko dute horra iristeko dauzkagun zailtasunak».

Arremanitzekoek bikote baten istorioa eraikitzen dute. «Toki berean lan egiten dute, ordutegi bera daukate. Ezberdintasun bakarra da bata emakumea dela, bestea gizonezkoa», azaldu du Arrizabalagak. Larunbat batean bakoitzak bere kontu egitea erabaki du bikoteak. Lanak nork egin dituen erabaki behar dute ikasleek; hala nola bazkaria nork prestatuko duen edo poteoan nor irtengo den. «Gauza arrarorik gertatzen ez bada, mutilarentzako dira aisialdirako edo bere plazererako diren jarduerak; emakumearentzako dira, berriz, bien onurarako diren gauza guztiak».

Sortu duten istorioa ikusita, azkar defendatzen dute euren etxean ez dela horrela. «Ikus dezatela zein aniztasun dagoen errealitatean, baina nola gelditu den aniztasun hori kanpoan denek batera eraikitako istorioan».

LGTB fobia

Homosexuala eta emakumea ez izatea dira maskulinitatearen oinarrietako bi. Hala ere, transexualitatea ere lantzen hasi dira berriki. Chrysallisen kanpainarekin lotutako polemika hartu du adibide moduan Marcosek: «Lehen Hezkuntzan Chrysallisen kartela aurkezten badiezu, normaltasunez hartzen dute. DBHn, ordea, ukazio jarrerak agertzen dira. Ez dute ulertzen transexualitatea». Gaia lehenago jorratu beharko litzatekeela uste du.

Edonola ere, Marcosen ustez, gazte homosexualen bazterketan eragin handiagoa du maskulinitatearen eraikuntzak, mutilak gustuko dituen mutila izatea baino: «Genero rolak betetzen dituen homosexuala bazara, askoz onartuago zaude. Rol horiek apurtzen badituzu, hor hasten da egurra». Ibon Arrizabalarentzat ere sexukide gustuetatik harago doa: «Maritxua izatea da nesken modukoa izatea. Halakoak ez izateagatik edozer gauza egiten dugu, lagunak gaizki tratatu edo maitasun adierazpenak bortitz bihurtu, esaterako». Genero maskulinoari lotutako portaerak erreproduzitzen dituzte, beraz: «Nik ez dakit zer naizen, baina badakit zer egin behar dudan normala kontsideratua izateko».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.