Oihalezko kartzeletatik libre

Iker Tubia / 2017-02-23 / 758 hitz

Animaliak erabiltzen dituzten zirkuak debekatzeko mozioa eztabaidatuko dute, gaur, Bilbon. Euskal Herrian, Gasteiz izan zen aitzindaria, eta Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hemeretzi herrik onartuak dituzte horrelako zirkuen aurkako mozio edo ordenantzak.

Geroz eta gehiago dira. Hemeretzi herrik ez dituzte animaliak erabiltzen dituzten zirkuak onartzen. Hala erabaki dute haien udalbatzek. Gaur, Bilboren txanda da. Udal Berrik mozioa paratu du mahai gainean, eta Piztiak konpartsak sinadurak bildu haren alde. «Sistema demokratiko eta plural batean, erakundeek munta honetako proposamenak gutxienez aztertu eta eztabaidatu egin behar dituzte», esan du Alba Mendoza Piztiak konpartsa animalistako bozeramaileak.

Jadanik lanean ari ziren zirkuetan animaliarik erabil ez dezaten. Gaur mozioa onartu zein ez, haiek lanean jarraituko dute. Bilboko metroan argazkiak jarriko dituzte, adibidez, gizarteari animalien sufrimendua erakusteko. «Zirkuetan, animaliek bidegabekeriak pairatzen dituzte, eta txikitatik sufritzen dute. Gure asmoa Bilbon aldaketa bultzatzea da, eta jendea kontzientziatzea».

Aurretik, Gasteizek egin zuen. Are, Euskal Herrian aitzindari izan da Arabako hiriburua animaliak erabiltzen dituzten zirkuak baztertzen. 2013ko azaroaren 29an onartutako ordenantzak ez du horrelako ikuskizunik baimentzen. Oro har, ezin da animaliarik erabili jarduera publikoetan mina eta sufrimendua eraginez gero, eta debekaturik dago hezitako animaliak edo giltzapetutako basanimaliak erabiltzea zirku edo ikuskizunetan.

Bi urteko lanaren ondorio izan zen ordenantza, eta, bertan, udal taldeek, teknikoek, elkarte animalistek eta bestelako eragile sozial eta profesionalek parte hartu zuten. «Esan genezake existitzen diren udal ordenantzetan demokratikoenetako bat dela hau, adostasun handiarengatik. Animalien eskubideak gehiago errespetatzen dituen gizartea eraikitzeko bidean lagungarria da hori», azaldu du Peio Lopez de Munain Gasteizko Udaleko Gizarte Politika eta Osasun Publikoko zinegotziak.

Horrelako ordenantzak ez dira ohikoak, aitzitik. Gasteiz kenduta, hiriburu nagusietan urtean zirku bat gutxienik izaten da. Bilbon, Aste Nagusian hamazazpi egunez. Udalak jakinarazi duenez, haiek ez dute zirkurik kontratatzen, eta tasak ordaindu behar dituzte zoru publikoa erabiltzeagatik. Iruñean ere hiriko bestekin batera izaten da animaliak erabiltzen dituen zirkua, baina zoru pribatuan egiten da. Erruki Etxearen eremuetan paratzen du oihala Gran Circo Mundialek, baina etxeak ere ez du horren ardurarik hartu nahi izan: «Badakigu Erruki Etxearen jabetzako lursailetan zirku bat paratzen dela sanferminetan. Sustatzaile batek alokairuan du, eta ez dugu haren erabileran eskurik sartzen». Nafarroako hiriburuan hamasei egunez izaten da zirkua. Udalak arazoa bere eremutik at uzten duen arren, badu ordenantza aldatzeko aukera, horrelako zirkuak debekatzeko.

Baionako Herriko Etxeak onartu du zirkua kontratatu egiten duela. Hiriarekin harremanetan jartzen dira, eta, daten arabera, udalak oniritzia ematen die edo ez. Orotara hamalau egunez, baina bi txandatan: Amar zirkua sei egunez izaten da, eta animalia basatiak erabiltzen ditu. Azaroan, Eguberrietako zirkua joaten da, zortzi egunez. Bigarren horrek katuak, txakurrak eta zaldiak erabiltzen ditu. Donostiari dagokionez, udalak dio ez duela horrelakorik kontratatzen, eta iaz ez zela izan zirku animaliadunik. Beste urte batzuetan izan dira.

Euskal Herrian oraindik orokorra ez den erabakia nahiko ohikoa da Europako Batasunean. Hango herrialdeen erdiek debekaturik dituzte gisako zirkuak. Aurten, Nafarroako bederatzi herrik eta Hernanik (Gipuzkoa) zirku animaliadunik gabeko herri izendatu dute beren burua. Zirku horien aurkako mugimenduen eta eragile animalisten aburuz, gizartean kontzientzia pizten ari da. Hori, hein handi batean, aktibistei esker izan da. Haietaz kexatu ohi dira zirkuetako jabeak, eta kritikei erantzun die Xabier Arratibel Askekintzako kideak: «Ez ditugu sekula zirkuak zigortu nahi izan; gu animaliak erabiltzearen aurka gaude, ezin dugu hori onartu».

Animaliak bizitza guzia zirkuan igarotzera behartzea oso larritzat jo du Arratibelek. «Animalia guziok dugu bizitzeko eta aske izateko interesa; gizakiek ondo pasatzeko edo umeek animaliak ikusteko duten interesak ezin ditu zapaldu animalien interesak». Gipuzkoara joan ohi den zirku italiarraren kasua aipatu du; izan ere, gatibu jaiotako lehoikumeak erabiltzen omen dituzte, eta haien gurasoak ere hala bizi dira. «Belaunaldiak eta belaunaldiak dira kaioletan bizi direnak ugaltzera behartuz, zirkuen eskaria betetzeko eta etekin ekonomikoa lortzeko. Dramatikoa da».

Kontzientzia pizten

Dena den, Arratibelek uste du zirkuen mundua gain beheran dagoela. «Animaliarik gabeko zirku asko dira munduan arrakastatsuenak». Mendozak tresna eraginkor bat gogorarazi nahi izan du: «Kontsumitzaile garen heinean, guk hartzen ditugu erabakiak». Hori argi du Iosu Pascualek. Info Circos elkartearen webgunean ikusi zuen Nafarroan ez zela onartu zirku animaliadunen aurkako moziorik, eta haiekin harremanetan jarri zen. «Ni gehiago aritu naiz alor politikoan, aktibistan baino». Hala, hainbat udalekin bildu zen iaz, eta hainbat mozio aurrera atera dira.

Kalera ere atera izan da. Iruñerriko zirku batzuen leihatilara joan da afixekin. «Jendearekin hitz egiten dut. Batzuek ulertzen dute; beste batzuek ez didate kasurik egiten, baina badira buelta eman eta sarrera erosten ez dutenak».

Hala, Pascualek argi utzi du animaliak erabiltzen dituzten zirkuen aferan badagoela zer eginik. «Jende askori gaizki iruditzen zaio, baina bultzadatxoa eman behar du norbaitek».

Arratibelek kontzientziazio lanaren garrantzia ere azpimarratu du. «Aurrera goaz, gizartea aurrera doalako, lan handia egiten ari delako jende asko. Zirkuarena beste atal bat da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.