Xakea: Emakumerik onenak planto egin du, gizonen aurka lehiatu nahi duelako

Jon Torner Zabala / 2017-02-07 / 410 hitz

Sekula ikusi gabeko zerbait gertatu da Tradewise Gibraltar Chess xake torneoko azken errondan. Munduko emakumezko jokalari onenak, Hou Yifan txinatarrak, nahita galdu zuen Lalith Babu indiarraren aurka, bost mugimendu inozo eginda. Protesta egitea zen bere helburua, torneoan egokitu zaizkion hamar aurkarietatik zazpi emakumezkoak izan direlako, parte-hartzaileen artean nesken proportzioa askoz ere txikiagoa zenean.

Antolatzaileek adierazi dute ez dela “nahita” egindako zerbait izan, programa informatikoak “hautatzen” duela nork jokatu behar duen noren aurka, sistema suitzarra baliatuta, Federico Marín Bellón ABC egunkariko blogariak azaldu duen moduan. “Jokalari txinatarrak, baina, pentsatu zuen hainbeste neskaren aurka aritzea ez zela kasualitatea, agian, bere iritziz, antolatzaile edota arbitroak bera zigortzen ari zirelako, Yifanek uko egin baitio emakumezkoen titulua defendatzeari, Gibraltarrekoa bezalako torneo mistoetan zentratzeko”.

Yifanek erabaki hori hartu badu, izan da besteak beste FIDE Nazioarteko Xake Federazioak emakumezkoen munduko txapelketaren formatua (kanporaketa-sistema) aldatu  beharko lukeela aldarrikatzeko, ChessBase webguneak plazaratutako elkarrizketa mamitsuan irakurri daitekeenez.

Zergatik ez dago emakumerik, munduko 100 xake jokalari onenen artean?

Hou Yifanek apropos galdu izanak (kirolean erabat debekatua dagoena, bide batez esanda) berriro hauspotu du emakumezko eta gizonezko xake jokalarien arteko desberdintasunen gaineko eztabaida, abiatuta emakume onena izanagatik, munduko xake jokalari onenen zerrendan 105. lekuan dagoela gaur egun Yifan. Zergatik ez dago emakumerik lehenbiziko 100 jokalarien artean? Zergatik egiten dira generoaren araberako xake torneoak, jokalarien fisikoak zerikusirik ez badu (beste kirol batzuetan ez bezala)?

“Estatistika kontua da”, zioen Francisco R. Villatoro adituak, 2009an plazaratutako artikuluan: “Askoz ere mutiko gehiago ari dira xakean jokatzea ikasten, neskak baino (…) Egunen batean mutil bezainbeste neska ari baldin badira xakea ikasi eta haurrentzako torneotan parte hartzen, helduak izatera heltzean gizon bezainbeste emakume izango dira xake maisu handien artean”.

Neska eta mutikoak haurrak direnetik jaso ohi duten hezkuntza, profesionalki aritzeko dauden zailtasunak, amatasuna, zaintza eta, oro har, beste kirol jarduera batzuetan hainbatetan aipatu ohi diren faktoreek berebiziko garrantzia dute xakean ere. Alegia, hitz egin daitekeela gizon eta emakumeen burmuinen arteko desberdintasunez, baina, Angela Paloma kazetariak El País egunkarian kaleratutako artikuluan dioen moduan: “Pentsa daiteke, musikan edota politikan bezala, emakumeen parte-hartzea xakean ez izatea soilik zientzia kontua, aukera kontua baizik”.

Hausnarketa interesgarriak jarri ditu Palomak mahai gainean, esaterako, ea komeni ote den emakumeak gizonezkoekin batera aritzea xakean: “Leontxo Garcia kazetariak dioenez, Julia Codina 13 urteko xake jokalari espainiarrak kontatu zion emakumezkoen torneoak kentzeak ekarriko lukeela gutxiengo bat itotzea. Esaterako, Luxenburgok sekula izango ez duen bezala Frantziak adina eliteko atleta, emakumezko xake jokalariek aukera oso gutxi dituzte munduko jokalari onenen artean sartzeko. Neskak desmotibatuko lituzke horrek. Ez litzateke soilik desagertuko emakumezkoen xakea, emakume xakelariak baizik”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.