Eskola jazarpena beste ikuspegi batetik

Iñaki Bernaola Lejarza / 2017-03-31 / 543 hitz

Gertaera harrigarri bat jazo zitzaidan, duela zenbait urte, ziberbullying-ari buruzko hitzaldi batean. Komunikazio digitalak duen izugarrizko eraginaz ohartarazten gintuen hizlariak, esanik irudi batek, on zein txar, oso denbora gutxian munduari bira osoa eman diezaiokeela, gaur egun edonoren esku dauden baliabideak erabilita. Eskolakideak arrisku horretaz jakitun izateko beharra azpimarratzen zigun hizlariak entzuleoi, irakasleak den-denak.

Ez da atzo goizeko kontua gizartean diren gaitz larri askoren konponbidea irakaskuntzaren bizkar soilean jarri nahi izatea. Halako zerbait adierazi nuen nik galde-eskaeren txandan, eta adibide bat jarri nuen: Elizarena omen den COPE irrati-katean hain maiz huts egiten bazioten zortzigarren aginduari, nolatan nahi genuen gizartean hain errotuta dauden joera maltzur batzuk, gaizkiesaka aritzea kasu, irakaskuntza-munduaren baliabide apal soilez aldaraztea?

Ezusteko galanta hartu nuen hitzaldia bukatutakoan, nigana hurbildu ziren guztiek, goi-mailako unibertsitate-tituludunak, zortzigarren agindua zein zen guztiz ahaztuta zutela baieztatu baitzidaten. Irakurlearen oroimena freskatzeko, derradan, ondare birtualari buruzkoa dena, hots, urkoaren irudi edo ospe onari kalte egitea debekaturik. Ez da oso zuhurra izan behar ulertzeko ziberbullyinga, Jaungoikoaren legearen ikuspegitik, zortzigarren agindua urratzea bekatu larria izan daitekeela.

Ez dakit hamar aginduak oraindik gogoan izatea ona ala txarra ote den. Hala ere, zalantza sortarazi zidan, ez bainengoen ziur behinolako ikuspegi etikoak, irakaskuntza erlijiosoaren bitartez jasoa gehienbat, ordezkapen egokirik izan ote duen gure kontzientzian edo, bestela, nahasmendu batean bizi ote garen, egungo gizartearen zirimolan ona ala txarra bereiztu ezinean.

Haur bat hezteko tribu oso bat behar dela dio afrikar esaera zahar batek. Tamalez, badakigu, tribua ez dela suertatzen inolaz ere hezitzaile eta, ondo ala gaizki, familiaren baitan, izatekotan, eta irakaskuntzaren sistemaren esku geratu dela heziketaren erantzukizun ia osoa. Horregatik, ezinbesteko bihurtzen ari da, beste inoiz bainoago, irakasleok ikuspegi etiko argia izatea, indibidualki zein kolektibo gisa.

Izan ere, bullying-aren fenomenoak, besteak beste, alderdi etiko nabaria du. Etikoa eta politikoa: ahularen baztertzea eta jazartzea, buruzagi «naturalari», tartean bortxa zein manipulazioa erabiliz, itsu-itsuan men egitea, gizarte-masa handi batek, beldurrez edo ezintasunez, injustiziaren egoera bati aurre ez egitea… faxismoaren ezaugarriak baitira gizartean, eta bullyingaren ezaugarri eskolaren munduan.

Agian, irakasle guztiek ez dute ikuspegi berdina etika, bizikidetza edo demokrazia direla eta. Dena den, ezinbestekoa da, eskola-munduan behinik behin, kontzeptu horien inguruan irakasleok ados jartzea: nire uste apalean, nekez egin dakioke kontra bullying-ari irakasleek lidergo etikoa galtzen badute. Nola ulertu zer den irakasleen lidergo etikoa? Nik esango nuke arazo honetaz bi ikuspuntu desberdin izan daitekeela: horietako bat da orain politikoki zuzenak diren ideiak ikasleei transmititzea, sermoien zein maltzurki zuzendutako ariketen bidez. Hau da: irakasleak nagusi, eta irakaskuntza norabide bakarreko transmisio prozesua.

Bigarrena, orokorragoa: alde batean, metodologiaren alorrean aldaketa sakona, ikasleen arteko elkarlana bultzatu, ikasleek kolektiboki konpondu beharreko erronken aurrean jarrita. Helburua, besteak beste, ikasleek elkarren beharra izatea prozesuan aurrera egiteko eta, ondorioz, elkar ezagutzea, elkar baloratzea eta elkar estimatzea, bakoitzari bere onena emateko aukera emanda.

Bestalde, ikasle-taldearen potentzial etikoa indartzea. Ez dago ezer eraginkorragorik ikasleen portaeraren gainean taldearen presioa eta eragina baino. Horrek eskatzen du ikasleei arazo hurbilak tratatzeko, kritikak egiteko eta erabaki propioak hartzeko beta ematea. Eta, irakasleei dagokien neurrian, haiei zuzendutako kritikak ere onartzea.

Badakigu hori guztia zaila dela. Irakasleen artekoa zaila bada, zailagoa familiak tartean jarrita. Badakigu, baita ere, hori guztia txikitatik hasi behar dela, ikasleek nerabezaroa heldutakoan jadanik ohitura batzuk hartuta izan ditzaten. Zeren eta bullying-a desagertaraztea, beste gauza askoren artean, heziketaren hobekuntzan beste edozein bezalako osagarria baino ez baita.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.