Haur kategoriako nesken talde batek “historia” egin du, mutilen Liga irabazita

Jon Torner Zabala / 2017-04-03 / 234 hitz

Lleidako (Herrialde Katalanak) AEM taldeak, 12 eta 14 urte arteko neskek osatua, irabazi du mutilen 2. Mailako Liga. Duela hiru urte osatu zuten taldea, neskek futbolean jokatzen jarraitzeko aukera izan zezaten, mutilen aurka lehiatu behar baldin bazuten ere. Hasieran partida gehienak galtzen zituzten, baina Ligan hirugarren sailkatu ziren hurrengo urtean, eta irabazi egin dute aurten, txapelketa amaitzeko lau jardunaldi falta direnean, gainera. Jokatutako 22 partidetatik bakarra galdu dute; gol gehien sartu dituen taldea da, eta gutxien jaso dituena.

“Kimuen mailan [10-11 urte] neskek eta mutilek nahasturik joka dezakete, baina Haur-kategoriara igarotzean ibilbidea eten egiten da; ezin dezakete lehiatzen jarraitu, horregatik osatu genuen nesken taldea”, azaldu du AEM taldeko entrenatzaile Dani Rodrigok, El País egunkariak plazaratutako artikuluan. “Bagenekien mutilen aurka jokatzeak lehiakorrago bihurtuko zituela eta, gainera, jokalari oso onek egin dute bat belaunaldi berean”.

Haiena da neskek osatutako talde bakarra Katalunian. “Neskek futbolean jokatzen dute gustuko dutelako, eta irabazi egiten dute gainera”, dio Rodrigok. “Baina ez dakite tabu asko hausten ari direnik. Orain badakigu nesken talde batek irabazi diezaiokeela mutilek osaturiko bati”. Hala esan zien entrenatzaileak jokalariei, asteburuko partida irabazi eta gero: “Gauza oso handia lortu duzue, uste duzuena baino handiagoa. Igoko diren nesken belaunaldi berrientzat zuek izango zarete eredu”.

 

Entrenatzailea jakitun da jokalarien fisikoa handicap bat izan daitekeela, bereziki urtebete gazteagoak diren nesken kasuan, baina taldeak teknikoki eta taktikoki lan handia egiten duela dio: “Horri esker, trabatzen zaizkigun partidak baloi geldian irabazi ditzakegu, pasa den larunbatean gertatu zen bezala”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude