Premiazkoa da

Leire Palacios / 2017-04-06 / 302 hitz

Internet bidezko jazarpen matxistaren biktima donostiar bat izan da protagonista Cazadores de trolls La Sextako saio berrian. 2014an hasi zen dena. Iragarki sexualak agertu ziren sarean Vanesaren argazkiarekin, helbidearekin eta telefonoarekin. Iragarki horietan kondoirik gabe uzki eta bagina sarketa atsegin zuela jartzen zuen, baita bortxatu zezatela gustuko zuela ere. Bere etxearen kokapena ageri zen iragarkietan, eta etxeko txirrina gurutze baten irudiarekin marraztu zuten. Auzotik pintada ugari marraztu zituzten. Vanesak, beldurrak jota, ez zuen etxetik irten nahi.

Ez zekien bere erasotzailea nor zen, baina argi zeukan gertuko pertsona bat behar zuela izan. Informazio pertsonal ugari zeukan norbait zen. Saioa hasi, eta hamabost minutura erasotzailearen identitatea jakin zen: Vanesaren lagun min bat. Garai batean deklaratu omen zitzaion lagun min hura. Vanesak bere gaur egungo mutilagunarekin harremana hasi zuenean, lagun mina haserretu, eta Internet bidezko jazarpenarekin hasi zen. Jazarpenaren helburua mendeku pasionala zen. Erasoaren muga? Auskalo.

Saioak Internet bidezko jazarpenari pisua eman bazion ere, Vanesa eraso matxista baten biktima ere bada. Haatik, harrigarriki saio osoan zehar ez genuen genero indarkeriaren inguruko informaziorik jaso. Hitz bat bera ere ez. Are gehiago, salaketa jarri dion ez dakigu, ezta kasuak aurrera nola egin duen ere. Tankerako kasuetan jarraitu beharreko protokola erakutsi ahal baziguten ere, ez zen horrelakorik gertatu. Informazioa emateko aukera galdu zuten. Modu ikusgarrian azaldu zuten gertatutakoa, furgoneta espia eta guzti. Berebiziko garrantzia dauka tankerako kasuak espazio publikora ekartzea, baina telebista plaza publikoaren parte den heinean, ardura publikoa ere badu. Diskurtsoa sortzeko gaitasuna duten neurrian kate guztiek ardura publikoa daukate, ez soilik denok ordaintzen dugun telebista publikoek. Horregatik, eta bizitza kolokan jar dezaketen kontuez ari garela kontuan hartuta, telebistak bete beharreko erabakiak hartuko dituen genero behatokia behar du. Premiazkoa da. Telebistak ikusle guztion eskura jartzen dituen edukien kalitatea bermatuko duen instituzioa beharrezkoa dela esan dugu sarri askotan. Ez da kapritxo bat: gizartearen etorkizunarekin hertsiki lotuta dagoen erabakia baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.