Sexu-esplotazioaren aurka borrokatzeko, biktimak abokatu bihurtzen dituen eskola

Mikel Garcia Idiakez / 2017-04-24 / 188 hitz

Sexu-esplotazioaren biktimak izan diren eta hortik ateratzea lortu duten emakumeentzat, ikastetxe aitzindaria ireki berri dute Indian: Zuzenbideko karrera egingo dute bertan, hain juxtu prostituziora behartzen dituzten eta zigorgabetasunean jarduten duten horiek kartzelara eramateko asmoz.

Lata 16 urterekin ezkondu zuten eta handik bi hilabetera senarrak putetxera saldu zuen. Ihes egitea lortu ostean, Justiziaren Eskola izenekoan ari da orain Lata, eta bere ikaskideen antzera, argi du: “Esklabo eduki ninduten gizonak zigortzea da nire ametsa”.

Free a Girl mugimenduak sustatuta, 19 eta 26 urte arteko 19 emakume hartuz ireki ditu ateak ikastetxeak: Zuzenbide karrera ikasi eta sexu-esplotazioan espezializatuko dira. Esplotatzaileen inpunitatea kasik erabatekoa da Indian, arlo horretan espezializatutako abokatu eta fiskalak falta direlako, besteak beste. Horri buelta ematea, Gobernua presionatzea eta sistema legalaren barrutik eragitea da helburua.

3 milioi pertsona inguru behartzen dituzte Indian prostituitzera, horietatik 1,2 milioi adin txikikoak. Torturak ohikoak dira eta egunean adibidez 20 gizonekin praktikatu behar dute sexua. India da munduan sexualki pertsona gehien esplotatuta dituen herrialdea.

Brasilen ere Justiziaren Eskola irekitzeko proiektua dute buruan, baina ez da bide erraza. Jaso dituzten mehatxu larriak direla-eta, ez dute ematen Indiako ikastetxearen kokapenaren berri, baina garbi dute ikasleek: arriskuak arrisku, prest daude sexu-esplotazioaren industriaren aurka tinko borrokatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude