24 ordu deskonektatuta

Jon Fernandez / 2017-05-28 / 1558 hitz

Imajinatu egun oso bat Internetik gabe. Aukera gertaezina da, adituen arabera, baina irudikatze hutsak agerian uzten du gaurko bizimoldearen zibermendetasuna. Balizko egun hori osatu du BERRIAk, EHUko Jesus Ibañez segurtasun informatikoko adituaren eta Maialen Garmendia soziologoaren laguntzarekin.

07:20

Sakelako telefonoaren soinuak esnatu du Izaro. Besoa luzatu, eta hirugarren akorderako moztu du Berri Txarrak-en joaldia iratzargailuan. Nagi batzuk egin ditu izarak gainetik kendu aurretik, eta presarik gabe igo du pertsiana: egun eguzkitsua dator. Komunera joan baino lehen hartu du eskuko telefonoa, eta, ezkerrarekin begi makarra kendu bitartean, eskuineko hatz lodiak automatikoki eraman du Facebookera. Hara! Ez dabil. Geldirik geratu da pasilloan, lurrean iltzatuta. Ez dio Facebooken sartzen lagatzen. Zer arraroa. «Ea Twitterren», pentsatu du. Ezta hori ere. Ezin sartu.

Egongelara joan da, routerra ondo dabilen ikustera: piztuta dago, baina Interneten argia itzalita. Ez dago modurik isiotzeko. Ez Facebook, ez Twitter, ez Whatsapp, ez Instagram… eta orain, zer egin? Gogoratu da ez dela komunetik pasatu, eta harantz egin du aurpegia ur hotzez freskatzeko gogoz, bidean telefono konpainia madarikatzen.

08:00

Gosaria oraindik eztarrian duela jarri du abian autoa. Albistegia hasi da irratian, eta aho bete hortz geratu da. Barkamena eskatuz hasi da esataria, zailtasun handiak dituztela-eta informazioa biltzeko, sarea erori baita. Gainera, antza denez, ez da kontu lokala: ia Europa osoa geratu da Internetera konexio barik; eta baliteke mundu osora hedatzea itzalaldi birtuala. «Hori baieztatuz gero [jarraitu du irratiko esatariak], ikaragarria izan daiteke eragina, 3.500 milioi pertsona baitaude… baikaude, on line: munduko biztanleriaren erdia baino gehixeago. Eta segundo bakoitzeko hamar pertsona berri konektatzen dira Internetera. Izugarri hedatu da: 1995ean munduko biztanleen %1 baino ez zeuden sarean». Eta berriz nabarmendu du inork ez dakiela zerk eragin duen mozketa.

Izarok ez daki ondo zergatik, baina eskuekin gogorrago estutu du bolantea: urduri jartzen ari da. «Tira, ni neurera», bere burua lasaitzen ahalegindu da. Medikuarenetik pasatu behar da lanera sartu aurretik, analisiak jasotzera. Beraz, ospitalerako norabidea hartu du.

08:40

Klaxon hotsa etengabea da. Hogei minututik gora daramatza auto ilaran harrapatuta hiri erdian, ez atzera ez aurrera. Semaforoa gorriz jarri da, eta harrezkero ez du kolorerik aldatu. «Badatoz udaltzainak, azkenean!». Irratian zibersegurtasuneko aditu bat hasi da berbetan: «Baliteke trafikoan ere arazoak izatea. Semaforoek, berez, ez dute Internetik behar funtzionatzeko; baina arazoren bat izanez gero, hiri batzuetan sarea behar da semaforoen jarduna koordinatzeko, eta Internetik gabe…». Tartean-tartean sakelako telefonoa hartzen du Izarok, instintuz, Whatsappa begiratzeko. Gero konturatzen da, etsita, ez dabilela. Listo, piztu du motorra. Udaltzainak eskuz hasi dira trafikoa antolatzen, walkie-talkiak erabilita.

08:50

«Hau goiza, hau», agurtu du Izarok medikua. Irribarrez erantzun dio hark: «Ez dakizu ondo. Zu behintzat zorteko zaude». Zorteko? Esplikatu dio ezinezko zaiola pazienteen historia klinikoak eskuratzea sarera sartu gabe, baina bakoitzak badituela bere maniak, eta berea dela bezperan inprimatzea hurrengo eguneko kontsultetako gaixoen historialak eta emaitzak. Medikuak harro laztandu du mahai gainean daukan orri tontortxoa. «Hemen zaude», esan dio irribarrez. Analisiak primeran ditu, osasun betean dago.

10:30

Ordubete bulegoan, eta ia ezer egin ezinik. Ordenagailua piztu bai, baina elkarri begira daude lankideak: zuzendaritza ez da atera bilera gelatik denbora luzean, eta kudeatzaileak batzarrera deitu ditu langileak 11:00etarako. Bien bitartean lantokiko mahaia txukuntzeko aprobetxatu du Izarok, eta bikoteari deitzeko. Egunero aprobetxatzen du bulegoko telefono finkoa etxekoei-eta dei batzuk egiteko. Markatu du zenbakia, baina alferrik. «Telefonoa ere ez dabil?», atera zaio.

Txil eginda begiratu dio lankideak. «Antza denez ja telefono finko gehienek Internetekin funtzionatzen dute: VoIP bidez. Teknikariak esplikatu dit lehen». VoIP? Izarok ez du ezer ulertzen. «Telefono konpainia gehienek dagoeneko ez dituzte erabiltzen lurreko linea arruntak. Hitz egiten duzuna digitalizatu, kodetu eta saretik bidaltzen dute, posta elektroniko bat balitz bezala. Merkeagoa da telefono enpresarentzat… Pentsa, Japoniara deitzerakoan kable arruntak erabiliz gero, bideko kanon ugari pagatu beharko lizkieke hainbat enpresari; aldiz, Internet bidezko bi puntu beti daude gertu». Haserretu egin da Izaro: «Orduan zergatik kobratzen dituzte garestiago nazioarteko deiak?». Bekainak altxatu dizkio lankideak, eta hasperen txiki bat egin du.

«Behintzat sakelako telefonotik dei daiteke, ezta?», jarraitu du. Printzipioz baietz esan dio lankideak, baina arazoak sortzen ari direla. «Teknikoak esplikatu dit hori ere. Gaixoak, eroen pare dabiltza goiz osoan». Eskuko telefonoko deiek uhin bidez funtzionatzen dute: lehen GPRS erabilita gehienbat; orain, nagusiki, G4 uhinekin. «Kontua da mendietako eta eraikin handietako errepikagailuak erabiltzen dituztela uhinak transmititzeko. Errepikagailuek, berez, ez dute behar Internet; baina, bat edo bat matxuratzen bada, akabo. Sarea erabiltzen dute errepikagailuak kontrolatzeko». Txundituta begiratzen dio Izarok. Markatu du zenbakia sakelakoan… eta, bai, entzuten da dei soinua. Gaitz erdi.

11:00

Zuzenean harira joan da enpresako kudeatzailea: «Ezin dugu lanik egin». Zerbitzaria eta bezeroen datuak esternalizatuta dauzkate, lantegiko konputagailuetan gordeta eduki beharrean, eta gaur ezin dute informazio hori eskuratu. «Ohikoena da enpresetan, badakizue. Eta ez bakarrik enpresetan, alderdi politiko batzuk ere ezagutzen ditut Housing-a edo Hosting-a erabiltzen dutenak». Gaur zenbat berba berri ikasi behar dituen pentsatu du bere kolkorako Izarok, eta bere eskuturrei begira geratu da, jabetuz bezala beharginak kablezko esku burdina birtualekin daudela gaur: eskuak eta burua prest, baina lanik ezin eginda.

12:35

Autorik ez hartzea erabaki du bueltarako. Arazoa konpondu arte etxera joateko esan diete lanean, eta autobusez bueltatuko da: ez du bolantea hartu nahi, ostera ere semaforo nahaspilan harrapatuta geratzeko. Autobusean, behintzat, ez du berak gidatuko.

13:15

Dozena bat lagunetik gora daude autobus geltokian, nagusi eta gazte, gehienak begirada non pausatu jakin ezinda. Patrikatik telefonoa atera eta begira hasi da. «Berriro, Izaro?!». Amorratu egin da bere buruarekin: konturatu da sakelakoa denbora hilen jaun eta jabe dela. Arreta telefonoan jarri ezinik, azkenean, ondokoarekin hasi da berbetan. Konturatzerako, taldetxoan berriketan dabiltza bost-sei lagun.

13:45

«Geu ere lanetik etxera bidali gaituzte», azaldu du emakume batek. Autoak egiten ditu lantegian. «Mundua zoratu egin da gaur. Produkzioa geratzea erabaki dute, gauzak argitu arte». Zergatik? «Just in time politikak agintzen du multinazionaletan [argitu du autogileak]. Gauzak ia-ia ez dira ekoizten eskaerarik ez badago. Alegia, jakinaren gainean produzitzen da, eta Internetik ezean ez dago informazio fluxurik. Ahalegintzen dira ahalik eta stock edo biltegi txikienak izaten, irabazi marjinak handitzeko».

Sareko konexio barik ezin da ekonomia planifikatu gaur egun dagoen bezala, nazioarteko merkataritzak ezin du funtzionatu, autobus geltokiko solasaldira batu den bankariak baieztatu duenez. «Alegia, globalizazioa ez dela posible Internetik gabe».

15:10

«Eskerrak bazkaria kozinatzeko konexiorik ez dudan behar». Esan eta barrez lehertu, biak batera egin ditu Izarok etxeko sukaldean. Umoreak beti arintzen du tentsioa.

Telebistaren aurrean bazkaldu du: telebista behintzat badabil. Albistegiak apokalipsiaren kronika dirudi. Lurrean geratu dira gaur mundu zabalean hegan egitekoak ziren 100.000tik gora hegazkin: hegan egin dezakete, baina kontrol dorreetan ezin dute trafikoa antolatu. Finantzen mundua ere hankaz gora dago. «Inbertitzaileak ezin dira harremanetan jarri brokerrekin, eta informaziorik ez daukate prezioak nola doazen jakiteko», esplikatu du ekonomista batek aurpegi larriz. «Eta are gehiago, HFT ere ez dabil».

HFT? Beste sigla bat Izaroren gaurko hiztegirako. High frequency trading: frekuentzia handiko negoziazioa. Pertsonek beharrean, programa batzuk egiten dituzte burtsako salerosketak, algoritmoen bidez. Hori dela eta, erabaki dute burtsak ixtea.

2014an, esaterako, AEBetako burtsetako operazioen %50 egiten ziren HFT bidez; Europan, %35. Begiak klik egiteko behar duen denbora baino ehun mila gutxiago behar ditu programak negozioak lotzeko: mikrosegunduak.

Gaur, ordea, azkarragoa da begia burtsa baino. Mundua gelditu egin dela ondorioztatu du Izarok, porru patatak irensten ari dela.

18:20

Hara! Kafe makina badabil. Ikusi arte jada ez zen fio. Ohiko kafetegira joan da, lagunen bat bertan topatzeko asmoz. Zer isolamendu sentsazioa: whatsappik gabe eta telefonorik gabe ez du asmatu zelan jarri harremanetan lagunekin. Telefono finkoak ez dabiltza, eta sakelakoek arazoak dituzte tarteka. Pentsatu du ohiko tabernara joanda, beharbada, han topatuko duela ezagunen bat.

Bada ez, lagunik ez da agertu. «Bakoitza bere anabasa konpontzen ibiliko da», murmuratu du. Berdin dio, tabernan denak denekin ari dira berbetan gaurko deskalabruaz, ezagun eta ezezagun. «Hanka egin dut etxetik», aitortu du gizon batek zurito tragoa hartuta. «Jasanezin daude seme-alabak. Biak. Hamabost eta hamabi urte dituzte, eta titiko umeak dirudite. Ez dakite ezer egiten sare sozialik gabe!», burua astinduz askatu du ernegazioa.

«Normala da», kontsolatu du beste batek. «Nik 57 urte ditut, eta goiz osoa eman dut ordenagailuari begira zer egin jakin gabe. Hau ezgaitasun sentsazioa». Kontatu du garai batean enpresan sare dedikatu propioak erabiltzen zituztela datuak mugitzeko, baina orain sare pribatu birtualak erabiltzen dituztela. «Interneten kable autopista erabiltzen dugu datuak bertatik bidaltzeko. Hori bai, enkriptatuta, inork ez ikusteko. Lehengo sistema WAN zen; oraingoa, VPN».

Siglak entzun dituenean deskonektatu egin du Izarok. Gaurkoz nahiko izen berri ikasi ditu: gehiago ez, mesedez. Baina tabernako lagun berria ez da isildu: «Hondamendi bat… hodei birtualean gordeta neuzkan milaka erreferentzia». Begiak irten beharrean erreakzionatu du Izarok: «Kaka! Driven gordeta dauzkat ehunka argazki!».

20:05

Pauso lasaian doa etxera, eta deigarri egin zaio espaloi bete jende ikustea dendako erakusleihora begira. Kristalaren beste aldean hiru telebista daude piztuta, albistegiarekin. «Instagramera igotzeko argazki polita litzateke», otu zaio Izarori. Baina argazkirik igo ezin duenez, atera ere ez du egin. «Eta kamera analogiko batekin egingo banu?», bota dio erronka bere buruari. Laster baztertu du aukera: asmatuko ote luke karretea jartzen? Obturazio abiadura egoki aukeratzen? «Asko hitz egiten da analfabeto digitalez, baina gaur biluzik geratu gara analfabeto analogiko bat baino gehiago».

22:00

Harrituta baina gustura dago Izaro: 22:00ak, eta dagoeneko ohean. Irratia piztuta dauka mesanotxean. Zibersegurtasun aditu bat dabil berbetan: «Ulertezina da. Ezinezkoa da Internet erabat erortzea. Batetik, internet deszentralizatuta dagoelako: adar ugari ditu sareak, kable ugari daude itsaspean eta lurpean, eta denak apurtzea sinesgaitza iruditzen zait. Bestetik, ez luke logikarik zibereraso batek Internet desmuntatzea, lapurraren bitartekoa bera delako sarea».

Izarok gaur sinistu du errealitateak beti gainditzen duela fikzioa. «Lasai, biharko konponduta egongo da dena seguruenik. Larrialdi kasuan soluzioa da satelite konexioak jartzea: garestia da, baina posible da».

Nazkatuta, Izarok irratia itzali du. Liburua zabaldu du segidan, eta lehen orria pasatu baino lehen erori zaizkio betazalak.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.