«Gazte gehienek ez dute kalamua hartzen»

Iker Tubia / 2017-05-30 / 625 hitz

Nafarroako Gizakia Helburu fundazioaren barruan, nerabeekin eta haien familiekin lan egiten du Mendigutxiak. Aurretik ere, nerabeekin egin du lan. Doktoretza tesia prestatzen ari da NUPen.

Haren aurpegia ezagun egin zen 1984an, Tasioren rola jokatu baitzuen izen bereko filmean. Protagonistaren haurtzaroa antzeztu zuen Garikoitz Mendigutxiak (Iruñea, 1972). Haren lana, baina, ez da pantailetan ikusten. Psikologoa da, eta Nafarroako Gizakia Helburu fundazioan lan egiten du, Suspertuz prebentziorako programaren barnean. Bihar, gai horri buruz arituko da Iruñeko Euskaldunon Biltokian.

Gazte askok kalamua kontsumitzen duten ustea zabaldua da. Ez da horrela?

Oso kaltegarria da gazteei horrelako mezuak bidaltzea prebentzioari dagokionez. Pertsona batek uste badu denek zerbait egiten dutela, normalizatu egiten da. Datuek diotenez, ez da egia gazte gehienek kalamua kontsumitzen dutenik. Nafarroan, 14-17 urte bitartean egunero kalamua erretzen dutenak %5 ere ez dira. %20k probatu dute, baina %75ek ez dute kalamurik erretzen. Benetako informazioa hori da: gazte gehienek ez dute erretzen.

Nondik ateratzen dira usteak?

Ez dakit. Normalean beti pentsatzen dugu gure garaian hau ez zela gertatzen, baina datuak ez dira horrenbeste aldatu. Goizago hasten direla esaten da, baina ez da egia. Askotan, egungo garaia txarrena dela uste dugu, baina ez da horrela.

Drogen kontsumoaren prebentziorako zer egin behar da?

Prebentzioa heziketa gisa ulertzen dut. Heziketa ez duzu 14 urterekin egin behar, jaiotzen denetik baizik, eta, kasu batzuetan, jaio baino lehen egin behar da. Batzuetan, badakizu jaiotzear den haurrak arazoak izango dituela urte batzuen buruan. Beraz, faktoreak landu behar dira: familiaren inguruan mugak eta arauak argi jarri, gainbegiratzea egin, komunikazio ona izan, harreman afektibo onak izan…

Prebentzioa lantzen duzue zuek. Nola lortzen da kontsumoan ez erortzea?

Prebentzioan, eskalaren hipotesia erabiltzen dugu. Kontsumoaren hasiera atzeratzen baduzu, pila bat irabazten duzu. Izan ere, oso zaila da pertsona batek marihuana kontsumitzea ez bada erretzailea.

Programa honetan parte hartzen duten familiak nolakoak dira?

Denetarik dago; familia normalak. Askotan uste dugu familia desegituratuak direla, baina ez. Bestalde, Suspertura ez datoz beti kontsumo arazoengatik, badira bestelako arazoak ere.

Estigmek zailtzen dute programetan parte hartzea?

Ez dut uste. Nahiko erraz etortzen da jendea, prebentzio programa delako. Pentsa daiteke droga menpekotasuna dutenak etortzen direla, baina 15 urterekin ez dago horrelakorik. Badira asko kontsumitzen dutenak, edo pasatzen direnak. Gero eta nagusiagoa, geroz eta arazo gehiago. Horregatik, prebentzioa ahalik eta azkarren egin behar da.

Drogak txarrak direla eta ezin direla kontsumitu mezua batzuetan ez ote da kalterako?

Izan daiteke batzuetan prebentzioaren aurkakoa. Neska-mutilei esaten diet drogak hartzeko erabakia norberarena dela, bakoitzak bere gorputzarekin nahi duena egin dezakeelako. Nire erabakia drogarik ez hartzea izan da, baina horrek ez zaitu hobea egiten. Baina argi dago: gorputzerako txarrak dira.

Kalamuaren legeztatzeari buruz zer uste duzu?

Debatea batzuetan nahastu egiten da. Ni ez nago erabilera medizinalaren aurka, baina afera ez da hori. Gauza bat da medikuntzaren alorrean ikerketa egitea, eta beste bat da aisialdirako erabilerarena. Debate hori nahiko kutsatuta dagoela uste dut. Gainera, kontuan izan dezagun atzean zer dagoen. AEBetan ari da mugitzen gehien, eta debate horrek interes handiak ditu. Presio taldea tabako enpresa garrantzitsuenek osatzen dute. Estatu batzuetan, medikuntzarako legeztatuta dago, eta nahi dute hurrengo pausoa eman aisialdirako legezko izan dadin. Hori guztia enpresa jakin batzuek kontrolatuko dute.

Legez kanpokoa izateak erakargarri egiten duela diote batzuek. Gehien erakartzen duena da kontsumoa normalizaturik egotea?

Interesgarria da debate hori. Legeztatzea planteatzen dutenek egiten dute arazoak kentzeko ikuspuntutik: jende gutxiago izango da kartzelan, kontrolatuago egongo da egoera… Munduan arazo gehien sortzen duten drogak alkohola eta tabakoa dira, izugarrizko aldearekin gainera; noski, horiek kontsumitzen direlako gehien. Legeztatzeak ekarriko du kontsumo gehiago egongo dela, eta aukera gehiago.

Alkoholarekin zer egin?

Ezin duzu kontsumorik eza landu, ez du zentzurik. Alkohola kulturalki gehienok erabiltzen dugu. Egin behar da arriskua arintzeko politika. Kontrola izan behar da hizpide: nola ez pasatu. Nafarroa Oinez-en, guraso gisa, ezin diozu esan 15 urteko seme edo alabari ez edateko, zure kuadrillarekin garagardo katxia eskuan baduzu. Hau moldatze afera da, familiako heziketa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.