Teknologiaren agora berria

Lander Muñagorri / 2017-05-25 / 1112 hitz

Silicon Valleyko zenbait enpresatan filosofoak kontratatzen hasi dira etorkizuna ulertzeko daukaten gaitasunagatik. Zalantzak sortu ditu neurriak filosofoen aldetik, enpresa horien jarduna legitimatzeko saioa izan daitekeelako. Edozein modutan, hezkuntzan irakasgaiari dagokion prestigioa itzultzeko balio dezake.

Filosofo bat enpresa teknologiko batean lanean aritzea deigarria izan daiteke, baina gaur egun hala gertatzen ari da. Munduko enpresa teknologiko handienak filosofoak kontratatzen hasiak dira, arrazoitzeko eta etorkizuna aurreikusteko daukaten gaitasunagatik. Hori izan daiteke IBM, Google, Microsoft eta halako erraldoien kasua, ehunka filosofo baitauzkate euren langileen artean, baina Silicon Valleyn dauden beste hainbat teknologia enpresatan ere berdin gertatzen da. Arraroa eman dezake aurrerapen teknologiaren lehen lerroan dauden enpresek halako apustuak egitea, baina, azken batean, etorkizuneko gizartea zein eratakoa izango den zehaztea izango litzateke filosofo horien funtzioa. Baita egungo testuinguruaren azterketa sakonago bat egitea ere. Egindako lan horren eraginez, etorkizun horri, edo egungo testuinguruari nola erantzun jakingo lukete enpresek.

Hemendik milaka kilometrora hori da enpresa batzuek hartu duten estrategia, baina Euskal Herrian halakorik ez da: «Silicon Valleyn etorkizunera begira daude, gu hemen eguneroko jardunak ekartzen duenari erantzuten saiatzen ari garen bitartean». Horregatik ez dira oraindik halako profilak eskatzen hasi, Jose Ramon Irigoien Gipuzkoako Human giza baliabide enpresako zuzendariak azaldu duenez. «Gaur egun, oraindik, ikuspegi teknikoari ematen zaio lehentasuna; lehen, enpresa batzuetan profil humanista hori eskatzen zen, baina, krisiarekin, joera hori alboratuz joan zen». Baina gauza bat da zer lehenesten den, eta bestea giza zientzien inguruko interesa berpizten ari dela. Hala sumatzen du behintzat berak: «Hezkuntza teknikoa daukaten profesionalak gero eta interes handiagoa daukate humanitateekin, balioei gero eta garrantzi handiagoa ematen baitzaie». Baina interesa areagotzen ari den arren, gaur-gaurkoz, oraindik ez dago filosoforik teknologia enpresetan. Edo behintzat, ez dute espresuki soslai hori bilatu edo eskatzen.

Urruneko aukera bat izanagatik ere, Jon Umerez EHUko Filosofia, Zientzia eta Balioak masterreko koordinatzaileak filosofia fakultatera doazen ikasleei beti gogorarazten die etorkizun batean enpresa horiek filosofoak beharko dituztela. «Halako enpresak ikusten ari dira egungo hezkuntza sisteman ultra espezializazio bat ematen ari dela, eta badagoela horretarako beharra; hau da, gauzak globalago ikusteko, eta arrazoitzeko beste gaitasun batzuk izateko». Baina egungo hezkuntzan teoriatik praktikara jotzen da gehiago, eta uste du horrek kalte egin dezakeela. Edozein modutan, uste du goiz ala berandu joera hori Euskal Herrira ere iritsiko dela.

Kritikarako beharra

Baina enpresa teknologikoetan zertarako daude filosofoak? Iñigo Martinez Agora filosofia elkarteko kidea eta irakaslea da, eta joera horrekin eszeptikoa da. «Enpresa handi hauen ekimenetik etorrita, susmoa ez da ona, euren printzipioak hedatzeko beste modu bat bezala erabili baitezakete filosofoa euren enpresan». Hau da, egungo teknologia ekoizpenaren etengabeko hazkundea zalantzan jarri gabe, egoera hori hauspotuko lukeen pentsalari bat izango litzateke langile hori, haren arabera.

Umerezek ere arrisku hori ikusten dio joerari: «Ezagutzaren gizartean sakontzen ari gara, eta gizarte honetan gertatzen diren aldaketak ez dira bakarrik aldaketa tekniko edo teknologikoak. Horiek aldaketa sozialak, balioei buruzkoak, politikoak edo kulturalak ere ekarri dituzte. Teknologiaren garapenarekin batera gertatzen ari diren aldaketa horiek ulertzeko gaitasuna da filosofia». Bada, egungo gizartearen analisia enpresa jakin baten jarduera legitimatzeko erabiltzen baldin bada, hori norberaren buruari harriak botatzea bezala izango zela uste du. «Filosofoak dituen gaitasunak zeren mesedetarako erabiltzen diren, hori izan beharko litzateke argitu beharreko puntuetako bat», esan du.

Jarduera eta eredu ekonomiko bati legitimitatea eman beharrean, Umerezek argi dauka filosofiak zein rol jokatu beharko lukeen. Analisi kritikoa egiteko gaitasuna eskatzen dio enpresa batean dagoen pentsalariari: «Ikusi behar da zer arazo dauden, horiek ondo aztertzeko. Izan ere, askotan ematen du edozein garapen teknologiko beti izango dela aurrerapena. Zein eragin daukaten ikertu beharko litzateke, horren inguruko balorazio, politiko sozial edo kulturala egiteko; ez dakit enpresa batek horretarako nahiko ote duen filosofo bat, baina hori beste kontu bat da. Printzipioz, filosofia ikasketak egin dituen pertsona batek hori guztia eskain diezaioke enpresari».

Martinezek «teknologiaren tirania» aipatu du puntu horretan. «Zalantza dut filosofoen rol honetan zenbateraino izango den oztopoak analizatzea eta horiek gelditzea. Baina finean, teknologiak gizartearen onurarako bitarteko izan beharko luke, eta ez helburu». Gaur egun teknologia helburu bihurtzen ari dela uste du, hori guztia zertarako den hausnartu gabe. «Galdera horiek proposatzeko balioko balu filosofoen presentziak, arnasa lasai hartu ahal izango genuke, baina beldur naiz ez dela horrela izango; bestelako erritmo teknologikoari itsu-itsuan jarraitzea da asmoa».

Bi filosofoen jarrera mesfidati horren atzean teknologiaren etika falta dago. Hala dio Martinezek: «Garapena ondo dago, baina ez edozein modutan, eta askotan hori falta zaigu, zalantza egitea. Fisika atomikoa garatu zen, baina bonba atomikoarekin batera; uste dut berrikuntza bakoitzak behar duela elkarrizketa etikorako tokia, eta ez ikusmin itsu bat. Zerbait berria bada, distira bat duela baitirudi, eta ez da ezer zalantzan jartzen». Umerezek, berriz, uste du zentzuz jokatu beharko litzatekeela, zientziaren eta teknologiaren kasuan bi jarrera kontrajarri nagusi ikusten dituelako: garapen teknologiko oro zoragarria eta aurrerapen gisa ikusten dituztenak alde batetik, eta analisi zehatzik gabe garapen oro arriskutsua dela diotenak bestetik. «Tarteko zerbait behar dugu, analisi kritiko batez egin beharko litzateke azterketa kasu bakoitzean».

Horregatik guztiagatik uste du zientzia eta teknologia bera humanizatu egin beharko liratekeela. «Baina horrekin batera, pentsamenduaren eta filosofiaren presentzia ere bermatu beharko litzateke zientzietan ere. Elkar elikatu beharko lukete bi atalek», Umerezen arabera. Eta, alde horretatik, gaur hezkuntzan egiten den bereizketa gaitzetsi du, zientzietan apenas ikasten baita filosofia, eta letretako adarrean gaur egun hautazko ikasgaia da.

Filosofia hezkuntzan

Paradoxikoa dirudi: teknologia enpresetan filosofoen presentziak Umerez eta Martinezen artean susmo txarrak piztu ditu, baina hezkuntzaren alorrean, berriz, positiboa izan daitekeela uste du Umerezek. «Horrek erakusten du filosofiak irakasle izateko baino gehiago ere balio duela». Azken hezkuntza erreformen eraginez, filosofiaren presentzia murriztu egin da ikasleen curriculumetik. «Halako albisteek kontrako norabidean jar dezakete agintarien ikuspegia, eta, oraindik hitz egiteko goiz den arren, badirudi zerbait aldatzen ari dela». Hala ere, hartzen diren neurriak aztertu behar direla esan du.

Martinezek ere beharrezkotzat jotzen du filosofiari dagokion prestigioa itzultzea. Irakaskuntzan pentsamenduari gero eta garrantzi gutxiago ematen zaiola ikusita, hainbat diziplinatako pertsona ezagun batzuei filosofiaren garrantziaren inguruan hitzaldi bat eskaintzeko eskatu zien joan den udan Agora elkarteak. Gaur bertan, hitzaldi horietan emandakoa liburu formatuan aurkeztuko dute Donostian. Filosofiaren defentsak izenburuarekin argitaratu duten lanean egile hauek hartu dute parte: Pedro Miguel Etxenike fisikoa, Teresa Maldonado ekintzailea, Joxe Arregi teologoa, Pako Aristi idazlea, Enrique Zuazua matematikaria, Garbiñe Biurrun legelaria, Oihana Ameskua irakaslea, Mari Carmen Gallastegi ekonomialaria, Xabier Galardi erlijiosoa, Amaia Arenal politikaria, eta Agustin Arrieta Urtizberea eta Daniel Innerarity filosofoak.

«Filosofia gauza bakarti baten moduan ikusten da askotan, baina agerian utzi nahi izan dugu ez dela horrela; pentsamenduaren balioa zein izan den erakutsi nahi izan dugu, alor ezberdinekin nahastuz», azaldu du liburuaren koordinazio lanean aritu den Martinezek.

Filosofiak hezkuntzara eta kalera itzuli behar duela aldarrikatu du Martinezek, «gero eta erantzun azkarragoak jasotzen ditugun gizarte batean apur bat gelditu eta hausnarketarako tartea hartzeko». Bide horretan, enpresek filosofiaren aldeko apustua egiten baldin badute, akaso berandu baino lehen berriz ere prestigioa hartuko du filosofiak, eta Sokratesen hausnarketak jasoko dituzte biharko ikasleek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.