Ihes Ezkuta Dei

Edu Lartzanguren / 2017-06-08 / 1283 hitz

Izuaren mamua zabaltzen ari da Europan. Manchesterren eta Londresen benetako erasoak egon dira, baina, Turinen, 1.500 pertsona zauritu dira erasorik gabeko ihesaldi itsu batean. Baina zer da beldurra? Zer dinamika du giza taldeetan? Zergatik esaten da eskuinari egiten diola mesede?

hes egin leku segururen batera». Horrela hasten da mezua. «Hobe da korrika ateratzea amore ematea edo negoziatzen saiatzea baino. Ez baduzu ihesbiderik, ezkuta zaitez. Ezkutalekuan isildu telefonoa, eta bibrazioa kendu. Ahal baduzu, barrikada bat egin. Deitu Poliziari ahal duzunean». Horra Londresko Poliziak asteburu honetan argitaratu duen afixako testua. Eraso bat gertatuz gero, egin beharrekoak zehaztu dituzte Ihes, ezkuta, dei oharrean. Mezua ez da batere lasaigarria, batez ere kontuan hartzen bada Erresuma Batuko erakundeek Keep Calm and Carry On (Lasai, eta segi aurrera) gomendatzen zietela herritarrei Bigarren Mundu Gerraren erdian, nazien V2 misilak Londresen egunero erortzen zirenean. Zerbait aldatu da, azken boladan, beldurraren kudeaketan.

Turin (Italia) da horren lekuko. Ulertzekoa da beldurra, izua eta psikosia egotea azken asteotan erasoak pairatu dituen herrialde batean. Baina Turingoa beste kategoria bateko gertaera izan da. Ez zen inongo erasorik, baina larunbat gauean 1.500 pertsona baino gehiago zauritu ziren San Carlo plazan, futbola pantaila erraldoi batean ikusten ari zirela bat-batean sorturiko ihesaldi batean. Izu itsua.

«Ez dut uste oro har beldurrez bizi garenik. Baina antsietatea eta beldurra emozio normalak dira, horiekin jaiotzen gara berez», esan du Karmele Salaberriak. Psikologia klinikoaren eta tratamenduen inguruko gaiak irakasten ditu EHUn. Aditua da, beraz, beldur eta antsietate gaien inguruan.

Baina zer da beldurra? «Beldurrak gure gorputza prestatzen du mehatxuari erantzuteko: ihes egiteko, edo borroka egiteko», erantzun du Salaberriak. «Horretarako programatuta gaude». Bizirik irauteko tresna bikaina da izua. Mehatxuaren aurrean, burmuinaren barruan dagoen hipotalamoak bizkortzeko agindua ematen dio gorputzari, eta horrek 30 hormona baino gehiago ekoizten ditu, tartean adrenalina. Bihotza azkartzen da, eta odol presioa handitzen da. Begi niniak handitzen dira, ahalik eta argi gehien hartzeko. Zainak estutu egiten dira, odola giharretara bidaltzeko; horregatik sentitzen dute hotza azalean izuturik daudenek. Giharrak tenkatzen dira, eta horrek oilo ipurdia eragiten du. Digestioa gelditzen da, odola giharretara bidaltzeko; horregatik, jendeak botaka egiten du. Immunitate sistema geratzen da; horregatik gaixotzen da jende estresatua.

Gizarte antsietatea

Beldurra eta izua mehatxuen aurrean sortzen dira. Baina gaur gizartean sumatzen dena ez da arrisku objektibo batek sorturiko erreakzioa, baizik eta gerta zitekeen zerbaiten aurrekoa. Horregatik, hainbat psikologo eta soziologoen arabera, Mendebaldean gertatzen dena ez da berez beldurra, baizik eta antsietatea.

Nondik dator antsietate hori? «Duela 50-60 urte jendeak ez zuen ezagutzen munduan zer zegoen. Ingurune hurbila ezagutzen zuen. Ez zegoen gaur bezainbeste irudirik», esan du Salaberriak. Gaur, edozein unetan edozein tokiko irudiak ditugu, eta informazio gehiago dugu arriskuen inguruan.

Ez dago mehatxurik, eta, halere, beldurra gertatzen da. «Emozioak aktiba daitezke kanpoko estimuluen aurrean, baina geuk ere aktiba ditzakegu, irudimenaren, irudien edo pentsamenduen bidez». Beldurra libre da, leloaren arabera.

«Txikitan kontatzen diguten beldurrezko ipuinak horretarako dira, prestatzeko», psikologoak azaldu duenez. Irudimena kontrolatzen ikasteko, nolabait ere. Plazer bitxia lortzen du jendeak beldurrezko filmak ikusten. Beldurrak sortutako estimulazioa apropos bilatzen du jendeak, muturreko kiroletan, edo, besterik gabe, jolas parkeetan.

«Europan gertatzen ari diren erasoak indiskriminatuak dira, edozeinoiz eta edonon gertatzen dira, eta edonor izan daiteke biktima». Horrek handitu egiten du beldur ez-objektiboa sentitzea. Parisen egon zen Salaberria duela bi urte. Militarrak ikus zituen kaleetan, batez ere turismo guneetan. «Horrek etengabe gogorarazten dizu gertaturikoa».

Turinen gertatutakoa «normala» da, irakaslearen arabera. Ihesaldia da, sen naturalari jarraikiz. Inork ez du Poliziaren afixa bat behar ihes egiten ikasteko. Zertarako jarri, orduan?

Beldurraren kudeaketa

Kontzeptu ausarta plazaratu zuen Tom Pyszczynski psikologo sozialak 1986. urtean: beldurraren kudeaketa (Terror Management), eta badirudi denborak arrazoia eman diola.

Pyszczynski eta lankideek proposatu zutenez, gizakiak bizitzeko nahia du, baina argi duenez hilko dela, horrek gatazka psikologikoa sortzen dio. Borroka horrek beldurra eragiten du, eta, horri aurre egiteko, izua kudeatzeko, balore kulturalei edo sistema sinbolikoei heltzen die, horiek bizitzari zentzua ematen diotelakoan. Aberria, taldea, familia, gizatasuna… balioak, oro har, heriotzarekiko beldurra kudeatzeko tresnak dira.

Horrek zuzenean lotzen ditu izua eta politika. Jendea beldurtuta dagoenean, dituen balioei estuago lotzen zaie. Hau da, izu giroak jendea kontserbadoreago egiten du. «Bistan da izuaren kudeaketaren teoriak argi aurreikusten zuela Mendebaldeko gizarteak azken urteotan eskuin populismora egin duen bidea», esan du Pyszczynskik.

‘Cui prodest’, nork ateratzen dio mesedea beldurrari? galderari erantzuna ematen dio horrek. Ikertzailearen arabera, mundua gero eta konplexuagoa izanik zaila da ulertzea, 2008ko krisiak sorturiko zailtasunak ekonomian eta «herrialde askotan dagoen banaketak kalte larria egin dio segurtasun sentipenari».

Haren teoriak gertatutakoa ulertzen laguntzen, eta, hein batean, aurreikusten badu ere, harrituta dagoela esan du ikertzaileak. «Donald Trumpen moduko eskuineko buruzagien arrakasta hori bat dator gure teoriarekin», esan du. « Baina txunditu egiten nau genituen ohartarazpen guztien eta Trumpek kanpainan esan eta egin zituen gauza penagarri guztien ondoren, benetan gertatu izanak [Trump presidentetzara heldu izana, alegia]». Psikologo sozialaren arabera, politikariek badakite beldurra arma eraginkorra dela jendea manipulatzeko, eta erabili egiten dute. «Donald Trump da, beharbada, horren adibiderik onena».

Izuaren kultura

Barry Glassner soziologoak ere gaurko egoeraren gakoak deskribatu zituen aspaldi, 1999. urtean, The Culture of Fear liburuan (Beldurraren kultura). Datuak eskuetan, Mendebaldeko gizarteetan arriskuaren pertzepzioa faltsua dela erakutsi zuen. Benetako arriskuak kontuan hartu beharrean, herritarrak «gauza okerrekin» daudela izututa adierazi zuen. Hegazkinen adibidea eman zuen Glassnerrek, eta klasiko bihurtu da dagoeneko: hildakoak eragingo dituen hegazkin istripu bat pairatzeko norbanakoak duen arriskua, 3,4 milioitik bat da. Hau da, gizabanakoak %0.0000002 aukera ditu hiltzeko halako batean. Haatik, askoz aukera handiagoa du hiltzeko auto istripu batean, arraunean, korrikan edo bizikletan ibiltzen. AEBetako Segurtasun Nazionalerako Batzordearen datuen arabera, herritarrak bihotzeko gaitzez eta minbiziz hiltzeko dituen aukerak zazpitik bat dira. Bihotzekoa, alzheimer, diabetesa,pneumonia, giltzurrunetako gaitzak… horiek guztiak zerrendaren goian daude. Eta horiei guztiei osasungintzan inbertsioak gauzatuz egin dakieke aurre. Datu deigarria: AEBetan askoz handiagoa da Poliziaren eskuetan hiltzeko arriskua (8.359tik bat), eraso armatu batean baino (45.808tik bat).

Europan, 1988. urtean hil zen jende gehien eraso armatuetan. Kontuan hartu behar da urte horretan hegazkin batean jarritako bonbak 270 hildako eragin zituela Lockerbien (Eskozia). Geroztik, Madrilgo 2004ko erasoa (192 hildako), eta 2015ean eta 2016an Frantzian eginikoak nabarmentzen dira. Baina, betiere, azken urteotako datuak 1970ko eta 1980ko hamarkadako zenbakietatik oso azpitik daude.

Mendebaldean, beraz, gizateriaren historiako arorik seguruenetako batean bizi da jendea. Eta, halere, «inoiz ez da horrenbeste beldur saltzailerik izan», esan du Glassnerrek. Nola azaldu arrisku erreala eta sumaturiko arriskuaren arteko desproportzioa? Paradoxa ematen badu ere, Pyszczynskik uste du aro seguruan bizitzeagatik dagoela jendea horren izututa: «Jendea gaurko indarkeria giro apalera ohitu da, eta, ondorioz, mehatxuak askoz larriagoak iruditzen zaizkie».

Eguneko 24 orduetan telebista eta Internet bidez albisteak jasotzea erabakigarria da izu giroan, ikertzailearen arabera. Psikologo sozialak azaldu duenez, «normala da jendeak arreta gehiago jartzea albiste txarrei onei baino, gertaera txarrak onak baino eragin muturrekoagoak dituztelako, eta heriotza ekar dezaketelako, zeinak gertaera on guztien amaiera dakarren».

Larunbata gauean Londresen gertaturiko gauza bat nabarmendu Salaberriak: Polizia taberna batean sartu garrasika agintzen jendeari lurrera botatzeko, eta, halere, jendea eszena bideoz hartzen zebilen. «Gaur irudiok gertatu ahala ikusten ditugu. Horrek pentsarazten digu arriskuaren gizarte batean bizi garela, baina Europako bizi itxaropena 80 urte dira. Joan zaitez Afrikara: 40 urterekin hiltzen dira», esan du.

Glassnerrek argi du zergatik zabaltzen den beldurraren kultura: «Politikari askok, saltzaileek eta hedabideek beldurra erabiltzen dute botoak, dirua, ikusleak eta boterea irabazteko», esan du. Gaineratu duenez, beldurra tresna eraginkorra da jendearen arreta lortzeko eta bultzatzeko norbaiti botoa ematera edo zer edo zer erostera. «Beldur saltzaileek askotan erabiltzen duten taktika da, esaterako, jendearen arreta desbideratzea —diru sarreretan desberdintasunetik, edo politikari baten ekintza txarretatik— eta haiek beldur duten beste zerbaitetan fokatzea: gizarteko beste talde batean, esaterako», esan du Glassnerrek.

Beldurra «tresna politiko indartsua da», Pyszczynskiren arabera. Ikertzaileak zuzenean ikusi du hori: esperimentuen bidez frogatu du jendeari heriotza aipatze hutsak Trumpen aldeko jarrera areagotzen diola. «Eraso terroristak heriotza dira: jendea izutu eta erabaki txarrak hartzera bultzatzeko asmoa dute. Nahiz eta, luzera, erabaki txar horiek terroristen kausa indartu».

Beraz, gaurko Zeitgeist edo garaiaren espiritua definitzeko, bi leloren artean dago aukeratzeko: Lasai eta segi aurrera, edo Ihes, ezkuta, dei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.