Loratu da Galaxia

Iker Tubia / 2017-06-13 / 1078 hitz

Esne Bidea irudikatzen duen lorategia aurkeztu dute Iruñean. Hawaiin duela hamar urte egindako proiektu bat ekarri dute Euskal Herrira, eta gisa horretako lehenbiziko lorategia da Europan. Astronomia ezagutzak zabaltzeko tresna ez ezik, Yamagutxi parkea edertzeko eta hartaz gozatzeko ere balioko duela azaldu dute egileek.

Iturri beltz bat, eta 550 zuhaixka bere inguruan, beso kiribilak osatuz. Horixe da Iruñeko Planetarioaren aurrean ikus litekeena ostiraletik. Eleagnus ebbingei eta aucuba japonica hondo izarratuak balira bezala, hibiscus siriacus nebulosen itxuran, salix integra Hakuro Nishiki izarrarteko gas eta hautsen pare eta cordyline indivisa Red Star kumulu globularrak ordezkatuz. Baina lurra da nagusi lorategi horretan, disko galaktikoa eta materia iluna irudikatzen duena.

Infinitura eta urrutiagora joatea inoiz baino gertuago dute euskal herritarrek. Izan ere, galaxiaren lorategia sortu dute Iruñeko Udalak eta Planetarioak, hamaika elkarteko kideren eskuei esker. Esne Bidearen irudikapena da, baina lorategi baten bidez. Lurrean 30 metroko diametroa hartzen du espazioan 100.000 argi urteko zabalera duena. Eskalan egina dago, eta besorik txikienean dago Lurra: Orion besoan. Lurra salix integra baten hostoaren barruan dago. Hosto baten zelula batean sar liteke Eguzki sistema osoa, beraz, ikusezina da planeta lorategi zabalean. Eguzkia ere ezin da ikusi, 0,045 nm neurtzen du han. Eguzkian milioi bat Lur sartzen ahal dira.

Lorategian ibilalditxoa emanez berehalaxe konturatu liteke inor galaxian duen tamainaz. Neurriak bestelakoak baitira konparazioaren arabera. Hor dago gakoa, zerbaiten neurria zerekin alderatu. Lurra ezdeusa dela pentsa liteke lorategiaren zabaltasunarekin alderaturik. Hala ere, lorategiaren helburua ez da inori konplexurik sortzea. «Ez dugu ezdeusak garela sentitu behar. Galaxia bera ezagutzea lorpen handia da, kosmosean non gauden jakiteak harro sentiarazi behar gaitu espezie gisa». Galaxiaren lehenbiziko lorategiaren sortzailearenak dira hitzok, Jon Lombergenak. «Ikusi gizakiok ikasi eta sortu dugun guzia, ezerezetik hasita, unibertsoaren sekretuak ezagutu ditugu. Hori oso esanguratsua da».

Duela hamar urte sortu zen gisa horretako lehenbiziko lorategia, Hawaiiko Paleaku lorategietan (AEB). Lombergek egindako proiektua orain Euskal Herrira ailegatu da, beraz, Europako lehenbiziko galaxiaren lorategia da Iruñekoa. AEBetan ere beste bat sortzen ari dira orain, Delawaren. Ostiralean inauguratu zuten, instituzioetako eta hezkuntza komunitateko eragileekin batera. «Astroen bateratzeen modukoa da hau», azaldu du Alfonso Karlosena Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, proiektua kasualitatez sortu baitzen Lombergek Iruñean emandako hitzaldi bati esker. NUPen babesa ez ezik, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearen aitortza ere jaso du lorategiak. «Lorategi galaktiko eta lurtar hau berezia eta originala da, nahiz eta munduan bigarrena izan, sortzailea eta berritzailea da», azaldu du Ruper Ormazak elkartearen izenean. «Ezagutzarako eta naturaz gozatzeko espazioak sortzeak balio handia du», gehitu du.

Lomberg ez da Iruñean izan, baina galderei erantzun die AEBetatik. Azaldu duenez, Hawaiiko lorategiari esker jende gehiago gerturatu da astronomiara, eta eskola askoren bisitak izaten dituzte, beraz, astronomia hezkuntza sustatzeko balio du. «Galaxiaren lorategia aurrerapen handia da astronomia hezkuntzan. Mundu osoan ditugu Eguzki sistema irudikatzen duten eskalako modeloak. Gertu eta urruti diren planeten artean ibiltzeak Eguzki sistemaren dimentsioa irudikatzen laguntzen digu liburu edo pantaila batean baino askoz ere hobeki. Galaxiaren lorategiak hori bera ahalbidetzen du, baina galaxiari buruz».

Iruñeko lorategia Mikel Baztanek diseinatu du, Iruñeko Parke eta Berdeguneen zuzendariak hain zuzen ere. Kontent da emaitzarekin: «Planetarioak tresna oso polita du dibulgaziorako eta haien proiektua ezagutarazteko, eta udalak lorategien bitartez ingurumenaren eta zientziaren hezkuntza emateko aukera du. Gainera, turismoarentzako baliabide bat izanen da, nazioartean kokatuko gaituelako». Baztani tokatu zaio proiektua han eta hemen defendatzea, eta toki guzietan mezu bera eman duela azaldu du: «Honi esker, benetan dugun dimentsioaz jabetu gaitezke. Oso txikiak gara, ez gara hain garrantzitsuak, baina Lurra bideragarri egin nahi badugu, denek elkarrekin lan egin behar dugu. Edo bat gara, edo ez gara izanen. Hori da eman nahi izan dugun mezua».

Gozatzeko baino gehiago

Baztanek eskarmentu handia du lorategiak egiten. Zentzumenen parkea berak sortu zuen Noainen (Nafarroa). Proiektu horrek ingurumenaren eta iraunkortasunaren inguruan ikasteko balio du, adibidez. Lorategien bestelako funtzioak aldarrikatu ditu Baztanek: «Lorategi publikoen bitartez gai pila bat zabaldu ditzakegu; ez dira bakarrik bizi kalitaterako, berdeguneak izateko edo aisialdirako. Edozer gauza egin daiteke lorategi batekin: matematikak azaldu, klima aldaketa edo bioaniztasuna landu… Azken finean, gure eredu berdea erakusteko balio du».

Planetarioan ere kontent dira haien eraikinaren sarreran paratu duten lorategi kosmikoarekin. «Zientziari buruz eta unibertsoari buruz mintzatzeko gaude hemen, eta eskalako modelo bat izatea gauza ezin hobea da», esan du Fernando Jauregi Planetarioko Izarren Eskola programako arduradunak. «Ezagutza gizartearekin partekatzea oso lan garrantzitsua da, horrela lortzen baita gizarteak garatzea, justuagoak eta demokratikoagoak izatea, eta denak libreago izatea».

Astronomia ezagutzen dibulgazioan lan egiten duenez gero, alor horri heldu dio lorategiari buruz hitz egiteko orduan. Azaldu duenez, Esne Bideari ezin zaio argazkirik atera, baina oraingoz gizakiak itxura hori eman dio dituen ezagutza zientifikoei jarraiki. Beste galaxia batzuk ikusi litezke, eta hori baliagarria da ere Esne Bidea irudikatzeko tenorean. Esne Bideak espiral forma du, eta zulo beltz handi bat erdigunean. Eguzkia 26.000 argi urtera dago erdigune horretatik. Hori ongi ikusi liteke lorategiari esker. «Galaxiaren egitura oso laua da, beraz, oso egokia da lorategi bat egiteko, nolabait Esne Bidearen planoa marrazteko aukera ematen duelako», azaldu du. Bestelako datuak ere eman ditu: Orion besoan dagoen salix integra zuhaixkaren hosto baten zelulan Eguzki sistema osoa sartzen da. Hori bai, hori zehatz ezagutzen du zientziak. «Zeruan ikus ditzakegun izar guziak zuhaixka horretan daude».

Oraindik ezin da azkenengo emaitza ikusi, zuhaixkak hazi egin behar direlako. Bi urte barru bukaturik egonen da lorategia. Errealismo handiagoa ere izanen duela azaldu du Jauregik: «Erdian pixka bat zabalagoa da galaxia, eta denborak aurrera egin ahala, lorezainek zuhaixkak inausiko dituzte forma emateko, eta horrela kanpoko aldean baxuagoak izanen dira zuhaixkak, eta altuagoak erdigunean». Gaur egun galaxia aztertzeko Gaia erabiltzen ari dira zientzialariak, doitasun handia duen gailua. «Baliteke haren bidez lortutako datuekin lorategian aldaketak egin behar izatea».

Lombergek ere aipagai izan du zehaztasuna. Zientziaren aurrerapenen araberakoa da, noski: «Galaxiaren mapak askoz zehatzagoak dira Eguzkira gerturatu ahala, baina urruntzen garen heinean, zailagoa da, eta batzuetan imajinazio pixka bat ere erabili behar da. Hau da oraingoz dugun aukerarik onena. Gure galaxiaren mapak egiteko modu paregabea dira lorategi hauek, eta norberak bere kabuz ikertzea ahalbidetzen dute».

Elkarlanean landatua

Abenduan hasi ziren lorategia sortzeko lanak eta urtarrilean landaketak, baina ohi baino motelago joan da, zuhaixken erdiak ez dituztelako lorezainek paratu, elkarteek eta hezkuntza eta zientzia eragileek baizik. Kosmosaren lorezainak deitu dituzte. Lehenbiziko zuhaixka Siriako arrosa izan zen, Jauregik azaldu duenez, Siriako gerraren biktimak gogoan. Joseba Asiron alkateak eta Iñaki Otxoa institutuak landatu zuten. Zuhaixkak babestu dituzten erakundeen artean dira, besteak beste, Unesco, ESA Europako Espazio Agentzia, IPS Nazioarteko Planetarioen Elkartea, ISS Nazioarteko Espazio Estazioa eta ESO Espazioko Operazioen Europako Zentroa. Luca Parmitano eta Pedro Duque astronautak ere Iruñean izan ziren kosmosaren lorezain bihurturik. Aurrerantzean izendatu gabeko zuhaixkak babesteko aukera izanen dute elkarteek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.