Makinek edozertan gaindituko gaituzte 2060. urterako

Sustatu.eus / 2017-06-01 / 320 hitz

Duela 20 urte oso ezagun egin zitzaigun Deep Blue makina: xake txapeldun bati (Gari Kasparovi) irabazi zion lehenengo ordenagailua. Albiste izan zen, “makina gizakia baino hobea” bihurtu zelako lehenengoz, nolabait esateko. Nola zitekeen robot bat gizakirik argiena baino argiagoa izatea? Bada, 20 urte geroago ez dugu horrelako galderarik egiten, eta badakigu makinak, ordenagailuak eta robotak, gizakia baino hobeak eta inteligenteagoak direla hainbat gauzatan.

Orain, Adimen Artifizialean (AI, artificial intelligence) aditu diren 352 ikerlariren iritziak jasotzen dituen lan batean ondorioztatu dute, 2060. urterako makinek edo robotek guk baino hobeto egingo dituztela gauzarik gehienak: gidatu, idatzi, itzuli, operatu,… Iraultza honek izugarrizko aldaketa soziala ekarriko du epe laburrean (pare bat belaunalditan) eta ondorioak izango ditu gure inguruko esparru guztietan: lan-merkatuan, zientzian, osasunean, garraio-sisteman, alderdi militarrean,…

Horixe da 352 ikerlariren artean jasotako iritzien laburpena: 2060. urterako makinak gu baino hobeak izango dira prozesurik gehienak egiten; eta 120 urte barru, gizakiak egiten dituen lan guztiak automatizatuta egongo dira eta robotek egingo dituzte.

Aldaketa hori askoz lehenago iritsiko omen da hainbat esparrutara. Esate baterako, makinak gizakiak baino hobeak izango dira itzultzen (2024rako), eskolako idazlanak egiten (2026), gidatzen (2027), Best Seller bat idazten (2049) edo operatzen (2053). Izan ere, dagoeneko makinek makina bat kontutan gainditu gaituzte. Aste honetan bertan, Googleren DeepMind makinak Go partida bat irabazi dio munduko txapeldunari, edota ezpainak irakurtzen ere profesionalak baino hobeak dira makinak.

Iraultza honek izugarrizko aldaketa soziala ekarriko du epe laburrean (pare bat belaunalditan) eta ondorioak izango ditu gure inguruko esparru guztietan: lan-merkatuan, zientzian, osasunean, garraio-sisteman, alderdi militarrean,… Ondorioz, politika publiko eraginkorrak hartu beharko dira; eta, ahal dela, aldaketa horiek aurreikusi egin beharko dira eta aurre hartu beharko zaie.

Egia da, hala ere, makina bakoitza gauza batean bakarrik dagoela espezializatuta eta ez duela balio beste prozesu bat edo ataza bat egiteko. Alderdi horretatik, gizakiak oraindik badu abantaila zabala, noski. Gainera, makinen aurrerapen nagusiak (eta gizakiarekiko abantailak) inteligentzia kognitiboaren alorrean gertatu dira, ez horrenbeste inteligentzia emozionalaren esparruan eta sentimenduen munduan. Noiz idatziko du makina batek pelikula baten kritika on bat? Noiz baretuko dizkigu gure beldurrak?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.