«Zutabegile urteotan, neu aldatu naiz, eta baita nire estiloa ere»

Amagoia Iban / 2017-06-06 / 1300 hitz

«Frai Luis de Leonek ‘Atzo genioen…’ esanez hasi zuen klasea Inkisizioaren ziegetan lau urte pasatu eta gero. Baina hitzok ez ziren ahanzturazko parentesia bat, duintasunak ez baitu etenik». Hitzokin estreinatu zuen Anjel Lertxundik (Orio, Gipuzkoa, 1948) Hitz beste zutabea, BERRIAren lehen zenbakian, Atzo titulupean.

Lau hilabete ziren Juan del Olmo epailearen aginduz Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuela eta bertako hainbat langile eta arduradun atxilotu zituela. Fotokopiatuta ekarri dio kazetariak Atzo hura. Baita joan den apirilaren 16ko Ez adiorik testua ere, bere azken zutabea.

Zure Atzo hartatik hamalau urte joan dira ia-ia. Hastapen hartako BERRIAko letra tipoak eta diseinua ez dira zure azken zutabearenaren berdinak. Azalekoak dira hasiera eta bukaera zutabeon arteko aldaketak, ala mamiak ere izan du bilakaerarik?

Hamalau urte ez dira alferrik pasatzen. Eta pasatzen den denbora, gainera, ez zaio norberari bakarrik pasatzen, norbera bizi den gizarteari ere bai. Gaur norbaitek irakurriko balitu segidan nire testuak, pentsatzen dut nabarmenduko lituzkeela bi aldaketak: neurea eta herriarena.

Zutabea idazteko, egunerokoa jarraitu behar izan duzu, eguneko gaiari heldu. Horrek bertsolari sentiarazi al du inoiz idazlea?

Bai. Bertsolari, gainera, bi modutara: bai bat-batekotasunetik asko izan duelako; bai estrukturalki nire zutabeak askotan izan duelako erremate bat. Eta idazterakoan, lehenbizi pentsatutakoa errematea izan delako, eta horren gainean osatu izan dudalako gainerako guztia. Ni, horretaz, gero konturatu naiz. Uste dut metodo oso ona dela horrelako gauza laburretarako. Zeozergatik egiten dute bertsolariek hori.

Zama izan duzu egunerokotasuna? Nolakoa izan da zure harremana aktualitatearekin?

Esan nahi duzuna, egokia ote den ala ez, esatera ausartzen zaren… hori hor egon da. Ez dut uste munduan dagoenik kazetari bat gogoan jartzen zaion guzti-guztia esaten duenik horrelako tribuna libre batean. Hemen, noski, norberak badaki zein duen bezeria, eta horri errespetu bat izan diot idazle gisa. Baina pentsatzen dudanari sekula traizio egin gabe.

Mundu txiki batekoak izateak ere izango du bere eragina.

Hurbiltasunak presio gehiago dakar, bai. Onerako eta txarrerako. Zenbat eta hurbilago izan zerbait, orduan eta erreparo eta presio gehiago ez garbi adierazteko esan nahi duzuna; eta zenbat eta urrutiago egon geografikoki eta ideologikoki hizpide duzuna, edozer esatea libreago. Horien bien artean, oreka gordetzea zaila da. Hurbiltasunak badu alde on bat ere, baina. Zabarkeriaz jokatzerik ez dago egoera horretan, eta zorrotz, xehe, fin eta diziplinaz idaztea dakar horrek. Euskal kazetaritzan, ez denean etsaiaren kontrako jardun batean, xehetasunerako joera handia dago. Ez alferrik, euskaraz sortu da hainbeste eta hainbeste zutabegile on. Asko eta asko, BERRIAri esker.

Hitzaren plazera ere transmititu izan duzu maiz. Ihauterietan-eta, zutabe antologiko zenbait eman dituzu hitzekin jolastuz. Zeuk ere gozatu al duzu halakoak idaztean?

Bai. Barre pila bat egin ere bai. Orain, kostatu ere bai. Baina gozatuz. Gozatu gabe hori egitea zaila baita. Halako ganberradak egiteko, ihauteriak ziren aproposenak. Ez nituen halakoak eguneroko martxan sartu nahi. Egunkariaren martxa bera ere jarraitzen ahalegindu naiz. Testuak ez bazeukan zerikusirik egunerokoarekin, izan zezala behintzat zerikusia egunkariaren tonuarekin. Nik beti eman izan diot garrantzi handia tonuari; egunkariaren tonua ez puskatzen saiatu naiz beti.

Irakurleen feedbacka zenbaterainokoa izan da?

BERRIAko kolaborazioengatik sortu zaidan feedbackaren adinakorik ez dut izan sekula santan nire literatur lanekin. BERRIAn egunero aritu aurretik, urtebete egina nuen Egin-en, eta beste bi urte eta erdi-edo El Diario Vasco-n. Azken horretara, neu Idazle Elkarteko buru nintzela joan ginen Juan San Martin, ni neu eta hirugarren bat, Krutwig zela uste dut. Miguel Larrea zen hango zuzendaria orduan, eta hari eskatu genion euskara sartzeko mesedez egunkarian. 1982-1984 urteak ziren. Inolako arazorik ez zegoela esan zigun Larreak: «Bihar bertatik badaukazue zutabe bat, egunero, euskaraz idazteko». Halaxe hasi nintzen han idazten. Bada, hango feedback-ak apurrak ziren: «Bai, ikusten haugu, baina nik, euskaraz…». Alferrik ari nintzela esateko modua zen. BERRIAkoa erabat desberdina izan da.

Nolakoa izan da zure eguneroko jarduna hamalau urteotan?

Erantzun baino lehen, hitzaurre txiki bat egin nahi nuke: nik kazetari izan nahi nuen, nahiko txikitatik. Filosofia ikasi nuen azkenean, baina berez kazetari izan nahi nuen. Erredakzio batean bi urte-edo egin nituen denera lanean, eta gero, kanpotik, kolaboratzen. Kazetaritzarekin pentsatuta egin izan dut lana beti. Hitzaurre honen ondoren, esan behar dut eguneroko zutabe batek, nire ustez, eduki behar duela egunkariak daukan egunaren tentsioa. Eta periodikoa hobea ala txarragoa aterako zaizu, baina hozkailua ahal den gutxien erabili behar da. Eguna barea bada, egunkaria ere barea aterako zaizu. Hori hala izan dadin, kazetariak ere tentsioa eduki behar du. Eta nik nahiago egunero-egunero jaiki zertaz idatziko dudan jakin gabe.

Horrek diziplina eskatzen du.

Bai. Ni egon izan naiz ohean kalenturakin eta alabari zutabea diktatzen, azken orduan, Tolstoi tartean, Tolstoi irakurtzen ari nintzelako. Auskalo zer diktatu nion! [barreak] Eta beharbada muturreraino eramatea da, baina nahiago dut hori.

Zutabeak beste era bateko irakurketetara ere eraman nau. Eta irakurtzen duzun guztia azpimarratzeko ohitura baldin badaukazu, eta azpimarratutakoa gogoan gordetzeko memoria, halaxe atera dira gauzak. Milaka liburu ditut etxean, erabat desordenatuta itxura batean, baina nik badakit non dagoen liburu eta azpimarra bakoitza.

Zenbat denbora ematen zenuen zutabeok idazten?

Batzuk ordu erdian joan ziren. Normalean, horiek eguneko zerbaiten pultsiotik sortzen ziren. Baina, batez beste, bi-hiru ordu. Goizez. Goiz jaiki, prentsari errepasoa egin —hiru egunkari leitzen nituen egunero—, apunteak hartu, gosaldu, eta gero errematatu. Normalean, hamabietarako bidalita zegoen. Neurri handi batean, hala egiten ez banuen, eguneko parte handia hartzen zidalako.

Zutabeez gain, bestelako testuak ere idatzi behar zenituen zuk, izan ere.

Bai. Eta hamalau urte horietan liburu batzuk joan dira. Neurri batean, hori izan da zutabea lagatzeko arrazoietako bat, neure zirkunstantzia pertsonalengatik ez zidalako nahikoa denbora ematen idazteko. Adinarekin ere, orain denbora bikoitza behar duzu lehengoaren erdia egiteko. Ditudan arrazoien artean, horixe izan da zutabea lagatzeko nagusia: ez zidala ematen nire-nire gauzetarako denborarik.

Eta zer diozu argudioak eta gaiak errepikatzeko mamuari buruz? Sumatu al duzu inoiz?

Batez ere, bizitzaren pasarte korapilaturen bat neukanean. Denok daukagu zaku bat, eta hortik ateratzen ditugu halakoetan gaiak-eta. Antzeko gauzak esaten ari ote nintzen pentsatu arren, trantzetik atera behar zenez… hori da peligrosoena.

Damutu al zaizu inoiz idatzitako zerbait?

Zutabe batean esan nahi nuenarekin damutu ez, baina zutaberen batean zehatzago jokatu ez izanarekin bai.

Zutabegintzak ezer eman al dio zure sorkuntza lanari?

Eman dio, bai. Orain dela hamalau urte hasi nintzenetik, nire idazkuntza asko aldatu da. Konkreziorako joera gehiago agertu da. Eta periodoak ere laburragoak. Eta di-da egiteko eta aizkorarekin mozteko ohitura. Egunero horretan ari bazara, nahi gabe ere, kutsatu egiten zaizu. Gauden tokian gaudenez: nik ez dakit Azkenaz beste-ko prosa hura egiten asmatuko ote nukeen gaur. Urteotan neu aldatu naiz, eta baita nire estiloa ere.

Sorkuntza lanak ere eman dio zutabeari, ala?

Dudarik gabe. Eta nire kapritxo bat izan da —batere inportik ez irakurlea konturatu ez bada ere—, behin zutabea egin eta gustura bukatua banuen, euskaraz behin ere pasatu gabeko zerbait sartzea, hitzen distribuzioan, esaera batean, irudi batean… Adibide bat jartzeagatik: «bertan tonto egin dute» idaztea «bertan goxo egin dute» beharrean, irakurlearen arreta desplazatzeko. Zergatik desplazatzen zaio arreta eta natural joaten zaio? Oinarrian dagoen esaera ezagutzen duelako, prestakuntza ona daukalako. Ze ahalegin gutxi egiten den horretan, telebistatik eta eskolatik hasita, hil ala bizikoa denean hizkuntza batentzat. Euskara gero eta grisagoa dakar horrek. Batere gozorik gabeko hizkuntza batekin egiten badugu aurrera, abandonatu egingo dugu, erabat grisa, inpertsonala, zehaztasunik gabea izango delako. Eta komunikatu egin behar dugu, ahal den zuzenen, bizikidetzaren klabea hori baita.

Sasoiko ikusten al duzu euskarazko zutabegintza?

Erabat homologarria da. Ez hori bakarrik: besteetan ikusten ez diren debateak ikusten dira gurean. Feminismoaren inguruko debate guztia, esaterako, oso bizi dago. Gai aniztasuna dago. Eta ahots ugari. Hor, deabruak aingeruetatik bezala egin behar da ihes uniformetasunetik. Euskara batua ez da kremailera bat. Gu izango gara kremailerak, izatekotan. Ez diezaiogun bota gure ezintasunaren errua hizkuntzari. Euskara batuak aukera guzti-guztiak ematen ditu aukera horiek baliatu nahi dituenarentzat.

Zertan ari zara orain?

Nobela batekin.

Diziplina handiarekin imajinatzen zaitut hor ere.

Orain dela 35 bat urte, emazteari esan nionean pozik egingo nuela aproba idaztetik bizitzen saiatzeko, horrek diziplina handia eskatzen zuela erantzun zidan. Berehala esan nion ez kezkatzeko horregatik. «Nik ez ditut alferrik pasatu zortzi urte seminarioan», esan nion. Eta halaxe da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.