Doan eman eta hartu

Kattalin Barber / 2017-09-15 / 550

Gauza, zerbitzu edo edozergatik ordaindu behar den mundu honetan, musu truk dena hartu-eman daitekeela uste dugu”. Premisa horretatik eta egungo kontsumo gizartearen aurkako alternatiba gisa sortu dute Nafarroako hainbat gaztek www.muxutruk.net webgunea. Proiektua ez da objektuetara mugatzen eta askotarikoak aurki daitezke bertan: liburuak, lanerako tresnak, rafting jaitsierak, elikagaiak, biolin joaldiak, zurgintza lanak, ikastaroak, rokodromoak, konponketa zerbitzuak….

Zerbitzu edo objektu bakoitza non dagoen zehaztuta dago, eta eskaera egiteko formulario bat bete behar da. Aurretik, webgunean bertan izena ematea beharrezkoa da, zerbait eskaintzeko, bai eta zerbait hartzeko ere. Hegoa Arrieta eta Beñat Elizalde sortzaileetako bi dira, eta, zehaztu dutenez, ez da zertan truke bat egin behar: eman daiteke jaso gabe, eta eman gabe, jaso. Eta guztia, noski, musu truk; horixe baita baldintza bakarra. “Bakoitzak ematen du nahi duena eta hartzen du nahi duena. Baldintza da ez dagoela trukerako txanponik, hemen ez da inolako zorrik sortzen”, azaldu du Elizaldek.

Orain dela urtebete hasi ziren ideiari bueltak ematen. Arrieta hainbat hilabetez Mexikon egon zen, eta Chiapasko zapatisten komunitateak ezagutzeko aukera izan zuen han. “Gauzak egiteko beste modu bat dagoela ikusi nuen han, inoren laguntzarik gabe. Zapatistek ez dute gobernuaren laguntzarik nahi, eta euren kasa antolatzen dira. Hori gurera ekarri nahi izan dugu”, dio Arrietak.

Sistema alternatibo hori eraikitzeko bidean, Muxutruk tresna lehen urratsa litzateke. “Etorkizun batean eta modu utopiko batean, tresna honek oso ongi funtzionatzen badu, horrek aukera emanen liguke modu honetan bizitzeko, dirurik erabili gabe; nik nahi dudana emanez, eta behar dudana sare horretatik hartuz”, dio Elizaldek.

Lau hilabete eta zertxobait gehiago darama martxan webguneak, eta denbora horretan 180 erabiltzaile baino gehiagok bat egin dute egitasmoarekin. “Kopurua ona da, eta pozik gaude lortutakoarekin, denbora gutxian komunitate bat sortzea lortu dugulako”, diote. Orain, haien erronka erabiltzaileen artean interakzio gehiago sortzea da. “Kontraesanezkoa izan daiteke, baina jendeari askoz gehiago kostatzen zaio bertan dauden eskaintzetatik eskatzea, zerbait eskaintzea baino. Nahiz eta jakin hor eskaintzen duen pertsonak gustura eman nahi duela zerbait, muga moduko bat dugu: nola eskatuko dut nik zerbait, eta musu truk?”.

Langa hori gainditzea falta zaien arren, ez dira gutxi erabiltzaileen artean orain arte egon diren hartu-emanak, eta ongi joan dira. Arrietak, adibidez, rafting jaitsierak eskaintzen ditu, eta hainbat egin ditu uda honetan. Bizikletak, bizkar zorroak eta bestelakoak ere hartu eta eman dira.

Norbanakoek ez ezik, kolektiboek ere osatzen dute Muxutruk sarea, eta bertan eskaintzen dute hainbat gauza. Zizurko Esparru gaztetxeak rokodromoa eskaintzen du, esaterako. Orain, eskuragarriago egiteko, sakelakoetarako aplikazioa sortzea dute buruan. “Dagoeneko sakelakoa gorputzaren atal bat da ia-ia, eta uste dugu errazago izan daitekeela erabiltzaileentzat”, adierazi du Elizaldek. Interneteko atariak sare sozial baten moduan funtzionatzen duen arren, berez pertsonen arteko aurrez aurreko hartu-emana bultzatu nahi dute.

Euskal Herri osorako

Argi dute Arrietak eta Elizaldek ez dutela ezer berririk asmatu proiektuaren filosofiarekin. Lagun eta familia artean beti egon dira trukeak, baina Muxutruk-ek zerbait gehiago ahalbidetzen du: “Truke sarea zabaltzeko aukera dago ezezagunekin, eta beste leku batzuetara iristeko modua ere bada; betiere, aurrez aurreko harreman hori bilatuz eta doan izanez”, dio Elizaldek.

Nafarroan sortu dute proiektua, baina Euskal Herri osoko erabiltzaileak eta eskaintzak daude, hain zuzen. “Horrelako tresna batek aukera ematen dizu edonondik edozer eskaintzeko eta eskatzeko, baina ez dugu koherentea ikusten, adibidez, letxuga batzuen bila joatea Baztandik Bilbora”.

Diruaren ordez, alternatiba izan nahi du Muxutruk-ek, eta atariko ateak zabalik dituzte, edonork proiektuarekin bat egiteko eta bakoitzak ahal duen neurrian nahi duena eman eta hartzeko helburuarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude