Tinta ala izerdia, zer gailenduko

Julen Aperribai / 2017-09-29 / 1256 hitz

Tatuajeek eragina izan dezakete kirolarien gorputzeko tenperatura erregulatzerakoan, eta, ondorioz, haien errendimenduan, Michigango zientzialari talde batek egindako ikerketa baten arabera. Laborategi barruan kanpoan baino indar handiagoa du tesiak, hala ere.

Gaur egun gizartean duten onarpen maila lortu arteko bidea ez dute erraza izan tatuajeek. Aldatu da gizarteak haiei buruz duen begirada azken urteetan. Halabeharrez aldatu ere, nonahi ikusten baitira, egun, tintaz koloreztatutako gorputz zatiak. Jende askoren aurreiritzien jopuntuan egoten jarraitzen dute, hala ere. Tatuajeren bat dutenek izan ditzaketen osasun arazoak izan ohi dira, beste hainbat arrazoiren artean, aurreiritzi horiek elikatzen dituztenak. Bada, eztabaida hauspotu dezakeen ikerketa baten berri eman du Michiganeko (AEB) Alma College unibertsitate eskolan, Fisiologia departamentuan, lanean dabilen zientzialari talde batek. Tatuajeak izateak kirolariaren errendimenduan eragina izan dezakeela ondorioztatu dute.

Izerdia sortzerakoan tatuajeek izan dezaketen eragina hartu dute ikertzaileek abiapuntutzat. Izan ere, tinta larruazaletik 3 eta 5 milimetro artean pilatzen da, eta hor daude, hain zuzen, izerdi guruinak, poroetatik izerdia jariatzen duten hodi luze eta meheak. Tintak izerdi guruin horien funtzionamendua oztopatzen duten jakin nahi izan dute. Horretarako, hamar laguneko lagina erabili dute; guztiak ere, gizonezkoak, eta 21 urte ingurukoak. Besoetan, sorbaldetan, bizkarrean edo bularrean, gutxienez 5 zentimetro koadroko tatuajeren bat zuten pertsonak hautatu zituzten. Tatuatutako gorputz zatiaren beste aldean tatuajerik ez izatea ere jarri zuten baldintzatzat.

Behin boluntario guztiak bilduta, izerdi kopuru bat sartu zieten zientzialariek gorputzean. Iontoforesis izeneko teknikaren bidez egin zuten, intentsitate baxuko korronte elektrikoak erabilita. Hasierako tesia baieztatzeko moduko emaitzak jaso zituzten probatik zientzialariek. Zentimetro koadroko 0,18 miligramo izerdi sortu zuten aztertutako gorputzek tatuatutako inguruetan, eta, berriz, gainerako zatietan ia bikoiztu egiten zen kantitate hori: 0,38 milimetro izerdi zentimetro koadro bakoitzeko.

Ikerketan erabilitako metodologia egokia da Miren Markina dermatologoarentzat: «Teknika baten eraginkortasuna neurtzeko, konparazioak medio berak erabilita eta baldintza berak edo antzekoak dituzten pertsonekin egin behar dira. Alde horretatik, ikerketa oso ondo dago eginda». Hala ere, fidagarritasuna kentzen diona ikerketa egiteko hain lagin txikia erabili izana da beretzat. «Hamar pertsonarekin bakarrik egin da ikerketa. Horrek ez dio sinesgarritasuna kentzen, baina oso jende gutxi da horrelako baieztapen orokor bat egiteko».

Arrazoietan hankamotz

Dermatologoaren arabera, ikerketan ateratako ondorioei erreparatu zaie, baina ez emaitzaren arrazoiei. Zientzialariek uste dute tatuajea egitean orratzaren ziztadek azala erasaten duela. Uste hori frogatu beharra dagoela dio Markinak: «Haiek ikusi dutena da tatuajeak daudenean izerdi guruinetan zerbait aldatzen dela, baina zergatik aldatzen den aztertzea bigarren pauso bat litzateke, eta, horretarako, azal zati bat aztertu beharko litzateke, biopsia bat eginda». Izerdiarekin batera kanporatutako sodio kantitatea ere neurtu du ikerketak, eta ondorioztatu tatuatutako azal zatietan sodio kantitate gehiago dagoela besteetan baino, eta, beraz, gorputzak gutxiago duela. Emaitza hori ez du zalantzan jarri Markinak, neurtzen erraza baita, haren aburuz. Emaitza horiek zeri erantzuten dieten; hori du zalantza nagusia.

Nolanahi ere, Markinak dio, bestelako zauriekin gertatzen den bezala, tatuajeekin ere orbainak sortzen direla, eta orbain horiek azalean irauten dutela: «Orbain bat geratzen den lekuan aldatu egiten dira azaleko berezko zelulak. Pareta moduko bat sortzen da, eta, izerdi guruinak mintzen badira, hor dauden zelulek jada ezin dute ohiko funtzioa egin; deuseztatuta geratzen dira». Bestalde, tintak duen aluminio kopurua ere aipatu izan da gutxiago izerditzearen arrazoi gisa. «Aluminioa beti izan da izerdia eragozteko edo gutxitzeko erabili izan den konposatu bat. Desodorante askok daukate, eta krema edo esprai moduan ere erabiltzen da», zehaztu du Markinak.

Kirolariaren azalean tatuajeak izan dezakeen eragina edozein dela ere, Markinak ez du uste haien errendimenduan eragiten dutenik: «Beraien medikuek zerbait esango lukete gaiaz, bestela. Eta nik, behintzat, ez dut ezagutzen tatuajeen eraginez bero kolperen bat jasan duen kirolaririk».

Berak ez du inoiz halako kasuren bat duen inor artatu behar izan. Hala ere, bere lan eremuari dagokionez, tatuajeek dermatologoei bestelako zehar kalte batzuk sortzen dizkietela nabarmendu du: «Azala margotu, eta, ondoren, zerbait ateratzen bada, zaila zaigu dermatologooi hori zer den ikustea. Izatez begi bistan dagoen gauza bat, erraz ikusi beharko litzatekeena, identifikatzen zailagoa zaigu».

Epaile onenak, kirolariak

Aldeko eta aurkako zientzialarien eta dermatologoen ahotsak entzun dira, ikerketaren harira. Dena den, askok nabarmendu dute balantza alde batera edo bestera mugiaraziko duena tatuajedun kirolarien euren jarduna izango dela. Oraingoz, azaleko marrazkiak haien onena emateko muga izan daitezkeela pentsarazteko motibo gutxi dituzte, eliteko kirolean ugari baitira gorputzeko atalak tatuajez josita dituztenak.

Bi besoak guztiz tatuatuta ditu Leo Renaud Bidasoa taldeko eskubaloi jokalariak; bularrean eta bi hanketan ere baditu. Ikerketan lagin moduan hautatutako pertsonetako bat izan zitekeen, beraz, arazo handirik gabe. Hark ez du, hala ere, izerdian inolako asaldurarik nabaritu inoiz, tatuajeen eraginez: «Izerdiari dagokionez, inoiz ez dut igarri desberdintasunik tatuatutako zatien eta tatuatu gabekoen artean». Hori frogatzeko aukera handirik ere ez duela onartu du. «Esaterako, ezin dut beso bat bestearekin alderatu eta zeinetan izerditzen dudan gehiago esan, biak baititut tintaz estalita», adierazi du, barrez. Dena den, tatuajeak ez dira kirolerako inoiz arazo izan harentzat. Haiek babesteko ere ez du neurri berezirik hartzen, ez bada eguzkitan denbora luzez egon behar duela, beste edonork egingo lukeen bezala.

Renaudek baino tatuaje gutxiago ditu Claudia Zornoza Realeko futbol jokalariak; lau, guztira: bi besoetan, garondoan eta saihetsean. «Tatuajeak egin izanak ez du inolako eraginik izan nigan», dio. Egin eta ondorengo egunetan, horiek babesteko neurri bereziak hartu zituela dio, baina, «behin orbana itxita», era berezian zaintzeari utzi ziola. Ikerketak zer-nolako oinarri zientifikoak dituen jakin ez arren, bere azalean bizi izan duenagatik, behintzat, ez du uste tatuajeek inolako eraginik dutenik kirolariengan. «Ikerketak dioena egia den egiaztatu beharko da; niri, behintzat, tatuajeek ez didate nire jardunean eragin».

Desprestigioa helburu

Ikerketaren helburua bera zein den auzitan jarri du Felix Plano Donostiako tatuatzaileak. Tatuajeari «prestigioa kentzeko» egin izan diren hamaika saiakeren artean beste bat gehiago da ikerketa hau harentzat: «Azkenaldian, asko ikusten da tatuajea, edonon. Geroz eta jende gehiagok jotzen du tatuatzaileongana. Hala ere, zenbait jenderen aldetik badago tatuajearen alde txarrak erakusteko nolabaiteko asmoa. Gaiaren oso gainean egon ohi dira».

Planoren iritziz, ikerketak dioena benetan egia balitz, kirolariak eurak izango lirateke haien errendimenduan tatuajearen eraginez beherakada bat egon dela nabarituko luketenak. «Eliteko kirolari asko ikus daitezke tatuajeak dituztenak. Eta, gainera, askotan ez dira tatuaje txikiak izaten; sarritan, gorputz zati handiak hartzen dituzten tatuajeak izaten dira. Haiek ez badute inolako eraginik nabaritu, ez dakit oso fidagarria den horrelako ikerketa bat; are gehiago, maila altuko kirolariek pasatu behar izaten dituzten kontrol neurriak kontuan izanik».

Planok ez du ukatzen ikerketa ondo oinarritua eta garatua egon daitekeenik; ezta emaitzek diotena zuzena izan daitekeenik ere. Alabaina, tatuatutako azal zatiak zerbaitetan eragin dezakeela esatetik horrek kirolariaren errendimenduan eragina izan daitekeela esatera alde handia dagoelako iruditzen zaio. Horregatik, ikerketak tatuajeen ondorioen inguruko polemika sortzeko asmoa duen susmoa du. Anestesia epiduralaren inguruan egon izan den eta oraindik dagoen polemikarekin parekatu du: «Orain dela urte batzuk esan ziguten tatuajeak arazo izan daitezkeela anestesia epidurala ematerakoan, eta, are, hamar urtera tumore bat garatzeko arriskua ere badagoela». Tatuajeek eragin ditzaketen osasun arazoez aritzean, Planok uste du benetan argi izan behar dela zer den kaltegarria eta zer ez. Kaltegarria den kasuetan, legezko neurriak hartu beharko liratekeela dio, baina, aldiz, erantzukizuna, askotan, pertsonen esku uzten dela: «Epiduralaren kasuan, esaterako, anestesia ematen duenak erabakitzen du, kasu batzuetan, tatuajea duenari anestesia eman edo ez, eta ezin du horrela izan. Benetan kaltegarria bada, esan dezatela argi. Alferrikakoak dira bestelako zurrumurruak».

Donostiako Egia auzoan du estudioa Planok, eta bertatik kirolari asko igarotzen direla azaldu du, baina inoiz inork ez diola aipatu kirola egitean arazorik izan duenik. Azaldu duenez, kirolariek gehien erabiltzen dituzten gorputz ataletan egin ohi dituzte tatuajeak. «Esaterako, txirrindulariek hanketan egiten dituzte, normalean, eta saskibaloi jokalariek, berriz, besoan edo sorbaldan». Bezeroekin izan dituen osasun arazo bakanak alergiekin izan ditu Planok, baina negozioan daramatzan 27 urteetan 10 edo 11 kasu besterik ez direla izan nabarmendu du. Harengana jotzen duten kirolariek ere ez dute kezka handirik erakusten. «Inoiz ez didate galdetu ea normaltasun osoz beren jarduna aurrera eraman ahalko duten edo antzekorik».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude