Ez beti da ezetz (Baita Nairobin ere)

Gaztezulo / 2017-10-30 / 190 hitz

‘No means no Worldwide’ ekimenak munduko eskoletan indarkeria sexistarekin amaitzeko egiten du lan; Nairobin sekulako aurrerapausoak eman dituzte.

Nola egin aurre gure garaiko izurrite handienetako bati? Indarkeria matxistak milaka emakume hiltzen ditu urtero munduan. Egun, oraindik ez dago herrialderik edota gizarterik halako indarkeriarik jasaten ez duenik. No means no Worldwide ekimenak errotik akabatu nahi du gaitz honekin, eta mundu guztiko eskoletara begira jarri da, hezkuntzan dagoelako indarkeriarekin amaitzeko gakoa.

Afrika da emakumeak jazarpen latz eta zabalduena jasaten duen lurraldea, eta beraz, Nairobiko eskoletan hasi dira lanean. Alde batetik, neskei beren burua defendatzen eta “ez” argi eta garbi oihukatzen ikasi diete, gizartean beren rola ez dela sumisioa irakatsiz, eta independentzia landuz. Bestalde, mutilei errespetuan eta berdintasunean hazten irakasten hasi dira. Logikoa eta oinarrizkoa dirudi, baina orain arte, herrialde horietan ez dute halako irakaspenik jaso, eta emaitzak harrigarriak izan dira.

2015ean Kenian jarri zuten lehen programa pilotua, eta geroztik, nabarmen jaitsi dira sexu erasoak. Horrekin batera, gazteen artean errespetu eta berdintasun jarrerak gailentzen hasi dira. Unicefeko ikertzaile Catherine Maternowskaren esanetan, ekimenak zeharo aldatu du gizartea: “Proiektu honekin argi gelditu da indarkeria sexistaren aurka hezkuntza askoz ere eraginkorragoa dela ehunka polizia kaleetan izatea baino”.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude