Nola isilarazi jendea sare sozialetan?

Lander Arbelaitz / 2017-11-20 / 340 hitz

Laster hilabete Alfredo Remirez Erreharria espetxean daukatela. Twitterren iritzia emateagatik Espainiako Estatuan espetxeratu duten lehena da amurriarra.

Sare sozialek komunikazioa eraldatu dute eta kostatzen ari zaie estatu autoritarioenei isiltasunaren legea inposatzea plaza birtual hauetan. Batzuei zigor “eredugarriak” jarriz gainontzeko guztiak mehatxatzea erabaki du Espainiako Estatuak. Euskal Herrian informazio eta adierazpen askatasunaren aurkako operazioen biktimak ugari ditugu, azkenetakoak Armiarma operazioa: 21 atxiloturen artean, La Haine hedabideko kazetari Borori, urtebete eta zortzi hilabeteko espetxea eskatzen diote.

Azaroaren 16an pauso berria eman du Espainiako Epaitegi Gorenak: Twitterren mezu jakin batzuk bertxiotzea delitua izan daiteke. Horretarako, beste euskal herritar baten kasua baliatu du aurrekari juridikoa ezartzeko, Andeka Jurado barakaldarrarena. Mezua garbia da: bertxiotzea bezalako ekintza sinpleagatik, klik bakarragatik, arazotan sar zaitezke, beraz kontuz ibili. Twitterren ibili denak, dena den, badaki bertxiotzeak ez duela esan nahi ados zaudenik. Honela dio oraindik eta eskuinerago joaten ari den Estatu horretako Epaitegi Gorenak: “Ez da beharrezkoa akusatuak bere eduki gisa asumitu, arrazoitu edo argudiatzea, ezta berak sortua izatea ere; nahikoa da publizitatea ematea, pertsona kopuru handiarengana zabaltzea”. Juradori urte eta erdiko espetxea berretsi diote lau txiogatik: YoutubekoEuskal Herria résistance bideoa zabaltzeagatik, Josu Uribetxebarria preso gaixoa hiltzean “Iosu agur eta ohore” idazteagatik eta hari buruzko bi txio bertxiotzeagatik.

Hori jakin berritan, Espainiako Fiskal Nagusia hil da: Jose Manuel Maza, bereziki ezaguna Kataluniako prozesuaren aurkako jarrera zigortzaileagatik. Jende askok ez zuela maite pentsatu bide du Espainiako Barne ministro Jose Ignacio Zoidok, bere kontu ofizialetik jendea kikiltzen saiatu baita. Pertsona bat mehatxatu eta bere mezuak zabaltzen ibili da –txio batzuei oihartzun ematea ez al zen delitua?–, eta berdin Guardia Zibilaren kontua ere. Abisua Twitterrian.

Logika ez da berria. Guttembergek inprenta 1448an asmatu zuenetik, liburu eta ideien hedatzea ez zuen begi onez ikusi Espainiako Inkisizioak, eta azkenean, 1551nIndex Librorum Prohibitorum argitaratu zuen. Ezin badituzu ideiak garaitu, debeka itzazu; eta bide batez, mezulariak sutara.

Ondorio gisa, NO-DO Digital izeneko txiolari anonimoaren gogoeta bertxiotuko dugu artikulu honetan: “Artur Mas camara de gas eta Puigdemont al paredón esanez esnatzen zara, eta Jose Manuel Mazaren heriotzarekiko errespetua exijituz oheratzen zara. Fatxa izatea ez da erraza”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude