Liburuek isildutakoa

Kattalin Barber / 2017-12-15 / 543 hitz

Ez da lan erraza izan emakumeak historia artxiboetan aurkitzea, eta hari askotatik tira egin behar izan du Amaia Kowaschek Ezkabako kartzelako presoei lagundu zieten andreak topatzeko. 1934. eta 1945. urteen artean Ezkaban sortutako emakume taldeen mugimenduen lekukotasunak bildu ditu Nafarroako Gobernuak argitaratutako Sareak ehotzen liburuan. Gaur aurkeztuko du Nafarroako Museoan, 18:30ean.

Gizarte langilea da Kowasch ofizioz; azken urteetan, Ezkabako gotorlekuan aritu da ikerketa lanean, eta etengabe ahalegindu da emakumeen ekarpena biltzen. Ezkabako emakumeen sarea ez da arrotza harentzat. Ezkabako presondegiaren inguruan hainbat lan argitaratu ditu; bere amonak, gainera, emakumeen sareotan parte hartu zuen. Gotorlekura joan ohi zen presoak laguntzera. Unibertsitateko genero titulu baterako lana izan behar zuena 350 orriko liburu bilakatu du. “Mamia zegoela konturatu nintzen, eta ikertzen jarraitu nuen. Sei urteko lana izan da”, azaldu du Kowaschek.

1934. eta 1945. urteen artean, ehunka abertzale, sozialista, komunista, anarkista eta errepublikazale kartzelatu zituzten Ezkabako gotorlekuan. “Aldi horretan, presoei laguntzeko joan ziren hainbat emakume presondegira, askotan aurretik ezagutu gabe ere”. Bi aldi desberdindu ditu Kowaschek liburuan. Bata, 1934tik 1936ra, eta bestea, gerra hasi zenetik 1945. urtera arte.

“1934. urtean, Iruñeko emakumeak eta senideak igotzen ziren Ezkabara, eta horien artean gehienak emakume sozialistak, komunistak eta anarkistak ziren”. Gerra hasi zenean, ordea, emakume horien egoera asko aldatu zen, eta asko atxilotu zituzten. Epe horretan, Emakume Abertzale Batzak protagonismo handia hartu zuen, eta hori izan da Kowaschen informazio iturri nagusia. Gudariei ez ezik presoei ere laguntzera joaten ziren emakume militanteak ziren. “Bisitak egiten zizkieten, arropa garbitu, janaria eraman, botikak ezkutuan eraman…”. Presoen senideekin zuten harremana ere garrantzizkotzat jo du ikerlariak. Eskutitzak bidaltzen laguntzen zieten, eta senideei harrera ematen zieten Iruñean; hainbatetan, haien etxean geratzen ziren.

Zaila izan du dokumentazioa biltzea, emakume sare horien historia ez delako liburuetan jaso. Ezaguna da Ezkabako presondegiaren historia, eta baita presoak ere. Ez hainbeste preso horiei laguntzera joandako dozenaka emakumeon historia. Hutsune hori betetzera dator Sareak ehotzen liburua. “Garrantzitsua iruditzen zait emakume horiei izen eta abizenak jartzea, urte luzez haien historia ezkutatuta egon delako”.

Denera, 70 emakumeren testigantzak bildu ditu. Liburuan, 55 jasota daude. Argi du Kowaschek denborarekin gehiago agertuko direla: “Kasu batzuk bildu ditut; ez dira guztiak. Ikerketa publikoa egitearekin batera gehiago agertuko direla uste dut”. Ezkabako gotorlekua ikertu du Kowaschek, baina argi utzi du kartzela guztietan —Iruñekoan, kasurako— emakumeen sareak zeudela presoei laguntzeko. “Beti isildutako sareak izan dira”. Hainbat emakumek oraindik beldurra dutela esan du ikerlariak. “Asko sufritu zuten, eta jasandakoa presente dute. Emakumeek presoei buruz hitz egin dute, baina inoiz ez dute beren historia kontatu: inork ez die galdetu. Guztia kontatu arte, ez dira konturatzen beren lanaren garrantziaz eta balioaz”.

Omenaldi berezia

Testigantza guztiak oso bereziak direla dio Kowaschek. “Errepresioa jasan zuten, atxilotu egin zituzten, senideak hil zizkieten, hainbat emakume presoekin ezkondu ziren… Denetarik dago haien istorioetan”. 1936tik aurrera, ordea, zailagoa izan zen emakume horien lana, errepresioa dela eta: 1934an arazorik gabe igotzen ziren emakume gehienak bi urte geroago atxilo hartu zituzten.

“Garai latzak izan arren, emakumeen sareak laguntza eskaintzen jarraitu zuen”. Haien historia, ordea, isilpean geratu da, eta haien memoria berreskuratzeko ikerketa da Kowaschena. Memoriari eutsi behar zaiola uste du ikerlariak: “Ikerketa androzentrikoek historiaren erdia bakarrik kontatzen dute; horregatik, beharrezkoa da emakumeek egindako lanari ere lekua egitea, ezin baita bakarrik gizonen kontakizuna kontatu”. Emakumeoi eskaini die liburua: “Haien testigantza jaso, eta haien oroitzapenei izenak jarri nahi izan dizkiet; omenaldi bat egin”. Antolatu eta elkartasun sareak sortu zituztelako, kartzelak argitzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.