Plazent eta atsegin

Rikardo Arregi Diaz de Heredia / 2017-12-21 / 541 hitz

Ez naiz ni txikitan telebista euskaraz ikusteko aukera izan duten belaunaldi horien partaidea, ezta eskolan euskarazko liburuak edo filmak irakurri edo ikusi dituzten haur antza zoriontsuagoen taldekoa ere; eskolan kanta bakan batzuk, gehienak gabon-kantak, euskaraz ikasi nituen kasualitatez (gaur egungo haurrek Agur jaunak kantatzen al dute?). Gaztelania zen nagusi eta ikasi egin behar zen atzerriko hizkuntza, frantsesa (Marseillesa buruz dakit oraindik). Oso-oso aspaldi, bai.

Eskolan ikasi eta irakurritakoari esker segida eman ahal diet, ahalegin berezirik egin gabe, gaztelaniazko literaturan esaldi edo pasarte mitiko bilakatu direnei (Caminante, no hay camino… edo Nuestras vidas son los ríos que… eta abar). Suposatzekoa da gaur egun hezkuntza euskalduna izan duten gehienek antzeko trebetasuna izango dutela eta Lizardi, Rimbaud etorri duk mitikoari segida eman diezaioketela hitanoa sekula erabiltzen ez badute ere, edo Egun batez, konpainia on batean, euskaldunik baizen bezalakoen aurrean haien buruak etxeko egongelan sentituko dituztela eroso, Gero osorik inoiz ez badute irakurri ere. Baina iristen zaizkidan oihartzunek ez diote bide askorik ematen baikortasunari: Leire Narbaiza kexu agertu da EAEn jaio eta B ereduan ikasitakoek ez baitute Mikel Laboa edo hainbat euskal kanta mitiko ezagutzen (D eredua ere ez da bermea); Iban Zalduak zenbait testutan, bereziki (Euskal) literaturaren alde (eta kontra)(Elkar, 2016) liburuan eta Euskal literaturaren mitoak (eraisten) artikuluan, aztertu ditu zer liburu mota ematen zaien ikasleei eskoletan gaztelaniaz eta euskaraz, eta ondorioztatu gaztelaniazko kasuan oraindik nolabaiteko kanon bati eusten dioten bitartean, euskarazkoan kaosa eta azken best seller halamoduzkoak direla nagusi. Horrela zaila da gogoan pasarte edo esaldi mitiko eta beraz klasikoak gordetzea, horrela ezinezkoa da mundu baten partaide sentitzea. Ai, Leire, irakasle askok pentsatuko dute, gainera, ikasleei ez zaiela Mikel Laboa interesatzen, ez badute pentsatzen Laboa zaharrunoa dela. Ahanzten zaigu ezagutzen ez denak ezin duela interesa piztu, ezagutzen ez dena maitatu ezin den moduan.

Euskal telebistaren hasierako garaian batzuk harritzen ziren Far-West generoko filmetan indioak euskaraz mintzatzen zirenean (agian indioen berezko mintzaira infinitiboz jositako gaztelania hura zela uste zuten); orain, aldiz, batzuek beren sukaldetxokoak ez diren euskara guztiak arbuiatzeko joera dute eta emaitza argia da: beren sukaldetxokoak ez diren beste euskarak, hau da euskara, ulertzeko zailtasunak dituzte. Mota guztietako erreferentziak (baita, barkatu, kulturalak ere), hezkuntza, ohiturak, film bikoiztuak eta azpitituludunak, horiek guztiak eta gehiago beharrezkoak ditugu «erresonantzia-kaxa» ospetsu hori sendotzeko, Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai bezalakoak lasai ulertzeko, kanta batuegia edo gipuzkeregia den ala ez eztabaidatu barik, bizigai horren jatortasun mailari buruzko digresio aspergarririk gabe. Are gehiago euskarara itzultzen diren film edo liburuak aurreiritzirik gabe jaso arte, gaztelaniazkoekin egiten dugun bezalaxe, ezin izango dugu egoera irauli.

Orain dela aste pare bat, konpainia on batean, euskaldunik baizen etzen lekhuan nengoela pertsona euskaldun gutxi gorabehera ospetsu bati buruz aritu ginen, sexu kontuak hizpide jakina, mingainak gaixtoki zorroztuz; halako batean lagunetako batek hauxe bota zuen: «Auskalo zer egingo duen gizon horrek bere bakardadean!». Barreak ez ziren Gasteiztik pertsona euskaldun ospetsu hori bizi den tokiraino, kostalderaino, iritsi gutarik bik, barre algaren ordez, galderaz beteriko irribarre gizalegezkoa baino ez zutelako erakutsi. Txantxaren nondik-norakoak, erreferentzia literarioa eta abar, azaldu behar izan genizkien, txantxa zapuztuz, noski. Horrelako gauzetarako, batez ere horrelako gauzetarako, behar ditugu, nire ustez, hizkuntza, literatura eta kultura, ondo pasatzeko, konplizitate sarea zabaltzeko; horrela beharbada irakurle gehiago erakarriko ditugu. Eta hala segur da euskarako bidea, behar den bidean hartzen duenarentzat, plaun dela, plazent eta atsegin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude