Hamar modu haurrak irakurtzeari gorroto har diezaion

Mikel Garcia Idiakez / 2018-01-15 / 272 hitz

Haur horrek zergatik ez duen irakurtzea maite? Beharbada ohikoa duzu Gianni Rodari pedagogo italiarrak zerrendatu zituen bederatzi (eta nik gaineratutako hamargarren) ekintza hauetakoren bat:

– Irakurtzera behartzea. Garbien daukagun puntua da: behartu zerbait egitera… eta ziurrenik kontrako efektua lortuko duzu. Eta hala ere, zenbatetan errepikatzen dugun.

– Aniztasun gutxi eskaintzea. Haurrek (eta helduek) oso gustu ezberdinak izan ditzakegu, gainera etapa ezberdinetatik igarotzen da umea-nerabea-gaztea… eta unean unean norbere irakurketa kuttunak aurkitu ahal izateko ahalik eta eskaintza zabalena izatea da aproposena. Bestela, berriz ere behartzen ari gara agian intereseko ez duen zerbait irakurtzera.

– Umeei libururik ez irakurtzea. Ipuin eta liburuak ozen irakurri eta espresibitateaz lagunduta antzeztea, “errealitate” bihurtzea, irakurketara erakartzeko modu bat da.

– Liburua tortura-tresna bilakatzea. Adibidez, liburuko orriak kopiatuaraztea, irakurri duenaren ebaluazioa (ulermena, hiztegia, ariketak…) lan desatsegin gisa planteatzea, edo zigor bezala erabiltzea (“segi logelara irakurtzera!”).

– Umeari irakurtzea gustatzen ez bazaio, errua berari egoztea. Ez leporatu haurrari, aztertu zergatik ez duen gustuko irakurtzea, arrazoiak ugariak izan baitaitezke (zerrenda honetakoak, adibidez).

– Haurrek entretenimendu gehiegi dituztela pentsatzea. Gauza guztiak bezalaxe, lehentasun kontua da. Zein leku du irakurketak etxean, eskolan, gizartean…?

– Haurrari esatea lehen haurrek gehiago irakurtzen zutela. Ezin gara frustratu, gaur egungo haurrek ez badituzte gustuko gure garaian atsegin genituen liburuak.

– Liburuak komikiaren alternatiba gisa aurkeztea. Irakurketa mota asko dago, eta ongietorriak dira.

– Norberak ez irakurtzea. “Zer ikusi, hura ikasi” dio esaerak. Zergatik pentsatuko du haurrak irakurtzea gauza atsegina eta gozagarria dela, ez badu inguruan heldu irakurlerik? Elkarrekin irakurtzeko tarteak hartzea ez da plan txarra.

Sandra Balagué-ri irakurri diogu zerrenda, eta ezinbestean Nancie Atwell-ekin gogoratu gara, irakurtzeko pasioa kutsatzea eginkizun duen irakaslearekin: “Irakurketa tailerra egiten dugun gauzarik sinpleenetakoa da eta aldi berean zailenetakoa. Baita baliotsuena ere”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.