Ke ilunak ezin izan du ezkutatu esperimentua

Iker Tubia / 2018-02-07 / 1011 hitz

Polemika piztu dute Alemaniako hainbat automobil enpresaren eskariz tximu eta gizakiekin egindako esperimentuek. Diesel automobilek isurtzen dituzten gasek haiengan duten eragina neurtzeko erabili dituzte. Adituak bat datoz: ez dira onargarriak, ez zientziaren ikuspegitik, ez etikaren ikuspegitik.

Motorren kea baino ilunagoa dirudi. Berriki Alemaniako hainbat hedabidek argitara eman dutenez, autoen industriak esperimentuak egin ditu tximuekin eta gizakiekin, diesel motorrek sortzen duten kea arnasteak zer ondorio dituen aztertzeko. Berehala piztu dira alarmak. «Esperimentu horiek ez dute inolako justifikazio etikorik, ez zientifikorik», esan zuen Steffen Seibert Alemaniako Gobernuko bozeramaileak, albistea jakindakoan. «Auto fabrikek murriztu egin behar dituzte isurketak, kaltegarriak ez direla frogatzen ahalegindu ordez».

Alemaniako hedabideek argitaratu dutenez, garraioak osasunean eta ingurumenean duen eragina ikertzeko Europako elkarteak (EUGT) eskatu zituen esperimentuak. Elkarte hori Volkswagen, Daimler eta BMW autogintza kontsortzioek sortu zuten. Esperimentuak 2015. urtean egin ziren. Tximuekin Lovelace laborategiak egin zituen, AEBetan, eta gizakiekin, Akisgrango Klinika Unibertsitarioak (Alemania). VWeko zuzendarietako bat atxilotu dute AEBetan, isurketen datuak manipulatzeagatik. Alemaniako hedabideek diotenez, zuzendari horrek eraman zuen ikerketarako erabili zuten autoa.

Daimler eta BMWk esan dute ez dela haien autorik erabili esperimentu horietan. Hans Dieter VWeko Zaintza Kontseiluko lehendakariak ere hitz egin du aferari buruz: «Tximuekin egindako esperimentu horiek zentzugabeak eta nazkagarriak dira, eta are gehiago gizakiekin ere egin badira. Zaintza Kontseiluaren izenean, erabat baztertzen ditut horrelakoak». Enpresa horretako jende gehiagok ere hitz egin du prentsa aurrean. Thomas Steg VWeko ahaldun orokorrak esan du tximuekin egindako esperimentuak ez zirela egin behar. EUGTk posta elektronikoz esan zion ikerketa gizakiekin egitekotan zirela. «Noski, esan nien horrelakorik ezin zela onartu», azaldu du Bild Zeitung egunkarian emandako elkarrizketa batean. «Ikerketa hori ez zen egin». Tximuekin egin zuten, beraz, Zeitungek onartu duenez.

Gizakiekin ere egin zituzten, Akisgrango klinikak onartu duenez. Halere, saiakuntzak «etikoak» direla adierazi dute, eta automobil enpresetatik «independenteak» izan direla, nahiz eta haiek ordaindu. Diotenez, haiek nitrogeno dioxidoaren eragina aztertu zuten soilik, eta «zuzen» jokatu dutela defendatu dute. Matthias Muller VWeko lehendakariak barkamena eskatu du publikoki, esperimentuak «nazkagarriak» eta «itsusiak» direlakoan. Gainera, barne ikerketa bat eginen dutela esan du. Oraingoz, Stegek ahaldun orokorra izateari utzi dio behin-behinean, «gertatutakoa argitu arte».

Bild Zeitung egunkariak zehatz eman du tximuekin egindako esperimentuaren berri. Alemaniako egunkariak dio hamar tximu sartu zituztela kristalezko kaiola batean, eta lau orduz diesel motorren gasak arnastera behartu zituztela. Tximuek estresa zuten, eta animaziozko filmak jartzen zizkieten lasaitzeko. Endoskopio bat sartu zieten sudurretik edo ahotik bronkioetaraino, eta odol analisiak ere egin zizkieten. Gasak 1997ko Ford furgoneta batenak eta 2013ko VW Beatle batenak ziren. Antza, ez zuten frogatzerik izan bigarrenaren kea lehenbizikoarena baino garbiagoa zenik.

Ez zientzia, ez morala

Esperimentuak hautsak harrotu ditu Europan. Halakoek bi alde izaten dituzte: zientifikoa eta etikoa. Bada, bi ikuspegietatik gaitzesgarria dela salatu dute politikari zein adituek. Izan ere, zientziaren ikuspegitik aspaldi argitu zen motorrek isurtzen dituzten keak kaltegarriak direla osasunarentzat. Moralaren ikuspegitik, berriz, nekez onar liteke animalia edo pertsonei kalterik egitea, are gehiago esperimentuaren emaitza aldez aurretik jakinda.

Mikel Torres EHUko irakaslea da Filosofia departamentuan, eta haren jardueraren ardatzetako bat animalien etika eta eskubideak dira. «Egin dutena onartezina da, batez ere jokoan dagoen interesa zalantzazkoa delako», esan du. «Interes gatazka bat dago. Ez dakit esan daitekeen bideratutako ikerketa dela, baina ikerketa honetan interes ekonomiko garbi bat dago, baita enpresen irudia garbitzekoa ere». Tabako enpresek garai batean sustatutako ikerketak gogorarazi dituzte. Horrekin batera, Torresek gardentasun falta antzeman du. «Ikerketa zientifikoek publikoak izan behar dute, gardenak, komunitate zientifikoak eztabaidatzeko aukera izan dezan. Oraingo honetan, esperimentu ilunak ditugu, duela urte batzuk egin baitziren, orain argitaratu badira ere».

Mabel Marijuan EHUko Etika ikerketako zuzendaritzako buruak ere ez du begi onez ikusi Alemanian gertaturikoa. Azaldu duenez, Europako Batasunean ezin da horrelako esperimenturik egin, ez gizakiekin, ezta tximuekin ere. «Metodologia, lege eta etika arauak oso finak dira, animaliekin eta gizakiekin basakeriarik egin ez dadin», esan du. Ongi egin izan balitz, badirudi proiektu horiek ezinen liratekeela egin Europako Batasunean. «Hori ez da zientzia, publizitatea baizik. Gainera, nola bururatzen zaizu osasuntsu dagoen jendeari gasak irentsaraztea?». Halaber, Marijuanek azaldu du primateak bereziki babesturik daudela: «Zehatz-mehatz begiratzen dira horrelako esperimentuak».

Gizakien kasuan, Europako Batasunean ezin da dirurik ordaindu esperimentuak egiteko, hartara ez daitezen ezberdintasun sozio-ekonomikoen lepotik egin. Horrekin batera, arrisku-onura ponderazioak argi uzten du gizakiak ezin direla arriskuan jarri ezein helburu lortzeko. «Bigarren Mundu Gerratik, argi dago beharrezkoa dela gizakiak ikertzea, baina ezin dela kosta ahala kosta egin», dio Marijuanek. Hala, argitara eman diren esperimentuek ez dute inolako heldulekurik. «Badirudi ikerketaren marra etiko guziak igaro dituztela».

Esperimentu bat onargarria den jakiteko, lau arau bete behar ditu: murrizketa, fintasuna, ordezkapena eta ardura. Alegia, ahalik eta animalia gutxien erabiltzea, teknikarik finena erabiltzea, animaliarik gabe egin badaiteke animaliarik ez erabiltzea, eta betebehar eta ardura guziak hartzea. «Proportzionaltasuna lehenesten da», dio Marijuanek. «Zientziako metodologiak etikaren zerbitzura egon behar du, eta alderantziz. Beraz, galdera zientifikoaren balio soziala neurtzen da, eta metodologia aztertu. Metodologia ez bada proportzionala, ezin da onartu». Hala, legeek etika batzordeei babes handiago ematearen alde dago.

Marra gorriak

EHUn batik bat zebra arrainak erabiltzen dira esperimentuetan. Bestela, ikerketarako hazitako saguak, eta, «asko jota», arratoiak. «Denek argi dugu animalia ongi zaindu behar dela», dio Marijuanek. Baina denek ez dute marra gorria toki berean jartzen. Torresek dio gaixo dagoen gizaki batek bere kabuz onar dezakeela gaixotasun horren ikerketaren parte izatea. Baina animaliek ezin dute erabaki. «Batzuetan interesak orekatuago egon daitezke. Gizakien osasuna hobetzeko izan daitezke, baina baita animaliena hobetzeko ere. Esango nuke kasuz kasu aztertu beharko litzatekeela. Hala ere, oro har, animaliak erabiltzen diren esperimentu asko ez lirateke egin behar». Irizpide bat proposatu du: «Prest gaude esperimentua gizakiekin egiteko?».

Ainara Martinez ekintzaile animalista Bezala taldeko bozermailea da. Animaliak erabiltzearen aurka dago «erabat». «Ni zientziaren garapenaren alde nago, baina horrek baditu muga etiko batzuk», esan du. «Paradoxikoa da: animaliak erabiltzen ditugu gure antzekoak direlako. Noski, gure antzekoak badira, sufrituko dute eta kalte eginen die».

«Uste ustelez» ere mintzatu da. Martinezek dio animaliekin egiten diren esperimentu gehienak ez direla osasun aferei buruzkoak, «gauza hutsalei» buruzkoak baizik. Ez da gizartean dagoen uste bakarra, bere aburuz. «Animaliekin egiten den ikerketa eraginkorra delako ustea zabaldua dago, baina ez da egia. Gizakiek eta animaliek desberdin erantzuten diegu hainbat substantziari». Beste teknika batzuk erabiltzearen alde dago. «Ikerketa horiek zalantzan jarri behar dira, tartean sistema mantentzeko interes ekonomiko asko daudelako».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.