Nepalen, hilekoa delitu

Zigor Aldama / 2018-02-09 / 1348 hitz

Nepalen erdialdeko eta mendebaldeko landa eremuetan, hilekoa izateak segregazioa du ondorio. ‘Chhaupadi’-a debekatu dute Nepalen, baina tradizioaren aurkako borroka legeetatik harago doa.

Ganga Kunwarrek hotzikarak ditu oraindik hilekoa izan zuen lehen aldia gogoratzen duen bakoitzean. Ez hilekoari berari beldurra ziolako, baizik eta bazekielako etxetik botako zutela, hamabi urtean lehen aldiz. «Gurasoek ohartarazi zidaten errespetatu egin beharko nuela chhaupadi-a, [hilekoa duten bitartean emakumeak aparte egotera behartzen dituen tradizioa], eta goth-ean bakartuko nindutela [hala izena dute familiatik bereiztean bizileku dituzten txabola txikiek]. Hotza egiten zuen, eta izututa nengoen, bakarrik egotera behartuta nengoelako aterik ere ez zuen etxola horretan; beraz, zuhaitz batera igo nintzen, eta han goian egon nintzen lau egunez», gogoratu du orain, 30 urte dituela.

Amak jaitsi zuen zuhaitzetik, eta ez zion aparteko garrantzirik eman. «Beldurtuta nengoela uste zuen, garrantzirik gabeko umekeria bat zela», adierazi du Kunwarrek. Baina Payalgo herritarrek —Nepalgo Accham distrituko herrixka bat oso serio hartu zuten. Uste zuten tradizioa ez zela errespetatu, eta gertatzen ziren gaitz guztiak hari egozten hasi zitzaizkion: «Inor gaixotzen bazen, esaten zuten nire errua zela, goth-ean ez geratzeagatik. Tigre batek ganadua akabatzen bazuen, berdin», azaldu du Kunwarrek.

Emakume talde bat bildu zaio inguruan, nork chhaupadi-arekin bizi izandakoak kontatzeko asmoz. «Goth-a gure etxetik urruti zegoenez, mutil talde bat ni bortxatzen saiatu zen hilekoa izan nuen lehen aldian. Lortuko zuten, gizon batek salbatu ez banindu», adierazi du Basanti Boharak. «Niri neguan gertatu zitzaidan. Mendian nengoen, eta hotz handia egiten zuen; hortaz, sua piztu behar izan nuen, baina itzali egin nuen, keak ia ez baitzidan arnasa hartzen uzten» gaineratu du Ganga Pariyarrek. Joan den hilaren 8an, 21 urteko emakume bat hil zen, bakartuta zegoela kea arnasteagatik.

Payal herrixkan ederki dakite hori zer den. 2012an, bi gazte hil ziren, nor bere goth-ean, eta emakume batzuk tartean Kunwar, Bohara eta Pariyar chhaupadi-aren aurka altxatu ziren. «Goth guztiak suntsitzea erabaki genuen, hartara gizonek gu etxetik bota ezin izateko», adierazi du Boharak. Baina hori okerragoa izan zen. Familia askok, tradizioari muzin egiteak zorte txarra ekarriko zuelakoan xamanek sustatu zuten uste hori, berdin-berdin kanporatu zituzten emakumeak hilekoa zutenean. Babeslekurik gabe, kanpoan lo egin behar izaten zuten.

Orduan hasi ziren ekinean hainbat gobernuz kanpoko erakunde. Lachhindra Maharjanek Save the Children-ekin egiten du lan: «Elkarrizketak hasi genituen bertako agintariekin, ikusarazteko ohitura hori abolitu egin behar zela, ez soilik konstituzioaren eta giza eskubideen aurkakoa delako, baizik eta arriskuan jartzen dituelako emakumeen osasuna eta bizia», azaldu du gizonak. Beste talde batzuk bezala, GKE hori lanean ari da Nepalen chhaupadi-a ezabatzeko. Ohitura horrek debeku sorta bat hartzen du barnean: emakumeek ezin dituzte ukitu gizonak, ezta elikagai eta etxe abereak ere, eta ezin dira tenpluetara joan errezatzera.

Estrategia eraginkorra izan zen Payalen, eta orain herria harro dago chhaupadi free (chhaupadi-rik gabea) etiketa lortu duelako. Nolanahi ere, hango kalexka lokaztuetan barrena, erraza da emakumeak bakartzeko txabolak aurkitzea. Emakume batzuek aitortzen dute tradizioa legea baino indartsuagoa dela, baina askok biak uztartzeko erdibidea aurkitu dute: familiatik banantzea etxebizitzako gela huts batean, zeina horretarako soilik erabiltzen den. «Hirietan ere egiten dute hori; baita hiriburuan ere, Katmandun», onartu du Mahrjanek.

Legearen aurretik tradizioa

Orain, chhaupadi-aren debekua artikulatzeko iaz onartu zuten, eta abuzturako indarrean izatea espero da eztabaidan ari diren Nepalgo diputatuek hori legezkoa den erabaki beharko dute, besteak beste. Oraingoz, jakinarazi dute emakume bat bakartzera behartzen duenak hiru hilabeterainoko kartzela zigorra jaso dezakeela, eta 3.000 errupiako isuna (25 euro). Hala, zigor kodera iritsi da auzitegi gorenaren ebazpena: ohitura hori ilegala zela erabaki zuen 2005ean, eta gobernuari eskatu zion has zitzala hura debekatzeko tramiteak.

Hala eta guztiz ere, Namsara Thakullak berdin derrigortuko du biloba, Gita Thakulla, hilekoa duenean goth-ean bakartzera. «Hobe du han hil, familiarekin etxean geratu baino», bota du 65 urteko emakumeak, zeinak etorkizuna igartzea baitu bizibide Accham herri bakartian. «Chhaupadi-an inor hiltzen bada, hori zen haren patua. Baina ez ditugu haserrarazi behar jainkoak, emaitza askoz ere okerragoa litzateke eta», gaineratu du, batere lotsarik gabe.

Handik 50 bat kilometrora, Banyagadi Jaygath-en, Prem Bahadur Khadka xamanak antzeko zerbait adierazi du. «Ez nago ados goth-ak suntsitzearekin, agintari batzuek derrigortzen duten bezala. Chhaupadi-aren aldekoa naiz, eta badakit zer gertatzen den errespetatzen ez denean: emakume batek hilekoa duenean ukitzen banau, odol gonbitoka hasten naiz. Horregatik, galdetzen didaten guztietan, nik emakumeak etxetik ateratzeko aholkatzen dut, ezbeharrak saihesteko», azaldu du 82 urteko gizonak; dioenez, espiritu batek hartu zuen 25 urte zituelarik, eta sendatzeko ahalmena eman zion. Txantxa bat eman dezake, baina herri osoak oso serio hartzen du.

Harritzekoa bada ere, haren semea da eskualdean chhaupadi-a amaitzearen erantzulea. Landako udalerri horretan hainbat herrixka biltzen dituen gune administratiboa, Rajendra Bahadur Khadka da gobernadorea. «Ni ez naiz nire aita», esan du hori aipatutakoan. «Chhaupadi-aren aldaerarik krudelena %90 abolitu dugu, eta uste dut erregulatu beharreko ohitura bat dela», adierazi du; hortaz, ez dago emakumeen segregazioaren aurka. «Etxetik ateraraztea ez da onargarria, baina horretarako prestatutako gela batean bakartzea, bai».

Horixe egiten du Khadkak emaztearekin. Hilekoa duenean, ez du ukitzen, ezta hark prestatutakorik jaten ere. «Eginahalak egiten ari naiz pentsamoldea aldatzeko, baina herrialde hinduista honek oso tradizio errotuak ditu. Orain, goth-ak suntsitzea da gure asmoa, bi urteren buruan bakar bat ere ez egoteko, eta chhaupadi-a hurrengo hamarkadan abolitzea», azaldu du politikariak. Abolitzea aipatzen duenean, ohitura hori modernoago eta munduarentzat onargarriago bilakatzea esan nahi du.

Gertuko herrixka bateko sendalaria da Shanta Auji; liberaltzat du bere burua, eta bat dator Khadkak proposatzen duen barne segregazio ereduarekin. Azaldu du garrantzitsua dela chhaupadi-a errespetatzea; «bestela, suiziden espirituak gure aurka altxatuko dira». Emakumearen inguruan bildutakoek, arrotza zela-eta jakin-minez etorri baitira, baietz egin dute buruaz, isilik.

Janak Khadka —19 urte ditu— adibide egokia da ikusteko sinesmen horiek zein errotuta dauden. Mangalsen herriko nerabeen klubeko presidentea da; hala, chhaupadi-aren kontra jardun du jo eta ke. «Goth-ak eraistea lortu genuen, eta ohitura pare bat hilabetez ezabatzea. Baina orduan animaliak hiltzen hasi ziren, zergatik ez genekiela, eta jendeak niri egotzi zidan errua», gogoratu du gazteak. Amak ere erruduntzat jo zuen. Presioa hain izan zen handia, non orain berriro men egiten baitio ohiturari. «Tradizio indartsuegia da: ezin da ezabatu», ebatzi du, burumakur.

Haren bizilekutik gertu dago Apsara Khadka, talde etniko bereko emakume bat, eta hilekoa du. Mugitzeko zailtasun handiak ditu desgaitasun baten ondorioz; hala ere, ohitura errespetatzen du, eta bere burua bakartzen, familia bizi den pezozko etxearen beheko solairuko gela txiki batean. Txerrien ondoan. «Oso deserosoa da, eta hotz handia pasatzen dut, baina sekula ez dut zalantzan jarri egokia ote den. Nahitaez egin behar dugu hau», azaldu du. Kazetari honi laguntzen dion taldetik aparte eseri da, eta ezin izan du harridura ezkutatu, kazetariak agurtzeko eskua luzatu dionean. «Sekula ez ninduen gizon batek ukitu hilekoa nuen bitartean», aitortu du.

Lacchindra Maharjan-en ustez, chhaupadi-a Nepalgo hezkuntza sistemaren gabezia larrien isla baino ez da. «Nahiz eta lehen hezkuntzako eskolatzea nabarmen hobetu den, hezkuntzaren kalitatea oso kaskarra da oraindik ere. Sineskeriak gailentzen zaizkio. Tarteka, kanpainak egiten dira halako praktikak ezabatzeko, baina, eusten ez badiegu, porrot egiten dute», uste du Save the Childreneko langileak.

Iritzi berekoa da Manju Mahal, Mangalseneko emakume eta haur saileko arduraduna. «Chhaupadi-aren kontrako egitasmo bat sortu genuen, eta herritarren %90ek ohitura baztertzea onartu zuten. Hortaz, herria bigarrena izan zen Nepal osoan segregaziorik gabe bereizgarriarekin. Alabaina, ez diogunez heldu arazoaren funtsari kultura faltari, alegia, familien %15 berriro hasi dira ohiturari kasu egiten. Gainera, zaila da gizon erlijiosoen pentsaera aldaraztea, eta haiek markatzen dituzte gizarteko arauak. Orain arte ezin izan ditugu zigortu ematen zituzten aholkuengatik, baina abuztuan chhaupadi-a sustatzen dutenen aurka egin ahal izango dugu legearen bitartez», amaitu du emakumeak, itxaropentsu.

Laxmi Nagar eskolan, ondoko Doti distrituan, ikasleek beste bide bat bilatu dute hilekoaren tabuak eraisteko. «Batetik, jendeari jakinarazi nahi diogu guztiz naturala dela, ez gaituela zikin egiten. Eta gu bakartzearen inguruko arriskuaz ohartarazi nahi ditugu, era guztietako gehiegikeriak pairatzeko arriskuan baikaude, eta hotza, euria, eta baita sugeen hozkadak ere. Bestalde, emakumeen osasuna eta higienea hobetu nahi ditugu hilekoa dutenerako, konpresa berrerabilgarriak sortzeko tailerren bitartez», azaldu du Basanti Saundek, 16 urtekoak.

«Garrantzitsua da gazteak inplikatzea herrialdea guztiz aldatuko duten gizarte aurrerapenen aldeko borrokan. Jasotzen duten formakuntza askoz hobea da gurasoena baino, eta horretan datza itxaropena», gaineratu du Navaraj Pudasainik, haurrak babesteko Unicefek duen programen arduradunak. Eta Rajendra Bahadur Khadka ados dago. «Gure aitona-amonak hiltzean, eta gu hiltzean, Nepal askoz ere herrialde hobea izango da», erantsi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.