Photoshopez garbitu dioten besapea marraztu du “Operación Triunfo” musika saioko kantari iruindarrak

Onintza Irureta Azkune / 2018-03-23 / 154 hitz

Amaia Romero kantari iruindarra konturatu zen TVEk besazpiko ile-itzala kendu ziola argazkietan. Argazkiok argitaratu diren aldizkarietan ileak margotu eta jarraitzaileei sinatuta bidali dizkie.

TVEk emititzen duen “Operación Triunfo” saioko izarra izan da 2017an Amaia Romero iruindarra. Kantari dohainak erakutsi behar izaten dituzte saioko parte-hartzaileek eta irabazleek Eurovisión-en hartzen dute parte. Iruindarra, beste batekin batera, saioko irabazlea izan da. Kontua da TVEk saioaren bukaerako galako argazkiak atera zituela eta horietan Amaiaren besazpia inolako ile-itzalik gabe ageri da. Itxura guztien arabera photoshopa erabili dute. Argazki horiek aldizkari batean erabili dituzte eta aldizkariok kantarion jarraitzaileek jaso dituzte etxean. Aldizkari horietako asko sinatu behar zituenez iruindarrak, argazkietan besapeko ileak margotzeko baliatu du.

Jarraitzaileak ez dira harritu Amaiaren erreakzioaz. Telebista saioan halako esaldiak esan zizkion lehiakide bati aldageletan galarako prestatzen ari zirela: “Badakizu? Ez ditut hankak depilatuko, zeren emakumeok ere ilea daukagu”. “Ile asko daukat, baina bost axola dit”. “Harro nago, zeren lortu dut depilatzea niretzat garrantzitsua ez izatea”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude