Badoa kapitaina

Jon Eskudero / 2018-04-11 / 686 hitz

Xabi Prietok jakinarazi du erretiroa hartuko duela sasoia amaitutakoan. Hamabost denboraldiz aritu da Realaren lehen taldean, 530 partida jokatu ditu, eta 74 gol sartu.

Espero zitekeen albistea, eta atzo ailegatu zen. Xabi Prietok ez du jarraituko Realean. Ez Realean, ez beste inon. Talde txuri-urdineko kapitainak atzo jakinarazi zuen erretiroa hartuko duela denboraldi amaieran, 34 urterekin, Realaren lehen taldean hamabost sasoiz jokatu ondoren. 530 partida jokatu ditu guztira —74 gol sartu ditu—, eta, kopuru horri esker, bosgarrena da neurketa gehien jokatu duten jokalarien zerrendan. Soilik lau historiko ditu aurretik, Realaren urrezko aroan aritu zirenak laurak: Alberto Gorriz Bixio (599 partida), Juanan Larrañaga (589), Jesus Mari Zamora (589) eta Luis Arkonada (551). Jarraitzaile txuri-urdinen bihotzean arrasto oso sakona utzi zuten haiek, baina gutxienez haien parekoa izango da Xabi Prietoren isla ere. Gaur arratsaldean eskainiko du prentsaurrekoa futbola uzteko arrazoien berri emateko, Anoeta estadioan. Bere etxean, alegia.

Realaren familia osatzen duen ororen bihotzetan iltzatuta geratuko da Xabi Prietoren izena. Taldekideentzat eredua izan da, beheko mailetatik igotako gazteentzat, batez ere. Guztien aita izan dela esatea zilegi da. Jarraitzaileentzat, beti egon izan da gainerako jokalariak baino koska bat gorago. Aspaldian bera izango da Anoetan txalo gehien entzun duena. Mikel Aranburu erretiratuz geroztik, klubarekiko maitasun gehien azaldu duena izan baita. Eta kazetarientzat ere beti izan da hurbileko pertsona, atsegina eta umila. Goi mailako jokalaria izan arren, ez ditu inoiz ahaztu izan bere sustraiak. Egoten dakien pertsona izan da.

Eredu. Akaso, hitz horrek definitzen du ondoen Prieto Realean izan dena. Haren ibilbideari begiratu bat bota besterik ez dago horretaz jabetzeko. Inoiz ez du hutsik egin lan saio bakar batean, eta bikain bete du kapitainaren besokoa zentzuz eramateko ardura. Besteak beste, Iñigo Martinezek Athleticerako bidea hartu zuenean, talde osoaren izenean hitz egiteko ardura izan zuen kapitainak. «Zer egitera zihoan ba ote zekien esan nion, baina jada erabakia hartua zuen. Errespetatu nuen, ezeren gainetik pertsonak baikara», adierazi zuen gerora jokalari beteranoak.

16 urtetik txuri-urdin

Halere, Prieto beti izango da maitatua, garbi eduki duelako Realean egin nahi zuela distira. Ez beste inon. Realak hainbat eskaintza jaso zituen jokalariarengatik Bigarren Mailan zegoenean eta egoera ekonomiko larria zuenean. «Ajaxeko entrenatzailearekin ere hitz egin nuen, baina zer egingo nuen Donostiatik kanpo? Ezer ere ez. Diru pila bat irabazten dugu futbolariok, pribilegiatu hutsak gara, eta ez daukagu beharrik diru gehiago poltsikoratzeko. Ajaxi eta beste hainbat talderi uko egiteko erabakia hartzea ez zitzaidan batere kostatu. Realean beti sentitu izan naiz maitatua», adierazi zuen iaz, berritu edo ez hausnartzen ari zela. Oso gutxik egin dezaketena egin zuen.

Hain zuzen, 16 urterekin iritsi zen klubera Xabi Prieto, 1999an, Easo taldetik. Gazte mailan kokatu zuten, baina han tokirik ez zuela iritzita, Hernanira bidali zuten utzita. Bertan eginiko lan onari esker, Realaren bigarren talderako ekarri zuten itzuleran, eta bi denboraldiz egon zen: 2002-2003 eta 2003-2004an. Lan bikaina egin zuen. 48 partida jokatu eta zortzi gol sartu zituen. Ondorioz, Raynald Denoueix lehen taldeko entrenatzaileren arreta bereganatu zuen, eta 2003an onenekin entrenatzeko deitu zuen.

Artean, Valery Karpinek jokatu ohi zuen Realaren eskuin hegalean, baina, 33 urte zituenez, entrenatzaile frantziarrak pentsatu zuen Prieto aulkian edukitzea eraginkorra izan zitekeela. Zubietako lau gazte deitu zituen sasoi-aurrerako: Prieto bera, Mikel Saizar, Javi Garrido eta Iban Zubiaurre. Debuta hilabete batzuk geroago iritsi zitzaion donostiarrari: 2003ko urriaren 8an. Realak 1-2 irabazi zion Oviedori, Espainiako Kopan. Ligan, berriz, hemezortzi egun geroago jokatu zuen estreinako partida. Karpinen ordez zelairatu zen 70. minutuan, Osasuna aurkari zela, Anoetan. Sasoi horretan bertan, egun gogoangarria eduki zuen Prietok, Santiago Bernabeun. Gazte-gaztea zela, bi gol sartu zizkion Real Madrili, eta gol sartzeko beste pase bat eman.

Titulurik ez; maitasuna bai

Behin betiko 2005-2006ko sasoian lortu zuen tokia lehen taldeko hamaikakoan, eta inoizko gol kopuru handiena sartu zuen: bederatzi. Hori bai, txanponaren beste aldea ere ezagutu zuen lasterrera, 2007an Bigarren Mailara jaitsi baitzen. Makina bat eskaintza edukiagatik, beti izan zitzaion duin elastiko txuri-urdinari. 2009an, Jokin Aperribai presidente izendatu zutenean, bizkarreko zenbakia aldarazi zioten jokalariari. Ordura arte 24 zenbakiarekin jokatzen zuen, eta gerora 10 zenbakiarekin hasi zen, «klubaren balioak» erakusten zituelako. Bigarren Mailan 107 neurketa jokatu zituen, eta hark egin zuen gol erabakigarria, penaltiz.

Azken urteotan aski kalitate erakutsi du Prietok, baina datu harrigarri bat utzi du: 92 partida jokatu zituen jarraian hasieratik. Lesioek errespetatu arren, min hartuta dago egun, baina zelaian esango du agur. Titulurik gabe joango da, baina jendearen maitasun izugarriarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude