Animaliak drogatzen direnean

Josu Lopez Gazpio / 2018-05-08 / 687 hitz

2016ko maiatzean Galesko hegoaldean artalde batek zoramena eragin zuen Rhydypandy inguruan. Antza, artaldeak alde egin zuen eta legez kanpoko kannabis fabrika baten inguruan zeuden marihuana landareen hondakinak jan zituzten. Drogaren eraginpean, artaldeak beldurra eragin zuen inguruko herritarrengan eta ardi asko errepidean hil ziren, autoek harrapatuta. 

Portaera arraro horrek erakusten du animalietan ere eragina dituztela hainbat droga psikoaktibok eta, Galesko kasuan, ondorio psikotikoak izan zituzten ardi gaixoek. Jakina, hori ez da drogatutako animalien kasu bakarra, haiek ere drogen efektuan jasan ditzakete-eta.

Zenbait drogek gizakiongan dituzten antzeko efektu eta albo ondorioak izan ditzakete animalietan eta, kannabisaren kasuan, ondorio oso aldakorrak izan ditzakeen arren, oro har, desorientazioa, despertsonalizazioa, haluzinazioak eta paranoia eragin ditzake. Ezaguna denez, kannabisa -edo marihuana- kalamu landaretik erauzten den droga psikoaktiboa da. Kimikari dagokionez, THCa -tetrahidrokannabinola- da osagai psikoaktibo nagusiena. THCa garuneko errezeptoreekin lotzen da eta dopamina eta opioide endogenoen sintesia eragiten du. Dopamina da, hain zuzen ere, plazer sentsazioarekin lotzen den neurotransmisorea eta hortik kannabisaren albo ondorioen azalpen nagusia. Galesko ardiei gertatutakoa horixe izan zen, drogatuta zeuden.

Elefanteak eta LSDa

Zientzian aski ezaguna da substantzia psikoaktiboek animalietan ere ondorioak izan ditzaketela, esaterako, marihuanaren THCa bera, kafeina, LSDa, anfetaminak eta etanola, Espeziearen arabera ondorioak desberdinak dira eta animaliaren tamainak ere garrantzia du, jakina. Azken horri buruz, Zientzia Kaieran bertan artikulu bat argitaratu zen, elefanteengan LSDak izandako ondorioei buruz. Kontua da LSDaren ondorioak ikertzen ari ziren bi psikiatrek akats tamalgarri bat egin zutela. Lehen aldiz elefanteetan LSDak eragiten dituen ondorioak ikertzen ari zirenean, dosi arrunta zein zen jakiteko katuaren dosia erabili zutela erreferentzia moduan. Elefantearen masaren araberako proportzioa mantenduz, ordea, elefantearentzat hilgarria den dosia eman zioten -300 mg, 8 mg-ren ordez- eta 5 minututan elefantea hil egin zen.

Animalia drogazaleak?

Armiarma-sareak ere ikergai interesgarria izan dira zientzian. Hain zuzen ere, ikusi da armiarmek forma eta tamaina desberdinetako sareak egiten dituztela substantzia psikoaktiboen eraginpean daudenean. Ikerketak egin dituzte kafeinarekin, marihuanarekin, LSDarekin eta abar. Armiarma-sareen argazkiak aztertuta, substantzia psikoaktiboak identifika daitezke, droga bakoitzak aldaketa espezifikoak eragiten baititu.

Armiarma horiek gizakiak drogatutako kasuak badira ere, badira naturan drogatzen diren animaliak. Esaterako, katuek menda-belar berezi bat oso gustuko dute –catnipizenez ezagutzen dena- eta haientzat oso erakargarria da. Katuek belarra usaindu, igurtzi edo jan egiten dute eta efektu kitzikagarria edo narkotikoa du. Katuaren menda-belarrak nepetalaktona delako substantzia du eta horrek asaldatzen ditu katuen neuronak.

Antzeko kasu bat Madagaskarreko lemurrek eta Hego Ameriketako tximu kaputxinoek duten ohitura bitxia da. Hain zuzen ere, zuhaitzetan dabiltzan milazangoak koskatzen dituzte eta gorputzean igurtzi egiten dituzte. Milazango horiek substantzia pozoitsuak dituzte azalean -haien artean, zianuroa-, baina, neurrian hartuta, tximuek efektu narkotikoa nabaritzen dute.

Izurdeak ere zenbait puxika arrainek azalean dituzten toxinekin drogatzen direla dokumentatu da, nahiz eta ez dagoen argi portaera hau zenbaterainoko arrunta den. Izurdeak trantze moduko egoera batean egoten dira toxina horiekin kontaktuan egon ondoren. Toxina hori tetrodotoxina da, zianuroa baino 1.200 aldiz hilgarriagoa den toxina, hain zuzen ere. Tetrodotoxinak neuronen arteko konexioa eteten du, kokainak duen antzeko akzio-mekanismoaren bidez, baina tetrodoxina 160.000 aldiz eraginkorragoa da kokaina baino.

Txakurren pozoiak

Alabaina, substantzia kimikoek beti ez dituzte izaten ondorio berdinak espezie guztiengan. Zenbait kasutan, fisiologia desberdina duten animaliek efektu desberdinak jasan ditzakete substantzia beraren aurrean. Kasu ezagunenetako bat txokolatearena da, txakurren eta katuen jabeek ondo jakin beharko luketen bezala; izan ere, txokolatea toxikoa da haientzat. Kontua da txokolatearen kakaoak teobromina alkaloidea duela eta gizakiok teobromina azkar metabolizatzeko gai bagara ere, txakurrek eta katuek ez dutela gaitasun hori. Hortaz, 10 kg-ko txakur batek intoxikazioa paira dezake 300 gramo inguru txokolate jaten baditu.

Txakurrentzat pozoitsuak diren substantziekin jarraituz, duela bi urte AEBko FDA agentziak ere ohartarazi zuen xylitola arriskutsua dela txakurrentzat. Xylitola edulkoratzaile bat da, azukrerik gabeko produktuetan gehitzen dena zapore gozoa izan dezaten, esaterako, azukrerik gabeko txikleetan. Gizakion kasuan, xylitolak ez du albo ondorio arriskutsurik, baina, txakurren fisiologiagatik haientzat oso toxikoa da.Odoleko azukre kontzentrazioa asko jaisten zaie eta hipogluzemiaz hil daitezke denbora-tarte laburrean. Kontuz, bada, azukrerik gabeko elikagaiak txakurrei ematen zaizkienean; izan ere, xylitola badute edulkoratzaile moduan, arriskutsuak izan daitezke.

Informazio osagarria:

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.