Euskara, ‘Naparrako eta Españaren ederkun’

Berria / 2018-05-31 / 200 hitz

1956tik 1966ra bitartean, Nafarroako Diputazio Frankistak saritu egiten zituen euskaraz egiten zuten haurrak.

Pello Salaburu EHUko irakasleak hamar urte zituen 1966an Nafarroako Diputazioak euskaraz jakiteagatik saria eman zionean. Salaburuk berak azaldu duenez, ordu hartan ohiko zen euskaraz egiten zuten haurrei diputazioak kontu bat zabaltzea Nafarroako Kutxan. Salaburuk sare sozialetan zabaldu du duela 56 urte jasotako agiri hura:

Pozik hartu zuen hark Diputazioak igorritako oparia: “Kartillan sartu zidatenarekin munduko aberatsena sentitu nintzen, baina gurasoek ez zidaten diru hura ukitzen utzi”.

Frankismo garaiko kontraesana zen hura. Euskaraz egitea gaizki ikusia zegoen arren, hura zekiten haurrei kontua zabaltzen zieten. Hamar bat urte iraun zuten politika horiek, 1966 inguruan bertan behera geratu ziren arte.

Salabururen sariaren albiste hau BERRIAren webgunean irakurri ondoren, Sakanako irakurle batek BERRIAra deitu du, azalduz berak ere Nafarroako Diputazioaren saria jaso zuela euskaraz jakiteagatik, 1957an. Beraz, 1950 hamarkadaren bigarren zatikoak badira gutxienez sari horiek, BERRIAk jakin duenez. Horiek jaso zituen norbait ezagutzen baduzu, jarri harremanetan Iker Tubia BERRIAko kazetariarekin mesedez, (0034)948366622 telefono zenbakira deituz.

Frankismoaren ondoren, horrek ere kontraesan bat dirudien arren, demokrazian UPNren gobernuekin euskararen aurkako legeek indarra hartu zuten, eta gobernu aldaketa heldu zelarik ere, indar erakustaldiak egiten jarraitzen dute zenbaitek oposiziotik. Horren adibide datorren larunbaterako antolatu duten Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikaren aurkako manifestazioa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.