Gatazkak gatazka, bidea egin

Itziar Ugarte Irizar / 2018-05-02 / 738 hitz

Munduko milioika haurrentzat, eguneroko lan erantsia da eskolarako bidea: luzeegia, eta arriskutsua zenbaitetan. Gatazka armatuak, hondamendi naturalak, pobrezia eta bestelako faktoreak daude atzean. ‘Eskola bideak’ erakusketak hainbat istorio jarri ditu ikusgai Donostian.

Libiako Amal, Nawal eta Salem Al Torchani anai-arrebek etxe bonbardatuen aldamenetik egiten dute eskolarako bidea goizero. Salemek lurreko objektu bat hartu zuen behin; pilota bat zirudiena lehergailu bat zen, eztanda egin zuen, eta lehengusua eta arreba zaharrena bertan hil ziren. Bide horretatik iristen dira eskolara gaur ere, eta minak eta lehertu gabeko armamentua mehatxu iraunkorra dira. Bonbardaketek ikastetxe ugari suntsitu dituzte, eta, Libiako Abdalah Ben Abbass eskolan, 400 ikasle sartzen ziren lekuan, 700 haurrek ikasten dute egun.

Muturreko argazkia da Al Torchani anai-arrebena, eta ez da horregatik argazki bakan bat. Munduan milioika haurrek zeharkatzen dituzte gatazka armaturen batek hartutako eremuak, basamortuak, ibaiak, lur izoztuak eta eskualde bakartuak eskolara iristeko, egunero-egunero. Unescok Sipa Press agentziari eskatutako Eskola bideak erakusketak errealitate horretara hurbiltzen ditu fokuak. Munduko hamar fotokazetariren lanak biltzen ditu, eta Donostiako Aiete kultur etxean bisitatu daiteke, ekainaren 10a bitarte.

Giza taldeen arteko bereizkeriak ere desberdintzen ditu haurrak. Hori erakusten du Wai Wai Htunen istorioak, Nicolas Axelrod fotokazetariak jasotakoak. Mae Soten bizi da Htun, Thailandia eta Myanmar artean. Birmaniar komunitateko kide da; «etorkina» egungo bizilekuan. Errefuxiatuen eta langile migratzaileen seme-alabek ez dute eskola publikoetarako sarbiderik, eta bide pribatutik ari dira hezkuntzarako aukerak sortzen, Axelrodek azaldu duenez: «Lagun batzuek aipatu zidaten bazela eskola bat Mae Soteko birmaniar komunitatean eragin handia izaten ari zena. Han ezagutu nuen Wai Wai. Oso luze ibiltzen da oinez eskolara iristeko. Goiz askotan lagundu nion, harekin igaroz orduak etxean eta eskolan. Ikaragarria da». Bereizkeriari ezegonkortasuna korapilatzen zaio Htunen kasuan; langile etorkinak aldi baterako daude Thailandian lanean, eta toki finko batean ikasturtea osatzeko oztopoa da hori. «Naturak nola gizakiak eragindako arriskuetatik aparte mantendu behar dira haurrak. Hezkuntzarako sarbidea lehentasuna da gizarte ororentzat, eta eskolarako bide seguru bat bermatzea beharrezkoa da horretarako», defendatu du Axelrodek.

Fotokazetariaren beste argazki batean Thi Ha ageri da, Myanmarko «haur etorkinentzako» eskolako irakaslea. Maisua bakarrik ez, haurrak eskolara eramaten dituen gidaria ere bada Ha; somlot batean —ibilgailu txiki motorduna—, auzoz auzo joaten da haurrak jasotzen, eskolara iristeko beste erarik izango ez luketenak.

Antzera gertatzen zaie Wyalkatchem eta inguruko herriko haurrei, Australia mendebaldean. Geografikoki bakartuta eta eskolatik urruti bizi dira. Eskola egun bakoitzeko, John O’Grady autobus gidariak bi ordu egiten ditu haurrak eskolara eramaten lehenik, eta banan-banan etxean uzten ondoren.

Autobusik ez da Brasilgo Sertao eskualdean; haurrak zaldiz zein astoz joaten dira eskolara. Azken hamarkadetako lehorterik handienean daude, eta basamortu bihurtu zaie eskola bidearen parte. Leonardo Wen fotokazetaria izan zen han: «Haurrek ordubetetik gora egiten dute asto gainean eskolara iristeko, eta berdin gero etxera itzultzeko». Hezkuntzarako eskubide unibertsala bermatzeko duten modu bakarra da, Wenen hitzetan.

Neskek, are eta nekezago

Elisabeth Ateniok, orobat, bi ordu egiten ditu oinez etxetik eskolara. 6 urte ditu, eta Kiberan bizi da, Afrikako txabola auzunerik handienetan bigarrenean, Kenyan. Irten aurretik, ama Maryri laguntzen dio anai-arreba txikiagoekin. Zaborrez betetako kaleetatik egiten du eskolara arteko bidea, eta, estolderia ahularen ondorioz, urak hartzen ditu kaleak euri asko egiten duenetan. Saneamendu sarearen egoera larria da. Hezkuntza indartzea da egoera hobetzen hasteko bide nagusietako bat, baina eskolatze tasa ez da handia, are gutxiago nesketan; Kiberako nesken %10 baino gutxiago joan baitaitezke eskolara.

Jessica Chouren argazkietan Jhai Menefee ageri da, autobusaren zain, Slauson Avenueko errailetan, Los Angeles hegoaldean, AEBetan. 13 urte ditu, eta neska nagusiago batzuek jazarri egiten zioten aurreko eskolan, South Park auzoan, non delinkuentzia nabaria den kalean eta eskoletan. Auzo aberatsago bateko eskolara aldatu da, eta, denera, etxetik klasera, bi autobus hartu eta kilometro bat ibiltzen da orain.

Nafisa Walest Sidik eta haren familiak Malitik alde egin zuten, indarkeriatik ihesi. Burkina Fason bizi dira egun, beste 6.000 errefuxiaturekin batera. Iraupen baldintzetan egiten dute aurrera. Gertuen dagoen eskola hamar kilometrora dago, Djibon, eta gehienek ez dute garraiobiderik. Nesken familiak segurtasun faltaren beldur dira, gainera.

Beren burua inoiz halako egoera batean irudikatuko ez luketenen ahotsak ere biltzen ditu Eskola bideak erakusketak. Hiroki Honorena, kasurako. Tsunami batek Japoniako Higashimatsushima herria guztiz suntsitu zuen 2011n. Gauetik goizera, hondamendiak hartu zuen eskualdea, eta «behin-behineko» azpiegituretan eraiki dute bizimodu berria. Nicolas Datiche fotokazetaria handik urtebetera iritsi zen hara. Orduan ezagutu zuen Hono. «Hondamendiak gehien jo zuen eremuan bizi zen. Kolpetik galdu zuten ordura arteko bizitza, eta eguneroko bizitzan ezer bada, eskolarako bidea da hori». Aurrena bizikletaz, gero trenez, eta, bukatzeko, oinez iristen da eskolara ordutik. «Lurrak dardara egiten duen aldiro, mamuak itzultzen zaizkio memoriara, eta, hala ere, irribarrez erakutsi zidan egunerokora gehitu zaion borroka».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.