Koska bat lagunkoiago

Maialen Unanue Irureta / 2018-05-23 / 1071 hitz

Herri eta hiriak zaharrentzat erosoago izateko egiten dira Hiri Lagunkoiak proiektuak: euren egunerokoan traba direnak identifikatu eta konponbideak bilatzea da helburua, aktiboki zahartu ahal izateko. Zerikusia du herri eta hiriguneen egiturarekin, baina baita gizarteak eurekin duen jarrerarekin ere.

Auzoa herrigunetik urrun egotea, herri edo hiri aldapatsuan bizitzea, espaloiak behar bezala zainduta ez egotea edo etxean igogailurik ez edukitzea izan daitezke zaharren egunerokoa zailtzeko eta baldintzatzeko nahikoa arrazoi. Halako arazoei aurre egiteko, Hiri Lagunkoiak proiektuak bultzatzen ditu OME Osasunaren Mundu Erakundeak, baina tokian-tokian garatzen dira. Zaharrek euren iritzia eman dezaten bizi diren herriei edo hiriei buruz eta horiek hobetzeko proposamenak egin ditzaten sortzen diren proiektuak dira.

«Hiri lagunkoiez hitz egiten ari garenean, zahartze aktiboaz ari gara: helburua da aukerak maximizatzea pertsonak bere beharrak ase ahal ditzan, ondo senti dadin eta bizi kalitate ona eduki dezan bizitza guztian», azaldu du Pedro Fernandez de Larrinoak. Irakaslea da Deustuko Unibertsitatean, eta Zahartzaroak lehengo astean antolatutako jardunaldietan parte hartu zuen. Izan ere, halako zenbait proiektu gidatu ditu: Durangokoan lagundu zuen, eta Abanto-Zierbenako eta Basauriko (Bizkaia) taldeekin ari da egun.

Bost urteko zikloak planteatzen ditu Hiri Lagunkoiak proiektuak. Lehenengo bi urteetan diagnostikoa egiten da, lekuan lekuko zailtasunak identifikatu eta ekintza plan bat osatzeko; hurrengo hiru urteetan plan hori martxan jartzen da. Bost urteak pasatuta, berriz elkartzen dira taldeak diagnostiko eta ekintza plan berri bana egin eta hurrengo hiru urteetan aplikatzeko. Eta, horrela, etengabe. «Desorekatua irudi lezake bi urte eskaintzea diagnostikoari eta hiru plana aktibatzeari, baina berebiziko garrantzia du arazoak ongi identifikatzeak gero plan egoki bat egin ahal izateko: asko dira kontuan hartu beharreko ertzak, plana gauzatzea errazagoa izan dadin gero».

Lehenik eta behin, hiri eta komunitate lagunkoien mundu mailako sarean eman behar da izena. «Zaharrek izan behar dute proiektuaren benetako protagonistak, eta zaharrek osatutako talde batek izan behar du tokian-tokian proiektua bultzatu behar duena». Fernandez de Larrinoaren arabera, sare horretan sartzeko eskaera formala alkateak egin behar du, baina garrantzitsua izaten da eskaera herritarrengandik jasotzea, lehenik. «Haiek dakite zerk egiten dien on eta zerk ez aktiboki zahartu ahal izateko: ikuspuntu hori gero profesionalek osatuko dute, baina ezinbestekoa da haien parte hartzea».

Aztertu beharreko dimentsio nagusiak bi dira, Fernandez de Larrinoaren esanetan. Batetik, alderdi fisikoa dago, kale, eraikin eta garraioari dagokiena: irisgarriak izatea ezinbestekoa dute. Bestetik, alderdi soziala dago: «Nik askotan errepikatu ohi dut: herri edo hiri bat lagunkoia egiten duena tokiko pertsonak dira, eta garrantzitsua da euren artean elkar laguntzea». Izan ere, haren esanetan, elkarren arteko harremanak onak izatea irisgarritasuna baino inportanteagoa izan daiteke: «Irisgarritasun txarra badago, hobetu beharko litzateke, baina bizilagunengandik babestua eta zaindua sentitzea inportanteagoa izaten da askotan: elkar zaintzeko sareak egotea, parte hartzeko aukera, errespetua…».

56 proiektu Euskal Herrian

Diagnostikoarekin jartzen da martxan proiektua: badago prozesua gidatzen duen talde bat eta badaude talde fokalak, parte hartzaileen soslaiaren arabera osatuak. «Adina kontuan hartuz egiten dira, baita generoa ere: talde batzuk emakumeek soilik osatuak dira, garrantzitsua baita euren iritzia garbi plazaratzeko talde bat edukitzea; badugu zaharrak zaintzen dituzten pertsonek osatutako beste talde bat, eta beste bat lanbideen araberakoa».

Euskal Herrian 56 proiektu daude martxan gaur egun, eta badira hiri eta komunitate lagunkoien munduko sarean izena eman dutenak, proiektua abiatzeko asmoz. «Adibidez, Bilbo bigarren zikloan dago: gure inguruetan aurreratuen dagoen hiria dela esango nuke, nahiz eta Donostia izan zen proiektua abiatu zuen lehenengo hiria».

Urrian aurkeztu nahi dute diagnostikoa Abadiño Lagunkoia taldekoek, 2019an martxan jarri ahal izateko. Jose Mari Macias taldekideak azaldu duenez, 2015ean jarri zuten gaia mahai gainean Abadiñon (Bizkaia): «Erretiratuen bi talde daude, eta ordura arte elkarrekin gauza gutxi egin genituen: interesgarria iruditu zitzaigun horrelako zerbait elkarrekin egitea». Maciasek gogoratu duenez, Igorreko (Bizkaia) taldekoek azaldu zieten nola abiatu zuten eurek proiektua.

Guztira, 150 pertsonak baino gehiagok parte hartu du prozesuan, Maciasen arabera: «Ez dute denek hitzordu guztietan parte hartu: gaiaren edo bakoitzaren konpromisoen arabera, batera edo bestera etorri dira. Oso pozik gaude jendearen erantzunarekin». Macias bera «oso aktiboa» dela dio, beti parte hartu izan duelako gizarte mugimenduetan, baina inplikatu izan ez direnak lotzea ere lortu dute: «Gogotsu etortzen dira, giro atsegina sortzea lortu dugulako».

Giro hori modu «sinplean» lortu dute, Maciasen arabera: bi orduko bilerak egin dituzte: ordubeteko debatea, hamar minutukoko atsedenaldia eta beste 50 minutuko debatea: «Kafearen tarteak gure arteko harremanak hobetu ditu: jendea, azkenerako, animatu eta denentzako etxean egindako erroskillak ekartzen hasi da». Dena den, bada beste zerbait giro hori lortzen lagundu diena: «Hasieratik esan dugu iritzi guztiek balio dutela, zeren batzuek ez zuten sentitzen ezertan lagundu zezaketenik».

Maciasen esanetan, bileretan gehien aipatu diren gaiak kaleen garbiketarekin eta hiri ekipamenduaren mantentzearekin dute lotura. Alderdi sozialek ere hartu dute pisua, ordea: besteak beste, bakardadeak. «Konplikatua da jendearen arazoen berri jakitea zurekin hitz egin nahi ez badu, baina jende asko dago laguntza behar duena bankuan gestioak egiteko, kafe bat hartzeko…». Haien ongizatean eta osasunean on egingo lieketen neurriak dituzte buruan: «Atera da, esaterako, agian otordu zerbitzu bat antolatu beharko litzatekeela bakarrik bizi den jendearentzat, askok ez baitute fundamentuz jaten». Azaldu duenez, oraingoz ez dute ezer zehaztu, baina proposamenak tankera horretakoak izango direla uste du Maciasek.

Onurak, denentzat

Mugerren (Lapurdi) bizi da Chantal Torre, baina bizia Baiona eta Angelu inguruetan egiten du, gehienbat. Baiona hiri «oso erosoa» dela uste du, nahiz eta alde zaharrean eskailerak-eta badiren; igogailurik ez dago, baina badaude oinezkoentzako karrikak: «Erosoa da Baionan oinez ibiltzea». Garraio publikoaren falta da Torrerentzat gabeziarik handiena: «Normalki beti autoa hartu behar da, eta arazorik handiena da aparkalekuen falta: beti hartu behar dut autoa, eta hori pena da, ez baita ekologikoa». Mugerren, gainera, Elizaberri auzoan bizi da: «Aparte dago, eta ez dago garraio publikorik auzoak eta herri zentroa lotzeko».

Azaldu duenez, Mugerreko Udalak ekintza asko antolatzen ditu zaharrentzat, baina haietara ez da joaten Torre: «Nik ez ditut maite helduentzat bakarrik diren ekitaldiak: afariak, ateraldiak… antolatzen dituzte zaharrentzat, baina ni ez naiz ados horiekin. Uste dut gizartean gazteek eta helduek batera bizi behar dutela, ez adinaren arabera sailkatuta».

Iruñeko Donibane auzoan bizi da Koldo Amatria, eta auzoa erosoa da, haren esanetan: «Ez dauka aldapa askorik, eta erosoa da bizitzeko eta mugitzeko. Oso ongi dago konektatuta, gainera, erdigunearekin: oinez joan zaitezke, oso hurbil dagoelako, eta lauzpabost autobus linea desberdin daude, hiriko leku desberdinetara joateko: aukera zabala dago». Erdigunetik gertu bizitzea «abantaila handia» dela uste du: «Zorionez, hankak ongi dauzkat: beti oinez edo bizikletaz mugitzen naiz hirian; hori bai, bidegorririk ez dago, eta mugitu behar izaten dut espaloitik edo errepidetik».

Zaharrek euren bizipenetatik egiten dituzte ekarpenak, baina Maciasek argi du onurak ez direla eurentzat soilik. «Kaleko argiztapen hobea eskatzen badugu, onura, guretzat ez ezik, denentzat da: neurriokin hiriak ez dira soilik guretzat bihurtzen lagunkoi, denentzat baizik».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude