Xaribariak, gure arbasoen “eskratxeak”

Joseba Aurkenerena / 2018-05-13 / 817 hitz

Xaribaria Erdi Arotik datorren usaia da, Europa osoan zabaldurik izan zena. Garai zaharretan senar-emazteen gatazkak, alargunen arraezkontzak eta gisa horretako gaiak ziren plazan horrelako ekitaldi baten bidez salatzen zituztenak. Euskal Herrian, gainerako herrietan bezalaxe, ohitura hau biziki sustraiturik zegoen.

Europan gehien erabili zen izena Charivari da. Euskaldunok tokian araberako izenaz bataiatu genuen. Xaribari hitza ohikoa izan dugu zazpi euskal herrietan, baina horretaz gain izen ainitz erabili ditugu: Tobera-munstra, astolasterra, galarrotsa, zintzarrotsa, karrusa… Gizarte giristinoaren autozentsura modukoa zela aipa genezake, hau da, moral giristino hertsiaren aurkako gertakizunak edota ekintzak salatzeko eta herritarren aitzinean zigortzeko balio zuten besta kutsuko sasiauziak. Eliza katolikoak xaribari horien bidez kontrol handia ezartzen zuen herritarren artean. Barregarriak zirenez gero herri xeheak biziki maite zituen, eta normalean gazteak izaten ziren horrelakoak  antolatzen zituztenak.

Herriaren arau moralak hausten zituztenak zorretan zeudela uste zuten gainerako herritarrek, eta horregatik horrelakoak antolatzeari ekiten zioten, ainitzetan inolako gupidarik gabe. Tobera edo horrelakoetarako hautatuak zirenek jende aitzineko sasiauzi haiek saihestu zitzaketen gazteei sosak emanez edota antolatzaileak arno trago batera gonbidatuz gero. Fitsik ez bazuten ordaintzen egoerak okerrera jotzen zuen eta gaueko xaribari edo toberak antolatzen zituzten pertsona horien leiho azpian. Garrasiak, tutu edota zintzarri soinua eta horrelakoak egiten zituzten herriko guztiek horren berri ukan zezaten. Hilabete oso bat iraun zezakeen. Amaitzeko herriko plazan alegiazko epaiketa bat egiten zuten, jujea, abokatak, lekukoak eta guzi. Bertsolariek ere giroa berotzen zuten xaribarirako hautatu pertsonei buruzko bertso barregarriak kantatuz.

Auziaz gain, dantzek eta kantek ere sekulako garrantzia zuten horrelako ekitaldietan. Ibilaldi modukoak antolatzen zituzten sujetaren etxetik epaiketa egin behar zuten plazaraino eta bukatzean, gauza bera baina alderantziz. Sarritan zaldiak, astoak edota zalgurdiak erabiltzen zituzten. Hauek dira kabalkadak. Kabalkadetan parte hartzaileak ibiltzen ziren talde zenbaitetan banaturik: bolantak, kaskarotak, andere xuriak, zapurrak, banderariak…

Erdi Arotik zetorren usai honek Ipar Euskal Herrian Bigarren Gerla Handira arte iraun zuen. Orduko gizartea aldatua zen eta ez zuen begi onez ikusten horrelako salaketa publikoak egitea, hori dela eta, debekatu egin zituzten. Azken tobera klasikoa Irisarrin 1937. urtean egin zutena jotzen bada ere, jakin badakigu, geroxeago ere zenbait tokitan gaueko toberak egin zituztela, Hazparnen, Itsasun, Garazin, Luzaiden…

1950. urtetik aitzina tobera berrien tenorea etorri zen, Luhuson, Makean… gaia ez zen garai bateko salaketa moral hura, alegiazko gaien inguruko epaiketa baizik. Gaia aldatua zen, baina egitura guziak bere hartan jarraitu zuen: dantzak, kantak, bertsoak, kabalkadak, pertsonaiak… 1970. urtetik aitzina boterearen aurkako toberak antolatu zituzten. 1974. urtean Iholdin zegoen aintzira proiektu baten kontrako tobera antolatu zuten. Joera berri honek tobera arrapiztu eta indartu zuen. Hortik aitzina horrelako kabalkada-tobera ainitz antolatu ziren, Eiheralarren, Baigorrin, Amikuzen…

Lapurdiko barnekaldean eta Baxenafarroan toberak izugarri indartu ziren, eta herri ainitzek antolatu zituzten, Itsasun, Lekornen, Luhuson… baita auzoa den Heleta baxenafarrean ere. Itsasu izan da tobera-munstra gehien egin duena, bost urtetan behin-edo egin izan duelako. 2012. urtean Irisarrik sekulako kabalkada eskaini zuen, bi saiotan, eta urte berean, Itsasuk ere besta kari biziki tobera ederra eskaini zuen. Toberaren arrapizte hau orain arte, barnekaldean gertatu da, kostaldetik urrun. Dena den, Urruña herriak kostaldera berriz ekartzeko deliberoa hartu du, eta jadanik berrehun bat urruñar bete-betean ari dira entsegutan 2014ko ekainean plazaratu nahi duten kabalkada-zintzarrotsa prestatzen. Zorte handia ukan dezaten.

Arestian erran bezala, oraingo toberek edo zintzarrotsek ez dute zer ikusirik garai bateko xaribari gaizto haiekin. Ikusgarri edo espektakulu hutsa dira, eta bertan kritikek lekua hartzen badute ere, ez dute inolako antzik garai bateko trufa eta xantaia salbai haiekin. Euskaldunok jakin izan dugu hau ere zuhurki moldatzen.

Artikulu honetan aipatu nahi dut Ezpeletan, 1828an, bertako neska gazte baten kontra herritarrek antolatu zuten xaribari basa eta itsusia. Horretarako G. Hérelle-k 1924an RIEV aldizkarian plazaratu zuen “Les charivaris nocturnes” izeneko artikulu aberats eta mamitsua dut iturri. Aipatu artikuluan Hérelle-k kontatzen digunez, Lapurdira etorritako bake-epaile frantses bat Ezpeletako neska batez maitemindu omen zen. Mutila protestantea zen eta Ezpeletako neska familia katoliko batekoa, herriko ostaler ezagun baten alaba.

Ezpeletako auzapezak arazorik gabe ezkondu zituen, baina herriko apezak ez zien elizaren benedikazioa eman nahi izan. Neska-mutil gazteak Urdazubira joan ziren apez baten benedikazioa atzeman nahian, baina alferrik, Urdazubin ere ez baitzuten horrelakorik lortu. Orduan, Baionara abiatu ziren eta han Pyt izeneko artzain protestanteak ezkondu zituen.

Ezpeletara itzultzean, herri guztia heien kontra zela ikusi zuten. Bekatua omen zen protestante batekin ezkontzea. Herritarrek, bertako apezak puxaturik, alimaleko xaribaria antolatu zuten, eta hilabete bat pasatxo, ibili ziren gauero, kantuak, bertsoak, irainak eta burrunba egiten senar-emazte gazteen leihopean. Xaribariaren lehen bertsoa honela hasten zen: “Mila zortziehun eta hogoi eta zortzian / mirakulu bat gertatu zen eskualdunen artian / protestant bat ezkondurik Ezpeletako herrian / neska koket bat harrapatu du zabilana airian.”

Hérelle-ren artikuluan irakurtzen ahal dugunez, azkenean errege-prokuradoreak parte hartu behar izan zuen xaribari haren antolatzaileei isun edo amanda handiak ezarriz. Horrela bukatu omen zen historia itsusi hura.

Kontakizun hits honetan ongi ikusten dugu zein estekatuta ziren xaribariak moral katoliko hertsiarekin. Penagarria, baina gaur egun ere baditugu horrelakoak gure artean. Orain ez dira protestanteak ezkondu nahi dutenak, homosexualak baizik, eta xaribariak antolatzen ez dizkieten arren, heien aurkako jazarpena ikaragarri handia da. Arrangoitzen begiratu, besterik ez dugu egin behar nire hitz hauek baieztatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.