“Nerea dut izena eta ez naiz desgaitua”

Mikel Garcia Idiakez / 2018-09-17 / 325 hitz

“Nerea dut izena eta ez naiz desgaitua. Desgaitasun bat daukat, miopia dudan bezalaxe. Aurreiritzi zaharkituak azpimarratzen dituen hizkuntza daukagu, eta hizkuntzaren bidez estereotipoak eta balio-iritziak sor ditzakegu, besteengan eragiten duten pentsamenduak eta sentimenduak adierazten ditugulako. Ez dadila izan ezgaitasuna definitzen gaituena; ez sustantibizatu adjektiboa”.

Nerea Gabilondo da mintzo dena. 31 urte ditu eta kexu da, norbait ezagutzen duen aldiro galdetzen diotelako ea nola bukatu duen gurpildun aulkian, nahiz eta berak beste mila gauza izan kontatzeko. “Beti kontu bera azaltzeaz nekatuta, istorio fantastikoak asmatzen hasia naiz, horrela beste pertsonak bere jakin-mina asetzen du eta nik nire irudimena garatzen dut”.

“Normala” dela dio Gabilondok, “baina zer da normaltasuna? Klub prestigiotsu bat al da, non onartua izateko etiketa guztiek ez duten berdin balio? Etiketa batzuek beste batzuek baino pisu handiagoa dute, beharbada onartuago daude. Miopea normaltasunaren klubean sar daiteke, gurpildun aulkian doan pertsona ez”.

“Hizkuntzak dituen traba mentalak”

Inklusioa lortzeko bidean, hizkuntza eta hitzak funtsezko direla dio Gabilondok: “Desabantaila sozial batetik atera diren kolektibo guztiek, kalte egiten zien hizkuntza aldatu behar izan dute lehenengo, hizkuntzak gure pentsamendua eta mundu-ikuskera determinatzen duelako. Hitz zaharkituak, okerrak edo desegokiak erabiltzen baditugu, irudi negatiboak betikotu eta pertsonak estigmatizatu ditzakegu. Kontzienteki egiten ez badugu ere, beharrezkoa da hizkuntzak dituen traba mental horiek ezabatzea”. Azken finean, “desgaitasunik ez duen pertsonak, gaitasuna al du lan, mugimendu, kirol… guztiak egiteko? Ezetz esango nuke”.

Normal izatea, egungo gizartearen fikzio handia

Ildo horretan, eta buruko gaitzen ikuspegitik, normaltasunaz hitz egin zigun Lucía Gricman psikologoak: “Nire irakasle batek esan zidan egungo gizartearen gauzarik larrienetakoa normaltasuna dela. Muga indartsua dago normal izatearen eta ez izatearen artean, hori da egungo gizarteak sortzen duen fikzio handia. Parte izatea edo ez, horra hor bizi dugun patologia kolektiboa, kanpoan geratzeko arriskua oso gaizki daramagulako eta dena hainbeste psikopatologizatzen denez oso erraza delako kanpoan geratzea. Azkenean denak gaude at, normal izan nahi eta inork ez duelako fikzio hori lortzen. Kanpoan geratu naizenean, zer egin beharko nuke, berriz ere normal izaten ahalegindu, ala nire ezberdintasunetik jokatzen ikasi?”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude