Euskal Literatura?

Juanjo Olasagarre / 2018-10-07 / 646 hitz

Abuztuan erabaki nuen zutabe honen gaia; eta, hartara, Maialen Berasategi, Rikardo Arregi eta Jon Alonso aurreratu zaizkit Hirudia sailean. Mediterraneo bazterrean nengoen, bermuta eskuetan konpainia noblean; eta bai, izan zen prediku, izan zen solasa. Nire konpainia nobleak 20 urte inguru ditu eta ikasketa ibilbide osoa gure nazioko lurralde hegemonikoko eskola publiko euskaldunean egina da, ez dut esango zein motatakoan. Nire inozenteenean galdetu nion mutil horri ea Jon Mirande ezagutzen zuen; ezezkoa egin zidan zertaz ari nintzen ezin iragarririk.

ezezkoa egin zidan zertaz ari nintzen ezin iragarririk. Iradoki zidan galdetuko ziola ikaskide izandako bertsozale bati, eta, tarte baten ondoren, hantxe ailegatu zen erantzuna watxapez: «Idazle bat?». Jakina da konpainia noblearekin ezin dela bat haserretu, eta nire ozpin guztia ikasketa prozesuari egotzi nion.

Sutu nintzen baina, zer esanen dizuet, ez ninduen harritu. Badira urte batzuk lanean aritu nintzen institutu bateko lehenengo batxilergoko ikasleei galdera bera egin niela, eta haietako ale batek ere, etsigarriki, ez zuen Jon Miranderen berririk, nahiz eta hainbat eskola-ikastoletatik etorri. Besterik ezean, programazioa aldatu eta urte horretan bakarrik literatur testuak landu genituen, 1990eko hamarkadatik hasi eta atzerantza.

Zer egin du euskal eskola sistemak gaizki ikasketa osoak euskaraz egin dituen ikasle batek ez jakiteko nor den Jon Mirande, eta, halaber, bere testu bakarra urrundik ere ez gogoratzeko? Zerbait bai, nire irudiko; izan ere, kontua ez da Jon Mirande nor zen xehe-mehe jakitea, baina bai haren testu batzuk irakurri, ulertu, eta, ai, ahal balitz, gozatzea.

Non sartu dira Euskara eta Literatura ikasgaiaren ordu guzti horiek? Beldurra ematen dit erantzuteak.

Maialen Berasategik bere testuan iradoki duen kanon sendo baten eza litzateke lehenengo arazoa: zer irakatsi behar da, zein dira derrigorrezko autoreak eta zer azaltzen dute, zer islatzen dute? Inork ez du zalantzan jartzen Tiempo de Silencioirakurri behar izatea Gaztelera irakasgaian, eta nobela horren egitura apurtuan barna ikaslea lagundu behar izatea. Aldiz, euskaraz, Berasategik salatu bezala, liburu errazak gomendatzen dira, eta, uste dut testu liburuetan ageri diren lau orokorkeriatara mugatzen dela euskal literaturaren ezagutza, hizkuntzarekiko atxikimendua sustatze aldera, dena erraz bidean emanik.

Susmoa dut filologoak, irakasleak —barkatu, faborez— ez direla seguru sentitzen literaturarekin, eta ondorioz, hizkuntza irakastera jotzen dutela, gramatika, alegia, eta gramatikarekin hizkuntza zuzena. Zertan ematen dira euskarazko orduak? Oraindik ere, beldur naiz, hiztegia buruz ikasten, hoberenera, baldintza taulak irakasten, txarrenera.

Ematen dit euskarazko irakasleak errazago moldatzen direla hizkuntzaren ñabardurekin literaturaren gorabehera konplexuagoekin baino, lehenengoak liburua jarraitu eta gramatikaren segurtasuna bermatzen duelako; bigarrenak, gogoeta pertsonala, ikasketa, sinboloen maneiatze zaila, hizkuntzaren funtzio estetikoaren gaineko gogoeta eskatzen duelako. Errazagoa da ikasleak baldintza taulen mekanika ergelean garraiatzea ezen Haur besoetakoa-ren sinbolo sasitegi eta hizkuntza estetizatu horren zailtasunetan baino.

Norbaitek argudiatuko balit ez dagoela nobela horren eskolarako gida erabilgarririk, arrazoia eman beharko nioke, eskolari oraindik falta baitzaizkio ikasleen mailarako gidak, irakaslearen lana erraztuko dutenak. Zentzu horretan, eskertzekoak dira duela urte batzuetako Manual Literaturazkoa eskuliburu hura eta EIBZa, Nafarroako irakasleen formaziorako ikastetxea, kanon bat osatu eta ikasgeletaraino jaisteko egiten ari den ahalegina.

Nekez lortuko dugu, Rikardo Arregik iaz Hirudia saileko artikulu batean iradoki bezala, hizkuntzarekiko atxikimendua hizkuntzaren funtzio estetiko konpartitua alde batera uzten badugu, mundua beste leku batetik irakasten dizuten liburu eta testuak betiko gelditzen baitira eta taldea osatzen laguntzen baitute. Oraindik ere, eskola Ilustrazioaren baloreak sortu, transmititu eta eraikitzeko tresna dela sinesten badugu, nazioaren ala kulturaren indartzea barne, eskoletan Euskal Literatura irakatsi behar da, ikasleek jakin behar dute nor zen eta zer idatzi zuen Lizardik, Mirandek ala Txillardegik, gezurrik gabe, beste nazio batzuen ibilbidearekin konparatuz.

Orain, batuaren sorrera ospatzen ari garen 50. urteurren honetan, harrigarria da euskaldunok egin dugun bidaia, baina hori bezain harrigarria da hizkuntza eta eskola txirikordatzean egin dugun hutsa, are gehiago hezkuntza makineriaren tamaina kontuan hartzen bada. Aditzaren zorioneko taula horrek eta zuzenkeriak (onar iezadazue neologismoa) hizkuntzarekiko fetitxismoa baino ez du adierazten, eta fetitxeak, badakigu, beste zerbait ordezkatzen duten objektuak dira, hizkuntzaren egoera agonikoa, kasu honetan; Haur besoetakoa-k, aldiz, hizkuntzaren bidez, mundu ikuskera ezezagun bat erakuts diezaioke ikasleari, bizitzaren zati bat, gogoan iltzatuko zaiona. Eta talde bateko partaide egin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude